Azken hamar urteetan euskararen eta bere inguruan mugitzen denari buruz idatzitakoa, irakurritakoa eta hausnartutakoa antolatu, berriro interpretatu, osatu eta liburu bihurtu du Kike Amonarrizek (Tolosa, 1961). Euskararen bidegurutzetik (Elkar, 2019) da emaitza. Euskalgintzan hamarkadak daramatza lanean Amonarrizek: euskara elkarteetan, telebistan, teknikarien arloan, azterketa soziolinguistikoetan, komunikazioan... Gaur egun, euskara taldeen ekosisteman murgilduta dabil buru-belarri, izan ere, irailean izendatu zuten Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari.

Ibilbide luze horretan bildutakoa jaso du liburuan tolosarrak: "Lan dibulgatzailea da, edozein euskaltzalek irakurtzekoa. Nire bizipenak, hausnarketak eta irakurritako artikulu eta liburuetatik ateratako ondorioak modu arin eta entretenigarrian islatzen saiatu naiz", dio euskaltzaleak. Euskararen inguruan lortutakoaz eta lortzeko dagoenaz sakon aritu da liburuan Amonarriz eta etorkizun hurbilera begira hamarkada hauetan eskuratutakoa aurrerabide nola bihurtu ere aztertu du. Alegia, ezagutzan jarritako zimendua erabileran nola transformatu.

Euskararen bidegurutzetik€

Bidegurutzearen ideian ardaztu dut liburua, azken urteotako euskararen inguruko hausnarketen ondorio nagusienetako bat baita kontzeptu hori. Bidegurutze batera iritsita, aukerak ditugu hizkuntza normalizazioan gehiago sakontzeko, baina pausorik eman ezean, arriskua dugu Irlandako bidera hurbiltzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroa iparraldean, 25 urtez azpiko gazteen artean hizkuntzaren ezagutzaren ia unibertsalizaziora iritsi gara, bere muga guztiekin, noski. Iparraldean eta Nafarroako gainon-tzeko eremuetan ere, gero eta gehiago dira euskaraz ikasten duten eta euskaraz dakiten gazteak. Ezagutzaren unibertsalizaziora iritsi den belaunaldi honek urrats sendoak ematen baditu euskararen erabilerari dagokionez, Europan normalizatuta dauden maila ertaineko hizkuntzen norabidea hartuko du euskarak. Urratsik ematen ez badugu, ordea, belaunaldi honen seme-alabek ikusiko dute euren gurasoek euskaraz jakin bai, baina ez dutela erabiltzen. Hortaz, zertarako erabili? Irlandako Gaelikoaren egoera hori da.

Momentu giltzarri batean gaude, beraz.

Datozen hamar-hamabost urteetan jar gaitezke normalizazio bidean, edo atzeraka egin dezakegu. Hiru eratako faktoreek eraman gaituzte euskaldunok fase aldaketa honetara. Nazioarteko inertziak eta globalizazioak daude alde batetik, munduko hizkuntza guztiak ukitu eta baldintzatzen dituztenak. Teknologia eta komunikazio tresna berriek hizkun-tzak erabiltzeko eta horiekiko jarrerak aldatu dituzte mundu osoan, eta euskara ere aldaketa global horren erdian dago. Faktore sozio-politikoek ere eragin zuzena dute bizi dugun egoera honetan: erakundeen, euskalgintzaren eta bestelako eragileen arteko elkarlana posible dela ikusi dugu, eta elkarlan horri zukua atera behar zaio. Euskaraldia edo euskal komunikabideekin sinaturiko ituna dira adibiderik argienak. Euskalgintzak diskurtso inklusiboagoak ditu orain, eta beste zenbait mugimendurekin sintonia gehiago bilatzen ditu. Azkenik, hor daude aurretik aipatutako alderdi soziolinguistikoak.

Ezagutza gora doa, baina erabileran ez dira inertzia berdinak gertatzen.

Ikuspegi makro batetik helduta, hizkuntza hegemonikoen indarrak izugarrizko eragina du aipatzen duzun diskordantzia horretan. Inertziek hizkuntza hegemonikoen alde egiten dute beti, hemen eta baita munduko beste tokiguztietan ere. Horien izaera naturala da indarra egiten jarraitzea euren posizio linguistikoa handitzeko. Gurean, adibidez, oso nabarmena da hori ikus-entzunezkoen mailan. Azken urteetan ikaragarri ugaldu dira erdarazko eskaintzak eta ez da euskararen inguruko erregulaziorik ezta produkturik egin. Maila apal-apalean soilik. Horretaz gain, Estatu espainiarrean eta frantsesean gaztelera eta frantsesaren erabilera inposatzen duten arau dezente azaldu dira azkenengo urteetan eta hor inboluziorako bidea ikus daiteke.

Eta gurera ekarrita?

Maila mikroan, hizkuntzaren ezagutza hazi egin da, baina ezin dugu ahaztu euskaraz dakiten gazte gehienak familia erdaldunetan jaiotakoak direla eta ingurune erdaldunetan bizi direla. Horregatik, ezinbestekoa da, euskararen erabilera handitu nahi baldin badugu, aktibazio soziala bultzatzea eta bere erabilera posible izan dadin beharrezko baldintzak sortzea. Liburuan garrantzia berezia eskaini diet eskolan lantzen den ezagutzari jarraipena emateko ahaleginei. Alegia, eskolan egiten den lan handiari hezkuntza esparrutik kanpo ere sostengua ematea, eremu ez formalean eta lan munduan.

Hezkuntzak aldeko ekosistema behar du inguruan, ezta?

