Finala begiz jota du Aitor Etxebarriazarragak
Alde handiz nagusitu zen Abadiñoko finalaurrekoan, goitik beherako saio dotorea eginda
Hasierako agurrean zein puntu erantzunean aipatu zuen Eneko Etxebarriazarragak Bilboko Kasillako finala, garbi utzi zuen han egoteko gogoz heldu diola aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketari. Abadiñon jokatu zen atzo bigarren finalaurrekoa eta, asmoa ez ezik, onenen artean egoteko gaitasuna ere baduela erakutsi zuen gernikarrak. 651,5 puntu batuta, saioko puntuaziorik onena harena izan zen, bigarrenari alde galanta aterata. Hortaz, finalaurreetako bigarren itzulian izango da ziur.Bigarren lekuan geratu zen Txaber Altube, 607,5 punturekin.
Abadiñarra izanik, etxean aritu zen eta bikain aprobetxatu zuen gertutasuna, sendotasun eta heldutasun handiz hurrengo faserako aurrerapausua egiteko. Hirugarren Gorka Pagonabarraga izan zen, 604,5 punturekin. Saio biribil-biribila egin ezinda ibili arren, bigarren fasean egoteko adinako lana egin zuen durangarrak. Puntuazioz estuago ibiliko da Unai Mendiburu (600), ideia zorrotzak eta bertsoaldi eder bat baino gehiago utzi zituen arren. Azkenik, badirudi Maite Sarasolaren (562 puntu) eta Enare Muniategiren (552) bidea Abadiñon amaitu zela aurtengo txapelketan, baina adi hurrengo urteetan.Saioa, oro har, hotz samar joan bazen ere, azpimarratzeko moduko bertsoaldiak ez ziren falta izan Abadiñoko probalekuko oholtzan. Hamarreko txikian, Mendiburuk eta Pagonabarragak ondo baliatu zuten gaia: Mendiburu dependentzia azterketa egitera joana zen Pagonabarraga semearekin. Altube presoaren eta bisitan joan zaion Etxebarriazarragaren arteko trukea ere polita izan zen. Zortziko txikian, aldiz, Etxebarriazarragaren eta Sarasolaren arteko ofizioak txalo ugari jaso zituen, bereziki gernikarra zorrotz aritu baitzen. Guggenheimen lapurtzea otu zaien lapur bi ziren.
Hasieran Etxebarriazarraga ez zegoen oso ziur: “Kanpoko txakurrak be harrapauko gaitu”, bota zion Sarasolari, baina honen ideia onartu zuen gero, eta hala biribildu: “Zer ba ez gara egingo koadro biren jabe / eurek biosfera bat ostuko badabe”.Iparragirre abila dela doinuan egin beharreko ofizioetan ere umorea nagusitu zen, batez ere Sarasola eta Mendiburu gauez kanposantuan kokatu zituztenean, baita Muniategi eta Altube bajan dauden fisioterapeuten larruan sartu zituztenean ere. “Sakatu eizu jo ta ke / nire ezker hanka konpondu eta eskuma apurtu arte”, izan zen Altuberen ideia. Etxebarriazarraga eta Pagonabarraga serioago aritu ziren, lagun minak diren nerabe biren gurasoen paperean. Guraso biek elkarrekin maitasun erlazioa hasi dutela eta, Pagonabarragak garrantzia kendu zion nerabeengan horrek izan zezakeen eraginari: “Nerabezaro bete-betean drama bat gehiago zer da ba!”. Ganbarako zatian, bakarka, puntuari erantzun zioten sei bertsolariek eta, amaitzeko, hiruna bertso bota zizkioten gai honi: “Azkenean lortu duzu amaitzea. Oso harro zaude zeure buruaz”. Sarasolak terapia bukatu berri kokatu zuen bere burua eta, kanpotik txikikeria dela pentsatzen dutenen aurrean, hala bota zuen: “Baina honaino iristea, harro egotekoa da”. Muniategik, ostera, bertsoz kontatu zuen 10 kilometroko lasterketa batean parte hartu eta helmugara iritsi dela. “Bizi honetan ni neure kontra eta besterik ez dago / maite behar neuke neure burua eta apurtxu bat gehiago”, biribildu zuen saioa.
Unai Mendiburuk, puntuari erantzun dotoreak emateaz gainera, bikain haritu zituen azken hiru bertsoak, ludopatiari aurre egin dionaren azaletik. Hala errematatu zuen lana: “Azkenik iritsi baita, azkenik egin dut alde / behin apustu egitean neure buruaren alde”. Pagonabarragak ere dotore azaldu zituen bulegoko lana utzi eta triatloiari heldu dion kirolariaren sufrimentu eta gozamenak. Txaber Altube, ostera, bikotekidearekin harremana hautsi berritan zen. “Orain ikasi beharko dugu, besterik ez da gelditzen / lehen elkarrekin ikasi legez, elkarren faltaz bizitzen”, bota zuen. Bakarkakoan azkena, Etxebarriazarraga, saio guztian bezain indartsu aritu zen. Familiari tratu txarrak ematen dizkion aita baten semearen papera aukeratu zuen gernikarrak eta istorio hunkigarria josi zuen. “Zabalduz joatzu / ahoa oldartsu / baina zeure ordua be ailegauko jatzu”, amaitu zuen lehenengo alea eta, hirugarrenean, harrotasunez abestu zien senideei: “Nahiz joan ez orbana / Badugu zor bana / gozatzea dana / harro nago, ama / ez dalako itzuliko berriz gugana”. Ondo merezitako txalo zaparrada entzun zuen Etxebarriazarragak bertsoaldi horretan, eta saioa goi-goian amaitzea lortu zuen. Entzule guztiek nabaritu zuten hurrengo faserako ere bete-betean dagoela Etxebarriazarraga eta epaileen puntuazioak bat egin zuen sentsazio horrekin.
Hirigune bertsozaleen txanda
Bizkai osoko eskualde eta herriak izaten dira Txapelketaren egoitza, Bertsozale Elkartea ahalegintzen baita oreka geografikoari eusten. Hala, aurreko astean Arratiako Zeanurin eta atzo Durangaldeko Abadiñon kantatu eta gero, bertsolariak inguru urbanora helduko dira domekan, hilaren 9an, Barakaldora hain zuzen. Ezkerraldeko euskaltzaleentzat hitzordu aproposa izango da, ingurune erdalduna izatearen ospea duen hirian ere bertsozaletasuna indartsu dagoela erakutsi ahal izango baitute. Saioa 17:00etan hasiko da, Lasesarre kiroldegian. Ibai Amillategi, Irune Basagoiti, Lurdes Ondaro, Mikel Goiriena, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia igoko dira oholtzara. Finalaurreetako lehenengo itzuliko azkena izango denez, bigarren itzulira pasako diren hamabi bertsolarien izenak bertan ezagutuko dira.