Bizitza eta heriotza, ibai beraren bi ertzetan

Bere lehenengo liburua argitaratu berri du Oihane Amantegi Uriartek 'Ibaiertzeko ipuina'. AEBtako hegoaldean kokatuta dago kontakizuna, eta bizitza eta heriotzari buruzko gogoeta egiten du, haur baten ikuspegitik

23.06.2020 | 21:51
Oihane Amantegi idazleak lehen nobela argitaratu du.

Antropologoa ikasketaz, ikerkuntzan eta itzulpengintzan aritu da azken urtetan Oihane Amantegi (Amorebieta-Etxano, 1985), euskarari eta kulturari lotutako esparruetan. Gaitasun edo fazeta horiei beste bat gehitu, eta idazle lanetan estreinatu berri da orain gutxi. Dioenez, gainera, etorkizunari begira ere, lan honekin egin duen bezala, bere burua idazketara "abandonatzea" gustatuko litzaioke, eta hortik zer sor daitekeen ikustea: "Esateko zerbait izanez gero, hari leku egin eta intuizioari bidea irekiz lan egitea gustatuko litzaidake".

2020ko ekainean argitaratu du idazleak Ibaiertzeko ipuina izeneko nobela, Elkar argitaletxearen babesean. Kontakizuna osatu eta plazaratu ahal izateko, bestalde, urte ba-tzuk behar izan ditu Amantegik, azaldu duenaren arabera.

Orain dela sei bat urte bururatu zitzaion eleberri hau osatzea. Bere lehenengo liburua izango zena idazteko lehen hariei tiraka hasi zen orduan idazlea, kontatzen duenez, inolako egitura zehatz eta ildo argirik gabe, intuizioari segika: "Bazen, orduan, ezkutu antzean zebilen ideia bat, bizipen bat, galera antzeko bat, baina ez nekien zer zen. Hari lotuta hasi nintzen lehen lerroekin".

Aurreneko berba horietatik denbora pasa da jadanik. Dena dela, prozesua oso modu inkontzientean hasi zuela esan du Amantegik, eta idazkera automatikoari bide eman ziola hasieratik. Gai eta sentsazioei forma emateko bere denbora behar izan du, baina dioenez, denbora behar dute, oro har, gauzek. Sei urte beranduago, hitzak lotu eta argitaratu du ehun orrialdeko liburua, "ipuin luze bat, edo nobela labur bat", bere hitzetan.

HERIOTZAK UTZITAKO MINA

Idazleak dioenez, fikziozko lan bat da bere liburua, bere baliabideekin sortu duena. Ibai baten ertz bietan gertatzen diren istorioak aztertzen ditu, eta heriotza da gai nagusia, galera bat, idazleak haur baten ikuskeratik kontatu duena. Azaldu duenez, hortaz, galerari buruzko gogoeta bat da bere lana: "Heriotzak uzten duen minari buruzkoa; gorazarrea herio-tzak uzten dituen orbainei". Dena den, heriotza horri forma eta muina emateko, beste azpigai batzuk ere agertzen dira liburuan zehar, naturarekiko harremana, besteak beste.

Irakurle posibleei dagokienez, helduentzako literatura gisa argitaratu da nobela, baina abaniko zabala duela dio idazleak: "Heriotzari buruzko kontakizun sinboliko bat irakurtzeko gogoa duen edonori zuzenduta dago".

Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldeko bazter galdu batean kokatuta dago, zehazten ez den garai ia mitiko batean. Ochlockonee izeneko ibaiaren ertzetan bizi den jendea azalduko da Amantegik idatzitako kontakizunean, besteak beste, eztia biltzen duten nekazari zuri pobreak, ibaian bainatzen diren andre beltz mardulak, eta, esan bezala, mundua bere magia guztian deskubritzen duen haurraren begiak, bizitzari nahiz heriotzari begira.

Haur hori izango da, hain zuzen ere, liburuko pertsonaia nagusia: "Bere inozentzia da ezaugarri gailena; mundua deskubritzen ari da, abentura zaio bizitza haurrari, aurreiritzirik gabeko begiradaren jabe da, mundua eta gertatzen zaiona deskubritu eta azaldu nahi ditu, ireki egiten da bizitzan tokatzen zaizkionetara". Izan ere, hasieratik konturatu ez bazen ere, haur baten ikuskera kritiko eta eraldatzailea da Amantegikbere lanean azpimarratu nahi izan duena. Bere nahiaz ohartu zenean, esan daiteke horra bideratu zituela bere esfortzu eta tresnak.

AURREIRITZI GABEKO BEGIRADA

Azaldutakoaren arabera, orain gutxi Antoni Aguiló filosofoak idatzitako artikulu bat irakurri zuen idazleak prentsan. Dioenez, bertan jasotzen ziren, besteak beste, Henri Matissefrantziar margolari, inprimatzaile eta delineatzaileak haurren ikuspuntuari buruz egindako ohar batzuk: "Haurrena, neurri handi batean, aurreiritzirik gabeko begirada dela esaten zuen, non kuriositatea eta misterioa nahasten diren, mundua esploratu eta ezagutzearen poztasuna. Ikusi, sentitu eta jarduteko ohiko moduak desikasteko bidea ematen duela, beste esanahi batzuk emateko". Amantegik dioenez, modu batera edo bestera, berba horiek errebindikatzen saiatu da Ibaiertzeko ipuina bere lehenengo liburuaren bitartez.