Azkuna Zentroaren Bastida Aretoak Estibaliz Sádaba Murguia artistaren lan berriaren egoitza izango da datorren asteazkenean, abenduaren 3an, 12:00etatik 19:00etara bitartean. RUINAS (cuaderno de notas experimental) izeneko lan honetan emakumeen rola nola moldatu den eta munduan bizitzeko duten modua aztertzen du artistak.

Bere proposamenen bidez, Estibaliz Sádaba Murgiak espazio bat sortu nahi du hausnarketarako eta eztabaidarako, gure testuingurua ikuspegi artistiko eta feministatik aztertzeko.

Azken urteotan, emakumeen gorputzaren eta bizigunearen arteko erlaziora bideratu du lana, eta ikertu du bi elementu horiek zer eragin-truke duten ingurune publiko eta pribatuetan, genero-ikuspegia bereziki jorratuz.

Babesturen egonaldian, RUINAS (cuaderno de notas experimental) proiektua landu du, hainbat testu, soinu eta performance dituen proiektua. Horretarako, lehen pertsonan idatzitako testu/manifestu poetiko esperimentalen idazketa izan du abiaburu, ondoren aipatutako baliabide soinudunen, grafikoen eta performatiboen bidez garatu ahal izan direnak. Testu horiek eta horien ondoriozko produktuek emakumeek etxeko eremuan egin duten lana ikusarazi nahi dute, ondoeza adieraziz (Friedan ).

"Lan honen bidez, gorputzaren gramatika hibrido bat garatu nahi dut, ohar-koaderno bat. Horrekin guztiarekin, emakumeen zeregina eta munduan bizitzeko duten modua nola moldatu dituzten aztertu nahi dut, betetzen dugun espazioa guztiz gurea ez balitz bezala", zehaztu du artistak.

Azkuna Zentroaren egonaldi artistikoak eskaini dizkion "denborak, espazioak, testuinguruak eta laguntza profesionalak" aukera eman diote proposamen hau gauzatu eta ikusleekin partekatzeko. "Proiektu honetan gehien motibatzen nauen gauzetako bat da hala prozesua nola azken emaitza interesgarriak izan daitezkeela publiko orokorrarentzat eta publiko zehatzago batzuentzat, alegia, artearen, literatura-ikasketen eta ikasketa feministen edo genero-ikasketen esparrukoentzat", adierazi du artistak.