Behar emozionalak eta sentimentalak azaleratzeko" sortu zuen Paule Bilbaok Arima proiektua 2018an. Pixkanaka, abestiak ontzen eta kideak batzen joan dira, power trio indartsua osatu arte. Gitarra distortsionatuekin eta ahots erreberberatuekin jolasten dute melodia sentimentalak eta etereoak lortzeko. "Arimaren kontzertu bat, txirrista shoegaze baten modukoa da; berezia, pertsonala eta sentimentala", dio taldearen promozio orriak. Metamorphosis da lan horren lehen emaitza, lau kantuz osaturiko EP bat. Bilbao kantuen konposatzaileak eman digu bere berri.

Nola hasi zenuen zure ibilbidea musikan?

Haurra nintzenean lau urtez aritu nintzen musika eskola batean solfeoa ikasten. Ostean, gitarra ikasi nuen leku berean beste hiru urtez. Etxean aitak bateria jotzen erakutsi zidan, baina orain ez dut asko jotzen. Gaur egun dakidan gehiena nire kabuz jotzen eta praktikatzen ikasi dut, egia esan. Bilboko Buenas Tardes, Comandante musika taldean aritu nintzen urtebetez eta gero jaio zen Arima.

Noiz sortu zen Arima?

Arima proiektuaren lehenengo abestia 2018an konposatu nuen. Nire kabuz sortu nuen eta Gontzali, nire aitari, eskatu nion bateriarekin laguntzeko. Hilabete batzuetan bion artean abestiak osatzen aritu ginen, 2019an Josu ezagutu nuen arte. Berak baxuarekin lagundu zigun abestiei azkenengo ukitua ematen.

Nola definitzen duzue zuen burua?

Shoegaze estiloaren barruan kokatu dezakegu, rock alternatiboa, post-rocka€ termino horien artean. 90eko hamarkadako musikarekin identifikatzen gara, gitarra distortsionatuak, ahots erreberberatuak... Musika nahiko sentimentala, azken finean.

Nondik dator 'Metamorphosis'?

Diskoak nire bizitzako etapa bat isla-tzen du, Donostiara ikastera etorri nintzenekoa. Niretzat izan zen garapen pertsonalaren ondorio da.

Oso proiektu pertsonala da, orduan?

Bai, prozesu hori nire musikan islatu nahi nuen, nire behar emozionalak eta sentimentalak modu ezberdin batean atera nahi nituen.

Lau kantak osatzen dute EP-a, nolakoak dira?

Abesti guztiak nahiko ilunak dira, melankolia kutsu bat daukate. Kanta batzuk arinagoak dira, baina guztiek fondo hori dute, pixka bat iluna. Diskoa sentimentala eta malenkoniatsua dela esango nuke, hala definituko nuke.

Non grabatu duzue?

Bonberenea Ekintzaken estudioan grabatu dugu Txapekin (Karlos Osinaga), Lisabö taldeko gitarra jotzailearekin. 2019ko abuztu amaieran egon ginen berarekin eta oso gustura aritu ginen. Hortik aurrera Bonberenearen zigiluarekin atera genuen diskoa eta lana aurkezteko pila bat kontzertu ematen egon gara.

Noiz hasi zineten birarekin?

Azaroan hasi ginen han eta hemen jotzen, Durangoko Azokan ere egon ginen, eta urtarrilean kontzertuen erritmoa azkartu genuen.

Osasun krisiarekin, baina amaitu ahal izan duzue bira hori?

Ez. Martxotik aurrera hainbat kontzertu genituen aurreikusita hainbat tokitan, Zumaian, Eibarren, Bilbon... Horiek guztiak atzeratu behar izan ditugu eta ez dakigu noiz arte. Momentuz dena dago airean, baina, hala ere, gure asmoa ahal denean kontzertu horiek ematea da.

Nolakoak dira zuen zuzeneko emanaldiak?

Nahiz eta power trio bat izan, kontzertuak nahiko indartsuak izaten dira, edo hori esaten digute entzuleek. Jotzen dugunean gure asmoa hori da, abestiak sortzerakoan genituen emozio horiek entzuleei transmititzea, nolabait gure arimak ateratzea.

Non entzun daiteke 'Metamorphosis'?

Streaming plataforma guztietan dago: Spotify, Bandcamp, Youtube, iTunes... Eta diskoa gure kontzertuetan egongo da eskuragarri, ahal denean, noski. Online ere erosi daiteke, Bonberenearen webgunean. 10 pulgadako biniloa eta CDa atera ditugu, eta biak batera bidaltzen dituzte etxera.

Zer dela eta ausartu zineten biniloarekin?

Alde batetik, soinuagatik, ematen duen soinu epela ez da inondik inora CDaren antzekoa. Eta beste aldetik, estetikoki eleganteagoa delako. Biniloa bueltatu egin dela esango nuke, musika asko entzuten dugunon artean, batez ere.

Pozik geratu zarete egindako lanarekin?

Bai, oso pozik. Lau abesti ditu (Kale grisak, Mugak, Non zaude? eta Beso(ak)) eta, oso luzea ez den arren, oso pozik geratu gara.

Zein izango da hurrengo pausoa?

Asmoa da aurten konposatzen jarraitzea eta urte amaieran beste EP bat ateratzea abesti berriekin. Egoera berezi hau medio, ikusiko dugu zelan joango den urtea, baina gu abestiak konposatzen gabiltza.

Taula gainera itzultzeko gogoz egongo zarete, ezta?

Bai, itzelezko gogoz. Gainera, bira amaitu gabe utzi behar izan genuen eta zirkulua guztiz itxi gabe utzi izanaren sentsazioa daukagu. Horregatik, ahalik eta lasterren oholtzara bueltatzea gustatuko litzaiguke.