Asmo argiarekin jaio zen Etxepare Euskal Institutua, 2010. urtean: euskara eta euskal kultura lau haizetara zabaltzea. Hedapen oro aberasgarria dela iritzita, zenbait programa, ekimen eta proiektu burutu ditu elkarteak sorreratik: “Mundua euskaldunago egin nahi dugu, eta Euskal Herria mundutarragoa”. Aldebiko ekarpen horren bilaketa du ardatz, hain zuzen ere, euskal irakurleen programak, kasurako. Programa honen bidez, munduko hamaika txokotan irakasle lanetan dihardute zenbait euskaldunek, euskara eta euskal kultura transmititzeko lanean. Liverpool, Erroma, Valparaiso, Mexiko? zerrenda luzea bezain anitza da.

Hamarkada bat pasa da kasik erakundea sortu zenetik eta geroz eta zabalagoa da irakurleen sarea. Gaur gaurkoz 37 irakurletza eta bost katedra ditu martxan Etxeparek han eta hemen. Deialdi ireki bidez hautatzen dituzte irakurleak eta irizpide batzuk ezarrita dauden arren, irakasle berezi hauen profila ere oso plurala da. Jatorri eta helmuga anitzak dituzte eta, ondorioz, diasporako euskal transmisore hauen esperientziak guztiz ezberdinak izan daitezke. Gauza bat dute komunean, ordea: Euskal Herria eta euskara ezagutarazteko nahia.

Denis Almandoz

(Donostia, 1989)

Euskal irakurlea Txekian (Praga eta Brno)

Lehen urtea du Denis Almandoz donostiarrak euskal irakurle gisa; ez ordea atzerrian. Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasketak amaitu ondotik, bigarren hezkuntzan irakasle izateko masterra egitea erabaki zuen eta ordutik ez da gelditu. “Hizkuntza irakaslea izan naiz bai Euskal Herrian eta baita atzerrian ere”. Aspaldidanik ari da Almandoz kanpora begira, eta urteak daramatza diasporan, baina erroa ahantzi gabe. Hizkuntza, hezkuntza eta munduratzeko Almandozen grina uztartzen ditu euskal irakurlearen funtzioak eta birritan pentsatu gabe eman zuen izena. “Euskalduna izanik eta irakaskuntzan urte dezente eman eta gero, oso erakargarria egiten zitzaidan irakurle izateko aukera, erabakia hartzea ez zitzaidan batere zaila egin”, kontatu du.

Lehen ikasturtea amaitu berritan esperien-tziaren xedea garbi du donostiarrak: “Nire asmoa ez da txekiar euskaldunak sortzea, oso zaila baita hain ordu gutxitan hizkuntza bat ikastea. Nire asmoa da Euskal Herria, herri bezala existitzen dela jakinaraztea, gure historia eta kulturaren berri ematea, eta hizkun-tza guztiz berezia daukagula erakustea, eta hizkuntza horren inguruko zertzelada batzuk eskaintzea”. Txekiar Errepublikan dihardu irakasle gisa, Pragako Karlova Unibertsitatean eta Brnoko Masaryk Unibertsitatean. 47 ikasle ditu Almandozek Brnon eta beste 18 Pragan. Eduki eta metodologia antzekoa darabil batean eta bestean. “Brnon, Euskara irakasgaian oinarrizko edukiak ematen ditut: oinarrizko hiztegia, agurrak, norbere aurkezpena? eta Pragan ere antzera; baina linguistak izanik, orokorrean, nahiago zuten hizkuntzaren egitura ezagutu; deklinabideak, adibidez”.

Hezkuntza eta hizkuntzarekiko atxikimendua ibilbide luzeko kontua da bere kasuan eta eguneko ordu gehienak unibertsitatean igarota ere, txekiar jendartea nolakoa den ezagutzeko beta ere izan du. “Txekiar gizartea kanpotarrekiko nahiko gizarte itxia dela esango nuke. Hasieran nahiko hotzak dira, baina denbora pasa ahala konfiantza hartzen doazen heinean, lagun txekiar onak egin ditzakezu”, kontatu du Almandozek. Oro har, erlazionatzeko aukera gehien bere moduan beste herrialde batzuetatik bertaratutako atzerritarrekin du harremanik estuena donostiarrak eta euskaldunik ere apenas ezagutu du bertan. Orokorrean, positiboki baloratzen du esperientzia. “Irakurleen arteko harremanak estutu litezke agian, baina orokorrean programa oso ondo dago eta babes sendoa jasotzen dugu Etxeparetik”. Ziortza Gandarias

(Galdakao, 1987)

