Umeak inozentziaren iturri izanda, gauzei beste modu batean begiratzeak aurrera egiten lagun dezakeela aldarrikatu nahi du Atx Teatroak Kaskarot obrarekin, “hala hausten direlako hain errotuta ditugun aurreiritzi guztiak”. Familia osoari zuzendutako lana ondu dute Iñaki Ziarrusta antzerkigileak eta Atx Teatroko kideek. “Erabaki genuen umeak pertsona inteligenteak bezala tratatzen saiatzea”, adierazi du Ziarrustak. Ohikoa duten estilo lotsagabetik abiatuz, gogoetara eramango dituzte haurrak. Abenduaren 8an estreinatuko dute ikuskizuna, Basauriko Social Antzokian, eta emanaldi sorta dute jada programatuta datozen hilabeteetarako.

Haurrei zuzendutako antzezlanak, askotan “infantilegiak” iruditzen zi-tzaizkien Atx Teatroko kideei. Mezu azalduegiak, helduen gehiegizko babesa? “Badirudi umeak ez direla gai euren kabuz pentsatzeko, maila baxuagoan dagoen pertsona bat izango balitz bezala tratatzen da umea maiz”, uste du Iñaki Ziarrustak. Ildo horretatik tiraka, haurren-tzako pieza “ezberdin” bat egitea erabaki zuten.

Oholtza gainean, agure batek Aner gaztearen istorioa kontatuko du: Aner gizarte distopiko batean bizi da eta bertan, dantzatzea debekatuta dago. Protagonistari izugarri gusta-tzen zaio dantzatzea eta horrek arazo larriak sortuko dizkio. Kaskarot Anerren alter egoa da. Bere azkartasun eta zentzuaren bidez, Anerri erakutsiko dio egoerari buelta ematen eta arauen aurrean bere adierazpen askatasuna lehenesten. Ezberdina izatearen aurreko beldurra, lehenengo harremanen lotsak eta “ni naizen hori heteronormatibitatearen aurrean defendatzea” bezalako gaiak azaleratuko dira antzezlanean. Gartxot Unsain Letonak idatzi du gidoia eta Maryse Urruty, Natxo Montero, Jon Koldo Vazquez eta Unsain bera arituko dira agertokian, Atx Teatroaren zuzendaritzapean.

ERRONKA Ezberdina izatea ez dela arazo bat ulertarazi nahi diete haurrei, “opari bat baizik. Guretzat, an-tzerkigile bezala, garrantzitsua izan da ulertzea umeak gai direla maila horretako mezuak ulertzeko eta inolako beherapen intelektualik gabe asimilatzeko”, azaldu du Ziarrustak. Kaskarot erronka handia izan da Atx Teatroko kideentzat, izan ere, ikusle mota ezberdin batengan pentsatuz egin dute. Bizitzan momentu ilunak ere badaudela gogoratuz, haurren antzerkiarekin lotuta egoten diren “festa, alaitasuna eta koloreak saihestu” nahi izan dituzte, eta helduen aurreiritzien aurka, umeek oso ondo erantzuten dutela dio Ziarrustak. “Batzuetan gu geu gara umeak gehiegi babesten ditugunak, ez dakit zertaz salbu edukitzeko. Baina umeek txikitatik ikasi behar dute gauza horiek kudeatzen, bizitza horrelakoa delako. Gero, heldutasunean askotan ikusten ditugu gabezia horiek: ez naiz gai nire bakardadea, nire iluntasuna kudeatzeko, sekula ez dudalako egin edo oso babestuta egon naizelako beti. Hortik jo nahi genuen”.

“Zein galdera egiten dizkiogun gure buruari, zelan sentitzen dugun beldurra eta alaitasuna, eta ulertzea biak beharrezkoak direla, bai momentu tristeak eta bai alaiak bizi-tzaren parte direla eta horiek nahastuz aurrera jarraitu beharra dagoela” agertu nahi izan dute obran. Kritika soziala eta hausnarketa beti dago presente Atx Teatroaren lanetan, eta Kaskarot piezan bizitzaren ikuspegi “alternatibo” bat aurkeztuko diote ikusleari. “Ulertu beharra dago gu bi alde horiek garela eta biak batera kudeatu behar ditugula”.

BEHARRIZAN SOZIALA Amorrutik sortzen du Iñaki Ziarrustak, an-tzerkia “erabat terapeutikoa” da berarentzat. Hala ere, proiektu hau, haurrei zuzendutakoa izanik, “beharrizan sozial” batetik ondu dutela azaldu du. Haurren arazoen inguruan bueltaka ari zirela, ondorio batera iritsi ziren: umeen arazoak eta helduen arazoak berdinak direla. “Bai 6 urterekin zein 86rekin, berdin-berdinak dira. Tamaina, dimentsio eta forma ezberdinetakoak, jakina: onarpena, bakardadea, elkar ulertzea, maitasuna, desamodioa?”.

Eszenografia minimalista batekin igoko dira taula gainera aktoreak, marrazki bizidun bilakatuta. Tim Burtonen pelikuletako estetikaren antza hartzen dio Ziarrustak. Aurreko lanetan baino harago joan dira oraingoan, bere esanetan. “Aspertu egiten naiz aktore bat normaltasunez hitz egiten edo ibiltzen ikusten dudanean. Oraingoan, Fakiu edo 7ak bat lanetan baino pauso bi gehiago eman ditugu. Helduentzako antzerkian marrazki bizidunak egiten saiatzen gara, beraz, haurrentzako antzerkia zela ulertuta, zeresanik ez”. Eta lortu egin dute, gainera. “Batek baino gehiagok esan dit aktoreek marrazki bizidunak diruditela, eta gu oso pozik jartzen gara horrelakoak entzutean”.