Kaleko Urdangak musika taldeak Kaleak sutan diskoa kaleratu du. Hiru abestik osatzen dute lana, eta kaleak sutan jartzeko aldarria izan dute gogoan. Diskoaren azalean ere ideia bera islatu nahi izan dute. Taldeak hamarkada bat beteko du datorren urtean, eta taldekideek adierazi dute zerbait berezia egiteko asmoa dutela. Gainera, pandemiaren ondorioz, bertan behera gelditu dira udarako antolatuta zituzten zenbait kontzertu; beraz, azaldu dute abesti berriak sortzen dabiltzala. Datozen hilabeteei dagokienean, ez dute ezer zehatzik mahai gainean.

Ekainaren 1ean kaleratu zuen lau kidez osatutako taldeak EP berria, baina maiatzaren 29an eskaini zuten streaming bidezko lehen kontzertua Donostiako Doka antzokian. Asier Kortabarria 'Moto' taldeko kideak azaldu duenez, esperientzia "arraro" samarra izan zen, baina baita polita ere. "Jende dezentek ikusi zuen kontzertua zuzenean, eta bideoa ere sarean dago ikusi nahi duenarentzako". Lanak izan duen erantzunarekin ere gustura daudela aitortu du. Hain zuzen, 300 kopiako edizio bat atera zuten argitara eta Tough Ain't Enough Records diskoetxeak jada kopiarik ez duela nabarmendu du Kortabarriak. Beraz, kopia gehiago atera-tzea ari dira pentsatzen.

KANTEN BIDEZ, MEZUAK

Diskoa hiru abestiz osatuta dago eta haietako bakoitzarekin mezu bat zabaldu edo istorio bat kontatu nahi izan du taldeak. Kaleak sutan abestiak zabaltzen du lana. Kortabarriaren arabera, azken urteotan borroka zehatz batzuek gorakada handia izan dute, hala nola feminismoak, baina badira indarra galdu duten batzuk ere. "Nazio askapen mugimenduan, esaterako, mobilizazio baten hutsunea dagoela uste dugu, eta baita batasun falta bat ere alderdien, erakundeen eta mugimenduen artean". Azaldu du musika talde bat direla eta ez eragile politiko bat, baina "hauspo lana" egin nahi izan dutela jendea kalera irteteko eta eskubideen alde borrokatzera animatzeko.

Bigarren abestia Zipaio da. Taldeko kideak adierazi duenez, talde pila batek abestu dute Euskal Herrian poliziaren aurka, eta hau ere multzo bereko kanta bat da. Adierazi du egun geroz eta normalizatuago dagoela gizartean eta gazterian er-tzain sartzea, eta egoera hori "larria" iruditzen zaiela. "Ertzaintza boterearen, kapitalisten eta zapaltzen gaituzten estatuen apendize bat gehiago da", esan du Kortabarriak. Are gehiago, nabarmendu dute Er-tzaintzan sartzeak bere balioak defendatzea dakarrela; "etxegabe-tzeak praktikan jartzea" eta "borrokan ari den jendearen aurka errepresioa baliatzea", adibidez.

Hirugarren eta azken kanta Boga-boga da. Kortabarriak azaldu du kostaldeko jendeari egindako omenaldi bat dela, kutsu ez horren aldarrikatzailea duena beste bi abestiekin alderatuta. "Itsasoan lan egin duten eta egiten ari diren gizon- emakumeei egindako omenaldi bat da, eta horretarako istorio bat sortu dugu aspaldiko garaietan euskaldunek Ternuara egiten zituzten bidaiak oinarri hartuta". Hiru abestiak diskoaren azalean daude islatuta, eta Markel Urrutia Smoke Signals estudioko arduradunak eginikoa da.

HAMARGARREN URTEURRENA

Bergarako (Gipuzkoa) gaztetxean dagoen Txapa irratiko Kaleko mobida irratsaioa dago taldearen hastapenetan; punk-oi musikaren inguruko saio bat da. Taldeko bi kide bertan aritzen ziren kolaboratzaile edo kide gisa. Irratsaioaren ostean entsegu batzuk egiten hasi ziren, eta esperimentazioak bide berriak ireki zituen. Taldea sortu eta urtebetera, 2012an, kaleratu zuten lehen diskoa Eman bai! titulupean. Kontzertuak eskaintzen eta abestiak sortzen aritu ziren, baina 2015ean etenaldi bat egin zuten 2017ra arte. Urte horretako irailean itzuli ziren oholtza gainera abeslari berri batekin, eta horrekin batera etorri ziren lan berriak ere; horien artean, Nortasuna diskoa. "Egungo Kaleko Urdangak taldearen oinarria izan daitekeen lana da", gehitu du taldeko kideak.

Nazioartean aritzekoa asmoa zuten uda honetan; adibidez, Ingalaterrako Rebellion Festibal jaialdian kon-tzertu bat ematekoak ziren, baina bertan behera gelditu da. Kortabarriaren arabera, pandemia honek dena "zaborretara bota" arren, taldea saiatu da ahalik eta normaltasun handienarekin ulertzen egoera; beraz, indarrak taldearen urteurrenean kaleratu nahi duten disko berrian jarri dituzte. Bien bitartean, ez dute plan zehatzik. Adierazi du azken hilabeteetan sortu diren formula berriak aukera onak direla epe motzera begira, baina uste du musikarien lekua zuzenekoetan dagoela.