Kanpotik biltegi arrunt bat dirudi, baina barruan akordeoiz beteriko tailer handia da. “Ongi etorri Zero Settera”, esan digu Alessio Gerundinik. “Adi, lagunok”, erantsi du, “unibertsoko trikiti fabrikarik zaharrenean sartzeko prest al zaudete?”. Ez, ez gaude Euskal Herrian, Italian baizik.

Gerundini da Zero Sette enpresaren arduraduna, eta harrotasunez erakutsi dizkigu sarrerako erakusleihoetan dauden eskusoinu historikoak: “Zero Sette 1945ean jaio zen. Hasieran, Amerikako Estatu Batuetan genituen bezero gehienak. 60ko hamarkadan, berriz, lehen trikitiak egiten hasi ginen”. Gerundinik gogoratu du hasierako eskusoinu txikiak Giulietti izenarekin sina-tzen zirela.

EUSKALDUNAK BEZERO Ekoizpen handiena, ordea, 80ko hamarkadan hasi zen. “Italiarroi atentzioa ematen digu trikitia Euskal Herrian soilik jotzen den instrumentua izateak. Hemen ez dago eskuineko teklatua diakonikoa eta ezkerrekoa kromatikoa daukan akordeoirik”, erantsi du Gerundinik. Zero Setteren ekoizpen etengabeak eskariari erantzuten diola dio, alegia, Euskal Herritik iristen diren deiei. Gerundinik hala ikusten du: “Alemaniako musikariez gain, euskaldunak dira gure bezerorik fidelenak. Guk biziki zaintzen ditugu gure bezeroak”. erantsi du.

Halere, Italiaren eta Euskal Herriaren arteko harremana mende bat lehenago estutu zuen trikitixak. “Teoria zabalduenak dio Bizkaira eta Gipuzkoara trenbidea eraikitzera joan ziren langile italiarrek eraman zutela eskusoinua”, kontatu du Gerundinik. Trikitixak garapen azkarra izan zuen Euskal Herrian, eta dantzari lotuta egin du orain arteko ibilbidea.

Gipuzkoan ezta usatzen gizon dan-tza egin ondoan, ez fandangorik, eta ez Bizkai dantzarik egitea. Egia da orain asi diradena zenbait erritan, bañan nere gazte denboran, dantza beakurtsu edo respetable aietan, etzan bein ere egiten, danza mota oienik, idatzi zuen Joan Ignacio Iztuetak Guipuzcoaco dan-tza gogoangarrien condaira edo historia liburuan. “Italian tarantela dantza tipikoa zabaldu zen epe berean hedatu zen trikitixa zuenean. Herritarrak plazaren erdian batzen zituen musika herrikoi bihurtu zen”, eman du jakitera Gerundinik.

Halere, akordeoiaren tradizioa Paolo Soprani enpresariak hasi zuen Italian. Kondairak dio 1863an erromes austriar batek eskusoinu bat oparitu ziola. “Loretoko santutegira zihoan erromes bat zen eta bidean Sopraniren etxean lo egin zuen. Familiari esker onak erakutsi nahi izan zizkion eta akordeoi bat oparitu zien. Instrumentuarekin liluratuta, Sopranik akordeoiak ekoizteko lehen tailerra zabaldu zuen Castelfidardon”, azaldu du Gerundinik. Orduz geroztik, Loretoko santutegiaren inguruetan mantendu da ohitura.

ESKU-LANA Enpresaren arduradunak tailerra ezagutzera eraman gaitu. Barruan kaos ordenatua sumatzen da. Egurraren usainak bat egiten du mailuen zaratarekin eta kola usainarekin. Tailerreko langile bakoitzak argi dauka zein den bere rola: egurra mozten duenak, soinu probak egiten dituenak... eta baita gainerako guztiek ere. “Akordeoi guztiak eskuz egiten ditugu. Hemen ez dago ekoizpen-katerik. Xehetasun bakoitza zaintzen dugu”, adierazi digu Albertok. Artisau honek 43 urte darama-tza trikitien teklatuak egiten eta kontu handiz jartzen ditu botoi guztiak. Instrumentuarekiko maitasuna hain da handia, tradizioa bere seme Lucari pasa dio. “Pasioa behar da lan hau egiteko. Eskusoinu bakoi-tza bakarra balitz bezala lantzen dugu”, adierazi du Lucak.

Zero Settek ekoizten dituen akordeoi guztien artean, trikitiak dira enpresaren harribitxiak. Fabrika italiarrak urtean 300 trikiti egiten ditu Euskal Herriko eskariak asetzeko. Arduradunak hala azaldu digu: “Trikitilari ezagun askoren bisita jaso-tzen dugu. Soinu probak egiten dituzte eta hobekuntzak proposa-tzen dizkigute”, kontatu du. Zalan-tzarik gabe, hartu-eman etengabea dago bi herrien artean: “Castelfidardon ezin gara trikitirik gabe bizi, eta Euskal Herrian ere ez Zero Sette barik”, erantsi du Gerundinik.