Jakintza orok, iraunkorra izan dadin, ezinbesteko tresna du transmisioa. Horregatik, maiz, ikastetxeetan eta unibertsitateetan errepaso historikoak egiten dira, dela mugimendu baten, dela herrialde baten zein lan diziplina baten bilakaera ulertu eta ezagutzeko. Hori, baina, ikusmolde eta ertz ezberdinetan erreparatuz egin daiteke, jakintza bera transmititzeko hamaika era egonik. Hortaz kontziente, “kultur sorkuntza ikuspegi feministatik aztertzea” helburu duen graduondoko berria ondu dute Amaia Serrano, Haizea Barcenilla, Iratxe Retolaza eta Ibon Egaña EHUko irakasleek, elkarlanean.

Edukia badute: euskal kulturaren alor ezberdinetan orain arte sortu diren lan guztiak. Eta hori azter-tzeko, bide bat: “Nola erakusten dute kultur lanek gizartean barneratua dagoen heteropatriarkatuaren izaera? Zein zentzutan lagundu dezakete rol desberdinak identifikatzen, aztertzen eta ulertzen?”. Laukote gidaria galdera askoren erantzun bila murgildu da graduondokoaren eratze prozesuan. Sorkuntza feminista aurkezteaz gain, feministatzat jotzen ez diren sorkuntza lanak ere ikusmolde kritiko batetik behatzea dela asmoa azaldu dute.

Euskal kultur sorkuntza eta kritika feminista. Ikerketa, irakaskuntza eta kudeaketa izenburupean, urtebeteko iraupena duen graduondokoa eskainiko dute urritik aurrera. Ekainaren 5era arte dago izena emateko epea zabalik. Ikasleen sarrera profilaz honela mintzo dira arduradunak: “Euskal kultura eta feminismoa uztartzeko eta ikertzeko nahia duten ikasleei, kultur instituzioetan dabiltzan profesionalei, irakasle edo irakasle izateko bidean daudenei, herrigintzan kulturan dihardutenei... zuzenduta dago”. Eremu askotan dabiltzanentzat erabilgarri suertatu daitekeela uste dute. Izan ere, ikasketak “euskal kultur sorkuntzaren ezagutza zabal eta aberatsagoa” garatzeko aukera izan nahi du, kulturaren bueltan aztertzen duten edozein lanen aurrean tresna feministak eskuragarri izan ditzaten.

Hurbilpen graduala Antolaketari dagokionean, lau modulutan egituratu dituzte edukiak, orokorrenetik hasi eta pixkanaka hurbilpen zehatzagoa eginez. Lehen modulua oinarri zabal bat ezartzera bideratuta dago, Euskal Herriko mugimendu feministaren eta feminismoaren inguruko ikerketen ekarpenak baliatuta. “Feminismoak, mugimendu gisa eta pentsamendu zein ikerketa lerro gisa, Euskal Herrian izandako bilakaera lantzeko oinarri bat eskainiko du, ondoren kultur sorkuntzako diziplinak bere testuinguruan ulertzeko”, diote irakasleek. Arte plastikoak, arte eszenikoak, euskal musika eta euskal zinema. Kultur sorkuntzak dituen hamaika aurpegi jorratuko dira eskola presentzialetan, alor bakoitzean arituak eta adituak diren irakasleen eskutik.

Aurrez aurre garatuko den lehen modulu hau aldi berean online eskainiko da bigarren moduluarekin batera. Ikuspegi historikoari helduko diote pantaila atzeko eskolen bidez, Iratxe Retolazak koordinaturik. Bideo eta online jarduerak baliatuta, eskola presentzialetan landutako diziplina guztien ibilbide historikoa errepasatuko da. Ordura arte ikasle guztiek jasoko dituzte ezagutza berberak, graduondokoaren muina diren jakintzak. Hirugarren modulutik aurrera, berriz, nork bere bidea hautatu beharko du, geroz eta jakin-tza espezifikoagoak bereganatuz.

Hiru zatitan banatuko dira ikasleak, hautagai diren lan esparruen arabera: ikerketa, kudeaketa eta irakaskuntza. Ikerketa esparruan ikerketa feministen, kultur ikerketen eta queer ikerketen alorrak landuko dituzte parte hartzaileek, Ibon Egañak, Iratxe Retolazak eta Ibai Atutxak gidatuta. Kudeaketari dagokionean, kultur kudeaketaren zenbait esparrutan genero ikuspegia txertatzeko estrategiak landuko dira, Haizea Barcenillak koordinatuta. Azkenik, Bigarren Hezkuntzan kultur transmisioa bermatzeari begira kokaturiko ildoa izango da irakaskuntza. Amaia Serrano izango du buru eta Eider Rodriguez, Ibai Iztueta, Idurre Alonso eta Haizea Galarraga izango dira irakasle. Laugarren modulua azken proiektu bat garatzean datza, ikasle bakoitzak aukeraturiko lan lerroaren arabera ezberdin garatuko dena.

Antzekoak, baina ez berdinak Graduondokoa bi urterik behin eskainiko da, Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintza Transmisioa tituluarekin tartekatuz. Ikasketa zerbitzu aitzindaria dela uste du koordinazio lan taldeak, baina ildo beretik doazen bat edo beste ere identifikatu dituzte. Kasurako, EHUk eskaintzen duen feminismo masterra edo EKT aditu titulua. “An-tzekoak dira, baina badira desberdintasunak”, uste du lan taldeak. Diotenez, “hankamotz” daude aurrez existitzen diren ikasketa horiek, alde batetik edo bestetik. Feminismo masterrak ez du euskal kulturari zuzendua dagoen modulurik; eta EKT-k, berriz, transmisioan jartzen du arreta, feminismoa bigarren plano batean utziz.

Era berean, kultur kritika izango du ardatz graduondoko berriak, antolatzaileentzako ezinbesteko elementua baita: “Kulturara hurbiltzeko baliagarriak diren tresna eta diskurtso feministak sortu eta hedatu nahi ditugu, kultur esparruaren premiak eta berezitasunak aintzat hartuta”.