Euskal irakurlea Ameriketako Estatu Batuetan (Boise)

Atlantikoaz bestaldera etxean bezala senti-tzen da Ziortza Gandarias Boisen (AEB). 2014an iritsi zen lurralde berrira galdakoztarra eta iaz ekin zion euskal irakurle lanari -doktoretza bukatu ondotik-. Estatu Batuetara joan aurretik ere hezkuntza munduan murgilduta zegoen Gandarias Euskal Herrian. “Boisera etorri aurreko azken hiru urteetan Donostiako Santo Tomas Lizeoan izan nin-tzen irakasle, ezbairik gabe ikastolako esperientzia oso lagungarria eta baliagarria izan zait unibertsitatean lan egiteko”.

Hartatik ikasitakoak bere ekarpena egin die Gandariasen eskolei, baina Boisen errealitate berri batekin ere egin du topo: “Boisen izaten ditudan ikasleen gehiengoak ez du euskal jatorririk; gutxiengoa da euskal jatorrikoa edo euskal kulturaren inguruan zerbait dakiena”. Jatorri eta adin anitzetako 25 ikasle izan ditu Gandariasek eskoletan eta, irakastearekin batera, asko ikasi duela ere aitortu du: “Eskoletara etortzen diren ikasle asko erabat txundituta geratzen dira euskal gaiekin eta hurrengo seihilekoan jarraitu nahi izaten dute; hori hunkigarria da”, adierazi du. Ikasleek prozesu “katarsiko” bat bizitzen dutela dio, ezer ez jakitetik “mundu infinitu bat deskubritzera”.

Bere egitekoa garbi du Gandariasek, eta erabat egonkortua du bizitza Boisen: “Nire senarra Boisekoa da eta horrek asko lagundu dit hemengo erritmora moldatzen”. Epe motzean Euskal Herrira itzultzeko asmorik ez duen arren, bere ofizioak zubi lan gisa jarduten du aberriarekin. “Mundu globalizatu honetan euskararen eta Euskal kulturaren garrantzia, indarra eta identitatea helaraztea da nire lana”, dio galdakoztarrak. Alor akademikotik lan-tzen du Gandariasek transmisioa eta etengabeko prestakuntza eta gaurkotasuna ditu eguneroko tresna: “Irakasle zarenean irakaskun-tzaren abangoardian egotea ezinbestekoa da; norbera etengabe prestatu eta euskal kulturan gertatzen denaren berri izan”.

Eta unibertsitate eta eremu akademikotik haratago ere hedatzen da bere lotura. Izan ere, euskal komunitatea indartsu dago Boisen, Gandariasek azaldu duenez: “Euskal komunitatea oso aktiboa da, beti dago ekimenen bat martxan: Korrika, Euskaraldia, mus txapelketak...”. Era horretan saiatzen da Gandarias Etxepareren egitekoa eta asmoa betetzen; euskararen presentzia “estereotipoetatik haratago” zabaldu eta hizkuntzaren balio akademikoa sustatzen.

Ane Arandia

(Arrankudiaga, 1993)

Euskal Irakurlea Argentinan (La Plata)

Euskal Ikasketak gradua egin zuen Ane Arandiak eta orduantxe izan zuen bai Etxepareren eta baita euskal irakurleen programaren berri ere. Ikastaro batean parte hartu ondotik, euskal irakurleen deialdien jakinarazpenak jasotzen hasi zen Arandia, baina ez zuten gaztearen jakinminik pizten. Argentinak aldatu zuen hori. “Behin La Platako Unibertsitate Nazionalerako presazko deialdia argitaratu zuten. Beste deialdi batzuek ez bezala, honek nire arreta bereganatu eta aurkeztea erabaki nuen”, kontatu du. Egona zen Argentinan lehenago eta hortxe topatu zuen bere tokia filologo gazteak. 2014ko udan Bahia Blancako Euskal Etxean egon zen. Lehen kolpe horren ostean, euskal diaspora “hurbilagotik” ezagutzeko aukera gisa ikusi zuen irakurletza.

