Ipuin eta poema modernoak bildu ditu antologia banatan Alai argitaletxeak, Hautak sailaren baitan. Hain zuzen, kezka batetik abiatu zen antologiak osatzeko ideia: ikasle zenbaitek urruneko sentitzen dute euskal literatura, eta eskoletan ere nahikoa bazterrean gelditzen da. Horri irtenbide bat eman asmoz, argitaletxeak bilduma bana osatzeko aukera jarri zuen mahai gainean. Horretarako, Juanjo Olasagarrekin eta Ibon Egañarekin jarri zen harremanetan. Lehenak, 1951 eta 2019 arteko poemen bilduma bat osatu du, eta bigarrenak, berriz, 1963 eta 2018 bitarteko ipuinak jaso ditu.

Olasagarrek bota du lehen harria: "Ez dakit gazteei edo ikasleei zein puntutara arte interesatzen zaien literatura, baina uste dut eskolaren egiteko bat dela zaletzen saiatzea, besteak beste". Egañaren arabera, eskoletan euskal literatura ez da asko lantzen, hala nola Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan. Hala ere, pauso bat harago joan nahi izan du: "Uste dut kezka orokorragoa dela, euskal kulturaren transmisioarekin ere lotu daitekeena: euskal kulturan, eta kasu honetan, literaturan, esanguratsuak izan daitezkeen obrak eta autoreak, beharbada, ez dira iristen belaunaldi berrietara".

poetak baino, poemak

Poetak baino, poemak jaso nahi izan dituela aitortu du Olasagarrek. Hala, 60 poema inguru batu ditu Bideko hi-tza. Euskal poema modernoen antologia (1951-2019) bilduman. "Erreferentzia handiko poemak jaso nahi izan ditut, hasiera batean ulertzen eta transmititzen errazak direnak; gerora, ustez ikasle horiek zaletuko direlakoan, poema zailagoak aurkituko dituzte". Haren iritziz, lehenbizi, testutik, poematik abiatu behar da, norbere buruari galderak egin behar zaizkio eta behin jasota dagoena ulertu ostean, osagarri literarioetara jo dezake irakurleak.

Hain zuzen, mende erdi baino gehiagoan jasotako poemak bildu ditu egileak, zehazki, azken 68 urteotan ida-tzitakoak. Hautaketa bat egin behar izan du, eta azaldu du, horretarako, irakurritakoaren errepasoa egin duela: "Beharbada, azken urteetako obra guztiak ez ditut irakurrita, eta begiratu behar izan ditut, baina 1980ko hamarkadatik 2000. urtera arteko lan ugari nituen irakurrita; poema horiek gogoratzea, begiratzea eta ingurua arakatzea izan da egindako lana". Aitortu du poesia irakurlea dela, eta, beraz, hein batean, hautaketa lana lehendik ere egina zegoela.

Ondu duen bildumarekin gazteak poesiara zaletzeko eta hurbiltzeko nahia du Olasagarrek, eta hori izan da lana osatzerakoan gogoan izan duen helburu nagusienetariko bat: "Gustatuko litzaidake gogoko dudan hori ikasleei transmititzea, eta haiek, bereziki, poesia irakurtzea, bizitzaren bidean oso lagungarria suerta daitekeelako". Horregatik hautatu du titulutzat Bideko hitza. Egilearen ustez, geltoki batean hiru orduz itxaro behar izanez gero, bidaia lagun "zoragarria" izan daiteke liburu bat, poesia bera. "Irakurtzen igaro daiteke denbora hori, aspertu gabe eta triste jarri gabe; iruditzen zait hitzek momentu horretan bizitzen lagun-tzen dutela".

memoria ariketa

Eskuko ekipajea. Euskal ipuin modernoen antologia (1963-2018) bilduma osatu du Egañak, eta, guztira, 25 idazleren ipuin banaz osatu du. "Nire asmoa izan da edozein irakurlerentzat euskal ipuingintza garaikideak eman duen horren lagin txiki bat jasotzea. Horregatik saiatu naiz estilo, garai, idazle, belaunaldi, jatorri edo joera estetiko ezberdinetako idazleak sartzen bilduman". Hein batean, hautatutako "ipuin gutxien artean espektro zabal bat" eskaintzeko nahia izan du idazleak, eta horien artean "oreka bat" bilatu ahal izateko irizpide sorta bat ezarri zuen. Hautaketa egiteko, aitortu du "memoria ariketa bat" egin behar izan duela, Olasagarrek poemekin bezala, hainbat ipuin baitzituen aurrez irakurriak. Ipuin jakin batzuk hasieratik bilduman txertatzea erabaki zuen, "antologikoak" iruditzen zitzaizkiolako. Hala ere, erantsi du gustu pertsonalaz harago, saiatu dela "adierazgarria" den aukeraketa bat egiten.

Bilduma lau ataletan antolatu du egileak: Larruak, Bizitzak, Begiak eta Piztiak. "Lagun batek esan zidan antologiak ordena kronologiko batean irakurtzea nekezagoa izan daitekeela, testu zaharrenak urrutiago gelditzen zaizkigulako". Egañak, liburua, ipuinen kutxa bat izan baino, irakurgarri izateko nahia zuen, testu horiek nolabaiteko lotura izatekoa, liburua hasi eta buka egitekoa. Beraz, ordena kronologikoa bazter utzi eta atalak sortzeko erabakia hartu zuen. "Jolas moduan planteatu dut; ea zer gertatzen den 1980ko hamarkadako ipuin bat eta 2010eko bat elkarren segidan irakurri ostean, ea loturak dauden edo ez".

Egañarentzat ekipaje baten ideiak ongi adierazten du ipuin bat zer den, eta horretarako Harkaitz Cano idazlearen esana ekarri du gogora: "Hark behin esan zuen nobelagileari maleta bat egiteko esan, eta mudantza bat antolatzen duela, eta ipuingileak, berriz, doi-doi aukera-tzen duela zer sartu". Liburuaren egilearen ustez, ipuin batean "justukoa" sartu behar da, eta "zehatza eta trinkoa" izan behar da. Horregatik erabaki zuen tituluaren lehen partean Eskuko ekipajea jartzea. Are, antologia hau bidaia bat egiteko gonbidapen gisa ulertzeko nahia ere badu.