Zinema

Satorren iraultza

Donostiako Zinemaldian erakutsizuen estreinakoz IzibeneOñederrak ‘Lursaguak’animaziozko laburmetraia.Mikroistorio kateatuak bailiran,hainbat emakumeren bizipenenbilduma osatu nahi izan du egileak

17.12.2019 | 19:57
Donostiako Zinemaldian erakutsizuen estreinakoz IzibeneOñederrak ‘Lursaguak’animaziozko laburmetraia.Mikroistorio kateatuak bailiran,hainbat emakumeren bizipenenbilduma osatu nahi izan du egileak

Zoru azpitik irtenda eraldaketa egingo duten satorrak, isilpean egon diren emakumeen garrasi ozenak, sistemaren birrintzea, lur azpiko espezieen astindua; finean, lursaguak. Horrelako asmoen bulkadek gidatu dute Izibene Oñederra (Azkoitia, 1979 ) bere animaziozko lan berria ontzeko. Hiru urteko sormen lanaren ostean aurkeztu du Lursaguak laburmetraia Oñederrak. Aurtengo Zinemaldian estreinatu ondotik, bolo-bolo dabil han hemengo festibaletan 11 minutuko lan intentsoa erakusten: Bosnian, Mexikon, Perun, Buenos Airesen, Madrilen?

Bi erreferentzia batuta erabaki zuen Oñederrak laburmetraiaren muina zein izango zen. Batetik, sinopsi bihurtutako Hélène Cixousen aipua. "Cixousek esaten du milaka espezie arraroko lursaguak ari direla gure sistema sostengatzen duen lurra birrintzen apurka-apurka, barrutik".

Ideia abstraktu hori bere bizipenekin lotu eta haurtzaroko oroitzapen batekin lotu zuen Oñederrak ondoren: "Baserrian geunden lehengusuak, eta osabak hildako satorrak erakutsi zizkigun; inpresio handia sortu zigun horrek. Ama horretaz ohartu eta oso gizonezkoenak diren puru kutxatan sartu zituen hildako satorrak eta opari moduan ematen zizkien gizonei; horrek haurrongan izugarrizko haustura eragin zuen", kontatu du zinegileak. Lausotutako memorien sakonetan arakatuz ekarri du gogora Oñederrak pasadizo hura, eta kontakizuna eraikitzeko ongarri bihurtu. "Oso garbi gelditu zitzaidan buruan eta aipu horrekin lotu nuen, nola sator bat izan daitekeen objektua eta transgresiorako bide ematen duen objektua".

TRANSGRESIOA Hain justu, hori da Oñederrak bere lanaren asmoa laburbiltzeko darabilen berba: transgresioa. Bere ideia sistema laburbiltzeko berba bakarra ere horixe da. Eta segidan, azalpena: "Aldaketarako gogo hori islatzen du transgresio hitzak, emakume pilaketa horrek duena; egunerokoan egin daitezkeen aldaketa txikiak, edota intelektualagoak eta arrazionalagoak izan daitezkeenak, baina denak transgresioak". Filmaren istoriotxo bat ere aipatu du transgresio horien adibide gisa. Argentinako emakume feministek egindako erakusketa bat berera ekarri du Oñederrak: "Erakusketaren aurkezpenean ketchupez betetako tanpoiak jarri zituzten pintxoen ordez, eta hori transgresorea iruditzen zait; umorea erabiliz performance eran".

Horrelako pasarteak uztartuz eraiki du filma Oñederrak, jatorri anitzetako emakumeen iruditegia osatuz. Iruditegi hori osa-tzeko, doktoretza tesia egiten ari zen bitartean egindako marrazkiak izan ditu oinarri: "Tesiaren idazketatik aldendu nahian, nireagoa sentitzen nuen mundu batera hurbildu nahi nuen, eta emakumeen erretratu pila bat egin nituen", kontatu du azkoitiarrak. Sorta hartatik eratorri dira filma osatu duten emakumeen marrazkiak. "Oso mundu ezberdinetatik datozen emakumeak dira, baina zuri beltzean eta denak tamaina berean jarrita familia berekoak ematen zuten: horiek izan dira nire lursaguak". Hari ezberdinak korapilatuz marraztu du laburmetraiaren iruditegia, interesatzen zaion estiloari jarraiki. "Beharbada, loturak ikusezinak dira, baina hor daude", gaineratu du zinegileak.

ANIMAZIOAREN ERTZAK Zinea sortzeko, animazioaren alde egin du Oñederrak, era "lantsu" gisa deskribatu duen forman. Beraren-tzat, nekeza izanagatik ere, "erakargarria" da formatua: "Askatasun handia ematen dizu; hizkuntza zinematografikoaren esperimenta-tzeko beta duzu", iritzi dio. Are, bere kasuan, kontakizunean planteatzen dituen hausturak formalki ere gauzatzen ahalegintzen da Oñederra. "Beti bidezidorrak bilatzen saiatzen naiz, hori da nire pelikulen indargunea; amorfoak, irregularrak, brutalak eta zikinak dira irudiak eta pelikulak". Estilo horretan sakon-tzea interesa-tzen zaio Oñederrari, jorratutako moldeak "hobetu" ordez, modu berriak bilatu eta istorioen ildoa ere hortik doa: "Basakeria hau beharbada bada emakumeei eragiteko tokatzen zaien tokia, estiloak ematen duen zikintasuna da lursaguen esentzia bera".

Egindako hautuak, baina, alde ilunak ere badituela nabari du sortzaileak: "Lan handia eskatzen du, ez dago bat-bateko emaitzarik eta beharbada hori ez da oso glamourosoa", uste du. Bestalde, animazioa izan ala ez, laburmetraiek proiekzio eskasa dutela gehitu du. "Festibaletatik mugitzen da, eta hor bukatzen da laburren ibilbidea sarritan". Bazterreko bide hori baliatu nahi du zinemagileak, ordea, esperimenta-tzen segitzeko.