2017an hasi zen irakurle lanetan eta, aldi berean, atzerrira-tzeko lehen esperientzia ere izan zuen. “Betidanik nahi izan dut bolada batez atzerrian bizi, eta zer esanik ez euskara klaseak emateko aukera izanda”. AEKn jarduten zen irakasle lanetan Euskal Herrian, eta panorama berriak hiru osagaiak batu zituen: euskara, kanpora irtetzeko aukera eta hezkuntza. Gaur gaurkoz bost ikasle talde ditu eta azaldu du badela alderik euren artean. Bi profil nabarmendu ditu: “Alde batetik, asko dira euskal jatorria dutelako klaseetara hurbiltzen direnak; eta, beste alde batetik, letretako ikasleak daude”. Horiek duten interesa oso bestelakoa da, euskararen bereizgarri tipologikoengatik datoz klaseetara. Horrek, ezinbestean, eskoletara gerturatzeko arrazoian du eragina. “Lehen taldekoei kultura interesa-tzen zaie gehienbat, eta bigarrenekoei, berriz, alderdi linguistikoa”. Dinamika ezberdinak dituzten eskolak dira aniztasunaren emaitza.

Ofizioara egokitu behar izan du Arandiak, eta antzera bizi izan du prozesua maila pertsonalean ere. “Batzuetan oso barneratuta ditugun hainbat gauza beste herrialde edo kultura ba-tzuetan horrelakoak ez direla ohartzen zara, kontzientzia ezinbestekoa da”, uste du. Hasiera “zaila” izan bazen ere, euskal diaspora “barrutik” ezagutzeko aukera ikusten du irakurleak bere jardunean. “Nire aletxoa jarri ahal izan dut; hemen egon badagoen interes bat ahal dudan neurrian betetzea”.

Hiromi Yoshida

(Yuzuwa, 1960)

Euskal irakurlea Japonian (Tokio)

Erabat bestelakoa da Hiromi Yoshibaren kasua. Jaiotzaz ez da euskal herritarra, baina esan daiteke bihotzez erabat euskalduna dela. Euskara hizkuntza gisa menderatu ez ezik, euskara ikertu eta irakasten dihardu Japonian. Unibertsitateko ikaslea zelarik izan zuen Yoshidak estreinakoz hartu-emana euskararekin, bere irakasle zen baten bidez: “Suzuko Tamura irakasleak euskara ikasteko talde txiki bat egiteko asmoa agertu zigun eta bost pertsonako taldea osatu genuen”, kontatu du.

Hiru hamarkada luze pasa dira ordutik eta urte guzti hauetan euskararen menderakun-tzan sakondu besterik ez du egin. Lazkaoko euskaltegian hamar hilabeteko egonaldiaren ostean linguistika masterra ikasi eta Azpeitiko euskara ikertzeko nahia piztu zitzaion Yosidari, eta euskalkiaren inguruko tesia eta doktoretza egin zituen. Are, japoniarrei euskara irakasteko liburu propioa ere sortu du. 30 urte igaro dira unibertsitateko gradua bukatu eta Lazkaora bidaia egin zuenetik eta egun euskara, japoniera idazketa eta hizkun-tzalaritzako irakaslea eta euskara ikerlaria da Yoshida.

Linguistika eta hizkuntzalaritza munduan hain errotuta egonik, aspaldi ezagutu zuen Yoshidak Etxepare Institutuaren jarduna TUFS unibertsitateko ezagunen bitartez, eta bosgarren ikasturtea du aurtengoa euskal irakurle gisa. “Japonian ikasturtea apirilean hasi eta otsailean bukatzen da, hortaz nire bosgarren urtean murgilduta nago orain bete betean”. Euskal irakurleen programaren bidez finantzatutako taldeaz gain, beste hiru euskara taldetan da irakasle Yoshida, eta abuztuan beste bi talde berri izango ditu. “Inoizko talde gehien ditut aurten; talde batean ikasle kopuru altuagoa izan dut, baina inoiz ez lau talde aldi berean”.

Bitxia suerta liteke japoniarrek euskara ikasteko interesa dutela jakitea, baina badira euskara eskoletera gerturatzera bultzatzen dituzten zenbait arrazoi. Kausa nagusiak zerrendatu ditu Yoshidak: “Askok futbolagatik ezagutzen dute Euskal Herria, beste zenbaitek musikagatik, eta hirugarren multzo bat dago Euskal Herriko gastronomia ezagutzen duena. Horrekin batera, hizkuntzetan adituak direnak datoz eskoletara”. Interes koktel guzti honetako ikasleek ordu eta erdiko euskara eskolak jasotzen dituzte astero, oinarrizko mailan. “Pena da Japonian lehen maila bakarrik dagoela, hortik aurrera segitu nahi badute, euren kabuz ikasi behar dute eta oso zaila da horrela”, ohartarazi du Yoshidak.

Euskal irakurle izateari utziko dio ikasturte honetan Yoshidak, baina inolaz ere euskararen inguruan ibiltzeari. “Orain belaunaldien arteko aldaerak ikertzen nabil, generazio zaharren eta berrien arteko hizkuntza ezberdintasunak aztertzen”.