Rueda. Abizena hartu du disko berriaren izenburu gisa Rafa Rueda musikariak. Bakarkako seigarren lan luzea argitaratu berri du, eta mugarri bat da bere ibilbidean. Lan minimalista da Rueda; gitarra, ahotsa, elektronika eta literatura uztartzen dituen zortzi kantuko diskoa. "Kontent" dago artista bere azken lanaren emaitzarekin, gauzak ongi egin izanaren sentsazioarekin gelditu baita. Oro har, entzuleak ere gustura daude musikari mungiarraren proposamen berriarekin.

Inoiz egin duen lanik "soilena" da, Ruedaren hitzetan. "Aurreko diskoetan baino biluziago ager-tzen naiz", zehaztu du. Izan ere, normalean talde baten babesean argitaratu du musika Ruedak, baina aspalditik zebilen gitarran eta ahotsean oinarritutako lan bat egin nahian. Gauzak horrela, Rueda diskoarekin apustu hori egitea erabaki du. Ahotsari eta gitarrari elektronika gehitu die, eta orain arte ez bezalako hautu estetiko bat egin du artistak. "Betidanik izan dut esperimentaziorako zaletasuna", adierazi du Ruedak, eta argitaratu berri duen diskoa horren erakusle da.

Elementuen aldetik dagoen soiltasuna dela eta, musikariak azaldu duenez, ñabardurak askoz ere nabariago gelditzen dira. Ondorioz, abestiak beste planteamendu batekin egin behar izan dituela adierazi du. "Hain elementu gutxi izanda, daukazun guztiarekin jokatu behar duzu, eta, ondorioz, ahotsak pisu handia du", azpimarratu du. Ruedaren ahotsa ez ezik, beste artista batzuena ere badago diskoan. Bilboko Koral Elkarteko Euskeria abesbatzaren kolaborazioa izan du bost abestitan. 30 lagunek osatzen dute talde hori, eta, Ruedak azaldu duenez, emanaldiren bat elkarrekin eskaintzea gustatuko litzaieke. Hori dela eta, kontzerturen bat batera emateko aukera aztertzen ari dira.

Hitzen garrantzia

Kantuen letrek badute garrantzia Ruedaren lanetan, eta disko berrian ere, arreta berezia eskaini dio alor horri: "Kantu bat egitean bi espresio mota ditugu; musikala eta idatzia, eta bietan ahalik eta lan onena egiten saiatzen naiz". Hainbat idazleren testuekin osatu du diskoa; besteak, Inge Muller, Joseba Sarrionandia, Iñigo Astiz, Audre Lorde, Mari Luz Esteban, Josu Goikoetxea eta Elena Olabe idazleen hitzak musikatu ditu Ruedak. "Gehienak lagunak diren arren, orain arte ez da suertatu euren testuak musikatzeko aukera", adierazi du artistak. Hala ere, nabarmendu du kasu honetan ere ez dela bilatua izan: "Azken boladan irakurri ditudan testuen bilduma osatu dut; islatuta ikusi naiz hitz horietan, eta horregatik hautatu ditut". Kasu gehienetan, testuak hartu eta musikatu egin ditu, baina Astiz eta Olaberekin, esaterako, alderantziz egin du; lehenengo musika konposatu eta gero letrak idatzi.

Ruedak literaturazaletzat du bere burua, eta idatzi izan ditu abestietarako letrak. Hala ere, aitortu du gero eta gehiago kostatzen zaiola lan horretan jardutea. "Nabari dut beste batzuen lumatik askoz ere hobeto islatzen dela sentitzen dudana edo adierazi nahiko nukeena", nabarmendu du. Beste artista batzuen maila ere azpimarratu du: "Hain idazle onak ditugu gure artean, ezen gero eta lotsa handiago ematen didan nire testuak idazteak".

Dena den, oraingoa ez da Rueda beste sortzaile batzuekin lanean aritu den lehen aldia. 2003an bakarkako ibilbidea hasi zuenetik, harreman estua izan du literaturarekin. Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverderekin batera, adibidez, Zaharregia, txikiegia agian eta Jainko txiki eta jostalari hura argitaratu zituen. Beste hainbat artistarekin elkarlanean, Estepan Urkiaga Lauaxetaren poemekin osatutako Ehungarrenean hamaika diskoa osatu zuen. Horrez gain, Omar Nabarro poetarekin bi ahotsetara sortutako Haragizkoa kaleratu zuen, eta Gabriel Arestiren eta Joseba Sarrionandiaren poemekin ere aritu izan da lanean.

Bidean ikasiz

Ia bi hamarkada daramatza Ruedak bakarlari moduan, eta igarri du estilistikoki izan duela aldaketa bat. "Diskoetan argi ikusi daiteke zer bide egin dudan", azaldu du. Pertsonalki, ordea, ez du uste hainbeste aldatu denik. "Ni pertsona bera naiz, kilometro asko ditut hanketan, eta nire helburua beti izan da ibiltzen jarraitzea, emandako pausoetatik ikasiz".

Rueda diskoaren grabaketa lanak uztaila eta urria bitartean egin dituzte Bilboko El Tigre estudioetan. Musikariak azaldu duenez, grabazioa ez da aurreko lanetan bezalakoa izan, bi pertsonen artean egin baitute: Jon Aguirrezabalagarekin aritu da lanean, bestelako musikaririk izan gabe -Euskeria abesbatzako kideak salbu-. Ruedak ahotsa eta gitarra landu ditu, batez ere, eta Aguirrezabalaga elektronikarekin aritu da, besteak beste. "Nahiko etxeko giroan egindako lana da, eta oso erraza izan da aurrera eramatea", adierazi du.

Behin diskoa argitaratuta, zuzenekoak eskaintzeko asmoa du Ruedak, betiere pandemiaren bilakaerak ahalbidetzen badu. Dena ondo bidean, urtarrilaren 14an, Lezon, emango du diskoaren aurkezpen birako lehen kon-tzertua. Otsaila eta martxoa aldean emanaldi gehiago eskain-tzea aurreikusten dute, maiztasun handiagoarekin.