Erosketa zerrendan litro bat euri edota hosto leun eta zapalak. Egin beharrekoen artean merkatura joatea udaberriaren bila. Gogoratu beharrekoa da adaxka metaketa ez dela beti habia izaten. Amatasunetik planteatu du Leire Bilbao ondarrutarrak bere azken liburua, ez amatasunaz, baizik eta amatasunetik: "Bizi dudan lurralde berri horretatik".

Etxeko urak dakar, helduentzako hirugarren poema liburua. Bere herriko esamolde batek egiten dio aurkezpena liburuari: "Etxeko urak dira etxe bateko jarioa, egiteko moduak edo izateko moduak". Eta urak bezala, jarioarekin idatzi du liburua. Bilbaok berak azaldu duenez, lau atal ditu: Lehenengo atala da Urak bota, erditze bat. Bigarrena Listua. Hau da, hizkuntza berri bat egiten dela. Hirugarrena da Marea, noiz konturatzen garen gu bezala beste hainbat ama daudela. Bat-batean sortzen den konplizitate sarea. Laugarren atalak Harraska du izenburu; kontu domestikoak jausten diren, edo zikinak jausten diren uretatik behera, leku horretan atera gura izan dut zaintzaren gaia.

Jaiotza batekin hasten da liburua, erditze bat. Baina erditzea, kasu honetan, modu gordinean kontatzen da, bere lorrintasunarekin. "Ume bat jaiotzen denean erakusten da manta zuri batean, garbi eta polit. Baina ama izan direnek, eta aitek ere, badakite lorrintasun, zikintasun hori badagoela. Dena da odol, dena da kalostro, dena da zikin, dena da goitik beherakoa, dena da haragi... haragi egin berri bat. Badirudi amatasunaren alde zikinena ezkutatu egin nahi dela, baina zikinak ez du ezer txarrik", azaldu du Bilbaok. Bere azken lanak edertasunetik eta zikintasunetik, bietatik baduela onartu du. Zikintasunaren edertasunaren gorazarrea egitea zen asmoa.

Askoren ahotsa

Hala ere, etxeko urek gehiago ere erakusten dute. "Azken finean, ume bat mundura ekartzen denean ama bat ere sortzen da", eta erditzean hizkuntza berri bat sortzen da. "Jaiotzeko mundu oso bat hautsi behar da", dio poema liburuaren pasarte batek, eta Bilbaok azaldu du ama izatean hiru letra bihurtzen dela pertsona hori: ama, atzekoz aurrera ere berdin irakurtzen dena. "Momentu horretan eta ume horrekiko hiru letra bihurtzen zara, eta hark ez du ulertzen zu bere ama izan aurretik zer zinen. Hor hautsi egiten da dena".

Hizkuntza berri bat da ama izatean ikasi beharrekoa, eta zaintzaren lerroak ere aldatu egiten dira. Hori islatzeko tartea ere hartu du Bilbaok lan berri honetan. Tribua aipatzen du, ingurukoak: bikotea, gurasoak, bikotearen gurasoak, inguruko bizilagunak, lagunak... "Badago tribu bat, eta ohartzen zara zure burua zaintzetik, pasatzen zarela gauza txiki bat zaintzera". Momentu horretan har-tzen du garrantzia tribu horrek; "horregatik agertzen dira poemetan ama, amaginarreba, amama eta abarrak".

Eta beste hainbat emakume. Idazle izandako emakumeak. Umea izatean hartu zuen Bilbaorentzat zentzua hainbestetan entzundako esaldi batek: "niri hau ez didate kontatu". Eta haurrarekin batera, beste hainbat galdera ere jaio ziren. "Liburuetara jo nuen, bularra nola eman edo ama ona nola izan jakin asmoz, baina ez zitzaidan lagungarri izan".

Fikzioan, eta beste emakume idazle batzuek sortutako lanetan irakurri zituen galderen erantzun batzuk; "behintzat konplizitatea aurkitu nuen". Gaur egun amatasunari buruz gehiago idazten dela onartu arren, agian ez da nahikoa egiten. Dena den, Bilbaok keinu egin die ama izan diren poeta eta idazleei, eta fikziora ekarri ditu, bere etxeko uretara. Jane Lazarre, Tillie Olsen, Adrienne Riche, Simone de Beauvoir edota Sylvia Plath dira irakurleak ikusiko dituen izen batzuk. "Ama izan aurretik irakurri nituenean beste modu batetara interpretatu nituen". Eta orain, literatura egiteko sortu duen "ni" fiktizio horren bitartez, hainbat ahots bildu dituela esan du ondarrutarrak, ama askoren ahotsa.

Ama izatea eta ordena soziala

Ama askoren ahotsa, ama izan direnena. Baina ama izan nahi ez duten horiek ere badute lekua etxeko uretan. Gutxi idatzi da horiei buruz, eta gizartearen tabu hori planteatu nahi izan du Bilbaok. Nola izan disidentea, espeziearen jarraipena eta ordena soziala mantentzea bilakatu denean zure egunerokotasuneko lana? Izugarrizko zama, eta kritikatik ere badu zerbait. "Espeziearen jarraipena dira amak, hori da beraien lana, katebegi bat bihurtzea lantegi honetan. Azken finean, guk produzitu egiten dugu jendea. Betebehar hori jar-tzen dizute eta, nola joan horren kontra?" da Bilbaok planteatzen duena. Hala ere, azaldu du liburua ez dela salaketa bat: "Baditu pozak, eta baditu minak. Biak ditu". Azkenean, maitasunaren edertasuna beste nolabaitekoa adieraztea zen egilearen xehea. Eta hori guzti hori modu irakurterrazean egin du.

Hainbat baliabide erabili ditu: elementu metaforikoak, naturari eta itsasoari erreferentzia egiten dietenak, Mikel Laboa, Hertzainak edo Delirium Tremensen abestien pasarteak, bertsoak, erosketa zerrenda bitxia... Amatasunetik amatasunaren irudi ezberdin bat emateko, atrebentzia osoz. Eta ironiarekin ixten du liburua: "Ikasiko duzu zure buruari ezetz esaten".