Gero eta gazte gehiago badira euskaraz dakitenak, haur eta gazteei zuzendutako eskain-tzak ere handiagoa izan beharko luke. Eskolak bakarrik ezin du. Kaleko euskara kantitatea hobetu ahal izango da, eskolatik kanpo erabilera esparruak bermatzen baldin baditugu: familia erdaldunetan seme-alabei euskarazko kultur kontsumoa bultzatzea lortzen badugu, edo beraiekin ikaste prozesua egiten badute; edo kirol jardueretan zein musika ikasketetan euskara erabiltzen baldin badute. Euskarazko filmak eta marrazki bizidunak kontsumitzen baldin badituzte edo euskarazko musika entzuten badute ere eskola barruko hizkuntza prozesu hori indartzea lortuko dugu.

Ikasleen autoestimua ere aipatzen duzu.

Prestigioa eman behar zaie euskal hizkera guztiei. Kontzeptuak aldaketa bat behar du: tokiko hizkerez hitz egin dezakegu, noski, baina denak maila berean jarrita. Ezin dugu Bonaparteren mapa oinarri hartu, ezin ditugu euskal hizkerak mailakatu. Zalla, Tolosa edota Tafallako euskara maila bereko euskara dira. Are gehiago, euskara berreskuratzea lortu den eremu euskalduneko euskarak duen balioa aitortu behar dugu. Natural eta ez natural izatearena oso eztabaida kutsatua iruditzen zait, naturala beti baita, normalean, inguruak baldintzatutakoa.

Bestalde, euskara zuzentasunean eta arau gramatikaletan oinarrituta irakatsi baino, egokitasun irizpideari heldu beharko genioke hezkuntzan. Modu komunikatiboan irakatsi, alegia. Duela gutxira arte ikasleak mutu hezitu ditugu: entzun asko eta oso gutxi hitz egin. Horri eskolaz kanpoko jarduerak erderaz egiten dituztela eta familia erdaldunekoak direla erantsi. Ez dute apenas euskaraz hitz egiteko egoera aproposik bizi. Gauzak horrela, oso zaila da gero euskaraz jariakortasun handiarekin hitz egitea. Hezkuntzan aurrerapausoak ematen ari dira ahozkotasuna lantzeko, euskara ikuspegi komunikatibotik irakasteko, eta eskolan egiten den lana familiekin eta eskolaz kanpoko jarduerekin babestu behar dugu ondoren.

Eta, eskolatik ateratzean, lan munduan jarraitu, ezta?

Lan arloan abiarazten bada ahalegin orokor eta mailakatu bat, "eskolan ikasitako hizkun-tza hori" hezkuntza eremutik kanpo erabiltzeko esparru bat sor dezakegu, eta baliteke hortik zirkulua ireki eta euskarara lo-tzeko baldintzak sortzea.

Datorren urteko Euskaraldiak badu horretarako asmorik.

Bai, noski. Datorren Euskaraldiak entitateetara jauzi egingo du: erakundeetara, enpresetara, elkarteetara... Horietan ere ahobizi/belarriprest metodologia erabili dezaten. Aurreko Euskaraldiak Euskal Herri barruko administrazio ezberdinen elkarlana posible zela erakutsi zuen, erakundeen, euskalgintzaren eta bestelako eragileen arteko sinergia, hizkuntza sustatzeko dinamikak areagotzeko, alde batetik, eta bestetik, euskararen erabilerak euskal gizartean sor ditzakeen muga psikologiko eta sozialak gainditu eta erabileraren bidez norbanakoen autoestimua hobetzeko aukerak emateko. Izan ere, esperientziak erakutsi digu maila kolektiboan errazago egin daitekeela euskararako saltoa, maila indibidualean baino. Oso garrantzitsua da jendea ahalduntzea, aktibatzea, animatzea, euskararekin ilusioa har-tzea eta motibatzea.

Zer moduz moldatu da euskara iraultza digitalera?

Esango nuke Interneteko erronkari oso ondo erantzun diola euskarak. Horren adibidea da, adibidez, euskarazko Wikipediak duen presentzia. Gurea indartsuenetako bat da hizkuntza gutxituen artean, eta estatuko beste hizkuntza batzuk baino hobeto dago kokatuta, kuantitatiboki eta kualitatiboki. Zentzu horretan, Elhuyarren itzultzaile neuronal berriak asko lagundu beharko luke sareko edukien trafikoa handitzen. Euskarak sare sozialetan duen presentziak edo Egunean Behin mugikorretako aplikazioak izan duen arrakastak ere egoki moldatzen ari garela erakusten dute.

Hala ere, ezin gara konformatu. Ezin dugu ahaztu itsaso erraldoi batetan ur tanta bat baino ez garela, daukagun indarra daukagula, eta ez da gutxi, baina ez gara erraldoiak. Bestalde, iraultza digitala etengabe ari da mundua aldatzen eta oso adi egon beharra daukagu, oso aktibo. Gizarte eragileen, herritarren eta erakundeen aktibazioa eta elkarlana ezinbestekoa izango da aurrera egiteko. Aktibismo soziala eta babes instituzionala funtsezkoak dira inertzia digitalen erritmoetara molda-tzeko.

Bidegurutzean gaudela diozu. Zein uste duzu izango dela hemendik aurrera euskarak hartuko duen norabidea?

Iragarpenik ez dut egingo, baina argi eta garbi diot: liburua bada euskararen normalizaziorako bidea irmoki eraikitzeko dei argia. Ez da neutrala, liburu inplikatu eta militantea da. Mezua oso argia da: bidegurutze honetatik irten behar dugu euskararen normalizazioa errealitate bihurtzeko bide-orri batekin. Horretarako, erakundeak inplikatu egin behar dira, benetan, urrats sendoak emanez eta ikusgaitasuna duten neurriak hartuz, eta gizartea motibatuz euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin erabiltzea posible izan dadin.