Soinu oro zapaltzen duen burrunba ikaragarria. Munduko ur tanta guztiak elkarri itsatsiak une berean goitik behera jausten. Aurpegia freska-tzen duen hezetasunez beteriko haize ufada. Naturaren handitasunaren adibide paregabea, zalantza barik. Loaren eta esnatzearen arteko mugan nabil jolasean, atzean utzi dugun Iguazuko ur-jauzien irudiak burutik kendu ezinik. Amets goxo askotan gertatu ohi den bezala, ahots zakar batek esnatu nau.

-Eneko, esnatu, ura gainera eror-tzen ari zaigula!

-Zenbat ur! Ikaragarria€

-Eneko! Dena blai dago, hemen ezin da egon!

-Normala blai egotea, halako ur jauzi paregabearekin€

-Eneko, ostia! Autobusean gaudela, eta ura gainera erortzen ari zaigula aire girotuaren zuloetatik!

Kolpetik, esna daudenen munduan azaldu naiz, gauaren erdian, bidaiariz lepo dagoen autobus bateko atzeko aulkietan, eta ur txorrota bat jausten ari da berez aire freskoa bota beharko lukeen zirrikituetatik. Gizakiaren hanka-sartzeen adibide paregabea, zalantza barik. Arrapaladan zutitu egin gara eta autobus osoan libre dagoen txoko bakarrean geratu gara, korridore erdian. Gidariarengana jo du nire bikoteak eta, bidaiari erdiak esnatu dituen oihu eta madarikazio ba-tzuen ostean, Iguazuko Deabruaren zintzurra baino beldur gehiago sorrarazten duen aurpegiarekin itzuli da.

-Ezin duela ezer egin eta halamoduz moldatu beharko garela.

Esan eta egin. Atzealdeko gortina guztiak errotik atera ditu eta ura ateratzen den zuloak bete ditu kolpeka. Ur jauzia eten egin da eta aurretik dauzkagun sei orduak ahal ditugun moduan igaro ditugu, hezetasunez inguraturik.

KULTURAREN HIRIA Bienvenidos a Salta jartzen duen kartela ikusi dugu autobus geltokian, baina ez gara oso ongietorriak sentitzen. Bezeroen arreta bulegoa dagoela ikusi dugu, eta bertara zuzendu gara gure frustrazio eta amorrazio guztiak askatzera. Umore txarra atzean utzi nahian, beso zabalik bota gara "la linda" ezizenez ezaguna den miloi erdiko hiri honetara. Kulturaren hiria dela diote eta hori egiaztatzeko, antzoki zahar bateko butaka batzuetan bota ditugu gure gorputz nekatuak. Argiak itzali, eta musika triste batek hasiera eman dio Argentinako Tango txapelketa nagusirako sailkapen ekitaldiari. Hasieran jarri dugun interesari logura gailendu zaionean, txatxan!, independentzia guda irudikatzen duten dantza folkloriko bizi ba-tzuek esnatu gaituzte.

Erdi-kuluxka kulturalaren ostean, traste guztiak kanpinean utzi eta Saltako kaleetan barna murgildu gara. Espainiako garai kolonialeko eraikin dezente mantentzen dira zutik, Kabildoa delarik guztietan garrantzitsuena, bere arkupe bikoitz eta fatxada txuriarekin. Tripa-zorria baretzeko, "salteñas" deituriko enpanadak eta arto irina eta haragi lehorrez eginiko "tamale"-ak ahoratu ditugu. Indarberrituta, museo batera joan gara. Soilik egongela batez osatua dagoen Guillermo "Pajarito" Velarde kulturgile bohemioaren etxe-museo ñimiñora, hain zuzen. Gela bakar batean, Argentinako XX. mendeko folklorearen berpizkundean giltzarri izan zen pertsonaia horren gorabeheren berri izan genuen, azalpenak gogo-tsu ematen zituen "gida-atezain-garbitzaile-museoko langile" bakarraren eskutik.

LUR MARGOTUA Hiritik haratago, Salta eta bere ingurua ezaguna da herrialde osoan, bertan pilatzen diren paisaia naturalen eta kultur ondarearen ondorioz. Guztietan esanguratsuena, iparraldeko Jujuy probintzian dagoen Quebrada de Humahuaca ingurunea da. Mendiz inguraturiko bailara misteriotsu hau, UNESCOren gizateriaren ondare izendatua dagoena, mendeetan zehar bertako eta kanpotik etorritakoen kultura aztarnak pilatzen joan da. Hau gutxi balitz, naturak bere arte esperimentazio tailer gisako bat garatu du bertan. Gure begien aurrean "Cerro de los 7 colores" (7 koloreen mendixka) ager-tzen ikusi dugunean, ortzadarrak lurra kolpatu eta haitzak margotu zituela iruditu zaigu.

Humahuaca, Andeetako goi-lautadarako sarrera naturaletako bat da. Bertako herritarrentzat, "che" eta "boludo", urruneko esamoldeak dira, izan ere, begi bistakoa da bertako jendearen sustraiak andinoak direla. Wiphala koloretsuak (Andeetako etnien bandera) eta azoketako koka hostoen salmentak hori berresten digute. Bertako lasaitasunak, lurraren kolore anitzak eta kaktus landare erraldoiek, azken hauen gerizpean egonean egoteko gogoa pizten digute.

Astebeteren ostean, Saltako ingurua atzean uzteko garaia iritsi zaigu. Goizeko seietan San Pedro de Atacamara doan autobuseko txartelak eskuan dauzkagu, eta puntual gaude geltokian. Autobusa ordubete atzeratuko dela esan digute. Bi ordu izango direla. Beste bi. Arratsaldeko 7etan irtengo garela azkenean, ziurrenik. Bezeroaren arreta bulegora itzuli gara marmarka. Bertako langileak irribarre batez agurtu gaitu, laguna dugu dagoeneko. Patuak hemen geratzea nahi duela esan digu. Oraingo honetan ez gara geratuko, baina ea noizbait itzultzeko aukera daukagun, hamaika gauza geratu baitira ikusteke. Hori bai, autobusean ez gara etorriko, hori ziur.