Titulua: 'Antologia', Egilea: Forugh Farrokhzad, Argitaletxea: Munduko Poesia Kaierak, Susa, 2020

Mendebaldeko haizeek jotzen duten lekuan, ekialdeko haizeek jotzen duten lekuan, munduaren erdigune apartatu hartakoak, Pertsiakoak, dira maite ditugun hainbat ahots. Rudaki, edo Ferdosi. "Hogeita hamar urteoten asko sufritu dut/ irango jendea berpiztu dut, persierarekin/ Hau eta gero ezin hil naiz, bizirik bainago/ hitzaren hazia zabaldu dudanez". Konfidantza itzela erakusten dute poeta pertsek, Irango poetek, euren hizkuntzaren baliabideekiko, euren berbakunearen lirismoak berezkoa dirudi. Omar Jayyam, edo Attar. "Utzi ikus dadila bihotzeko ebakiondoa, zauri horiei esker ezagutzen baitira maitasunerantz doazenak".

Eta Miren Agur Meabek tradizio horretatik eta bi mila urtetan zehar Zetaren Bidetik zein portuetatik zein aireportuetatik iritsitako ahotsen antologia egin du Forugh Farrokhzad (Teheran, Iran, 1935-1967) itzulita. Beñat Sarasolak dio, aitzin solasean: "Gazterik hasi zen poesia idazten, hamahiru urterekin, eta gazterik ezkondu, hamasei urtekoa baino ez zela, eta bere aitaren borondatearen kontra -eta harengandik ihesi, biografoek diotenez-. Ordea, luze gabe dibortziatu zen, ezkondu eta bost urtera, bere lehen editore eta senarraren lagun Naser Khodayar-ekin maitemindu ondoren, besteak beste. Garai hartako lehen poemek kritikarien asaldura ekarri zuten, poeta emakumezko bat sexuaz eta desioaz gordinki eta lehen pertsonan idazten ikustearen arbuioagatik. Bost poema liburu argitaratu zituen (Gatibu, Horma, Matxinada, Beste jaio-tza bat, Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran), eta 1962an Etxea beltza da film dokumentala zuzendu zuen, Irango zinemagintzan aski goraipatua dena. Bizitza samin hori azkarregi joan zitzaion, hogeita hamabi urte zela hil baitzen auto istripu baten ondorioz". Testuinguru gogorrean hazitako printzak.

Forugh Farrokhzaden poesia, hala ere, ez da berdea, ez da presazkoa, sakona da lehen azaldu dugun hizkuntza persaren aztarna bezain: "Pinua bele-karranka zitalez gainezka./ Euriaren zeta lurrintsua dan-tzan berriz leihoetan.// Damutuko zara/ zure oinazeari kontra eginez gero./ Tristuraren lorea usaintzen ari zara,/ beste poema bat idazten hastear".

Banaketa, erbestea, laidoa, eta horien denen erdian batzuetan lore koloretsu bat, hara Farrokhzaden poesiaren indarra nondik datorren. Testuinguru gogorrean hazitako printzak dira. Patriarkatuaren estandarrak leherrarazi zituen koronelaren alaba izan zen, eta tradizioaren formalismotik poesia intimo publiko batera egin zuen salto, egundo lehenengoz Iranen, egundo lehenengoz emakume batek ateak ireki zituen hertsirik zeudenak: "Norbait etorriko da./ Norbait etorriko da./ Beste norbait,/ hobea den norbait,/ inoren antzik ez duen norbait,/ ez duena aitaren antzik,/ ez Ansiren, ez Yahyaren, ez amaren antzik".

Kontrakulturaren ikono bihurtu zuten mendebaldean, ekialdean ordea, arnasa hartzea bezain beharrezkoa eta naturala izan zen bere idazkera. Miren Agur Meabek ez dakit zelan lortu duen, baina lortu du idazleari entzutea itzultzaileari baino gehiago. Agian erraza delako Forugh Farrokhzaden oihuak bezala entzutea laztanak eta arnas-hotsa, agian errebelde izateko milaka urteko teknikak darabiltzalako, teknika horien artean dagoelarik blasfemia behar-beharrezko bat.

Salduenak Fikzioa

1. Aitaren etxea

Karmele Jaio. Elkar.

2. Miñan

A. Arzallus, I. Balde. Susa.

3. Etxeak eta hilobiak

Bernardo Atxaga. Pamiela.

4. Nobela errealista bat

Joxean Agirre. Elkar.

5. Zendabalitz

Erika Elizari. Elkar.

6. Basa

Miren Amuriza. Elkar.

Ez fikzioa

1. Atertu arte itxaron

Katixa Agirre. Elkar.

2. Orain hilak ditugu

Karmele Jaio. Elkar.

3. Lorea Gernika...

Koldo Izagirre. Susa.

4. Txoriak kolpeka

Bernardo Atxaga. Pamiela.

5. Harrian mezua

Alberto Ladron Arana. Elkar.

6. Iazko hezurrak

Unai Elorriaga. Susa.