Txikitatik maite izan ditu zaldiak Hannot Mintegiak. Horrexegatik, proposamen musikal berri bat sortzeko ideia bururatu zitzionean, moxal izena berehala etorri zitzaion burura. Emea zein arra zen zaldikumea izendatzeko erabiltzen zuen hitz hori bere aitonak . “Misteriotsua eta erakargarria iruditu zitzaidan beti hitz hori”, azaldu du musikariak. Eta izenarekin bat eginez osatu du proiektu berria. Diskoari ez ezik, Zaldikatu deitu dio kantu bati ere, zaldi baten irudia ageri da diskoaren azalean eta bideoklipetan ere presentzia izango du animalia horrek.

Ikus-entzunezkoetan eta Audience taldean aritu izanagatik ezagutzen du publikoak Hannot Mintegia. Bere kantu propioak sortzen hasi eta lagun musikari ugari batu du Moxal proiektura. Izan ere, Mintegiaren bakarkako lan jendetsua da Moxal, eta Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuen jendaurrean oraintsu. Amaituta egonda ere, proiektua “oraindik zabalik” dagoela dio Mintegiak, kolaboratzaile berriei irekia, zuzenekoetan parte hartzeko. “Nik ez dut sormena bakarkako ariketa gisa uler-tzen. Behar dut jendea inplikatu. Asko gustatzen zait beste musikariekin kolaboratzea, besteen diskoetan jotzea”, dio.

Hortaz, hainbat lagunengana jo zuen Zaldikatu lehen disko hau osa-tzeko eta baiezko borobilak jaso zituen. Horrela, Zea Mayseko Aiora Renteriak, Napoka Iriako Miren Narbaizak, Maite Arroitajauregi Mursegok eta Ainara LeGardonek ekarpen nabarmena egin dute ahotsetan. Bestalde, Aitor Etxebarriak, Willis Drummond taldean aritutako Rafa Rodrigok, Audience taldeko Gaizka eta Ager Insunza anaiek eta Empty Files-eko Txufo Wilsonek eta Jose Lastra ekoizleak lagundu dute soinu geruzen sarea osatzen. “Oso pozik nago emaitzarekin, Zaldikatu buruan nuen diskoa baita. Lan egiteko erak askotarikoak izan dira, oso emankorrak”, aitortu du.

ZORTZI ABESTI ETA BIDEO Euskaraz pentsatu eta sortutako lana da Zaldikatu. Misteriotsua eta aldi berean gertukoa; lan korala, askotariko ahotsek lagunduta. “Abesti ba-tzuek gau giroa iradoki dezakete, eta beste batzuek argitasuna. Dinamika asko dago diskoaren ibilbidean”, ziurtatu du Mintegiak. Guztira, zor-tzi abestiz dago osatuta lan berria; 40 minutuko lana da, lau abestirekin biniloaren alde bakoitzean. “Abesti batzuk aspalditik zeuden martxan, baina lanketa handia izan da egiturak ixtea, moldaketak egitea, hutsuneak betetzea... Hala ere, nahiko intuitiboki jokatu dut. Esaterako, koru asko nire ahotsa grabatu orduko grabatu dira, eta gero dena egokitzen joan da”, azaldu du. Mintegiaren ustez, abestiak kantu bihurtu dira kolaborazioekin batera. “Ordura arte ez nekien kantuak ziren edo ideiak ziren. Kolaborazioek kantuak aldatu dituzte”.

Mintegiak ez du entzule zehatz bat buruan musika sortzerakoan. “Nahiago dut musikak hitz egitea, irudiek eta istorioek hitz egitea, en-tzuleek proposamen batekin topo egitea”, azaldu du. Hala, diskoko abesti guztiek bere bideoa dute, Vimeo plataforman ikusgai. Horietako batzuk, Azalgorri abestiaren bideoa, esaterako, laburmetraia modukoak dira. “Bideoak sortzerakoan, irudietan ez nuke esango, baina bai pentsatzen dut eszena edo sekuentzietan: pertsonai batzuk, espazio bat, giro bat...”, zehaztu du musikari eta zinegileak. Azken finean, “musika beste era batera aurkeztea” da Mintegiaren helburua. “Niri ez zait asko gustatzen pertsonalizatzea, eta ez dut atsegin nire izena proiektu baten buruan jartzea. Interesgarriagoa zait beste era batean aurkeztea, eta egiteko modu hau musikaren izpirituarekin bat datorrela uste dut”. Izan ere, Zaldikatu diskoan, hasieran, kolabora-tzaileek bakarrik abestea zen ideia.

Mintegiaren ustez, hitzak eta abesteko era dira disko baten gauzarik original eta intransferibleena. “Kantu batzuek funtzionatu dezakete ahotsik gabe, atmosfera bat sortuz, baina niri gustatzen zait ahotsa narratzaile batena balitz bezala erabiltzea, zerbait kontatzen duena”. Bere kasuan, gainera, abesti baten hitzak dira sortutako unean berak behar zuen zerbait, kantatzerakoan aldatzen dena. Horixe izan da heldulekua sorkuntza prozesuan, askotan: hitzak eta esateko era interesgarriak izatea. “Esango nuke Moxalen kantak ametsen eta filmatu gabeko pelikulen soinu banden arteko tarteari kantatzen diotela. Hizkuntza bera, hitzen soinua eta hizkera gertuko espazio bihurtuta; gertukoa eta xumea”, dio Mintegiak.

PROIEKTU ZABALA Gernikako Lekuek jaialdian eman zuen Moxalek bere lehen kontzertua. Aurrera begira, hainbat kontzertu dauzkate jada hitzartuta. Horrela, Donostiako Dabadaban izango dira (ekainaren 14an), Forbidden Coloursen jaian, eta Bilboko Kafe Antzokian, ekainaren 20an. Emanaldien formatua, berriz, ez dago itxita. Moxal proiektu zabala izatea espero du Mintegiak, espazio ezberdinetara eraman ahal izateko modukoa. Bere esanetan, printzipioz areto itxiak eta giro lasaia lirateke egokiena eta bakarka edo bostekotean aritzeko moduan moldatzea errepertorioa. Aretoak ahalbidetzen duenean, ikus-entzunezkoen presentzia handituko litzateke emanaldian, abestiek “inoiz filmatu gabeko pelikularen soinu banda” baten forma baitute.