'Elhuyar Zientzia' hedabide digitala sortu du Elhuyarrek, 25.000 eduki baino gehiagorekin, euskaraz, eta "bertako ahotsekin eta begiradekin, gure teknologiarekin eta mundu zabaleko edukiak ekarrita", aurkezpenean azaldu dutenez.

Garazi Andonegi Beristain Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzaileak eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute Elhuyarreko Kultura Zientifikoko arduradunak astearte honetan aurkeztu dute zientzia eta teknologiako euskarazko hedabide digital aniztun berria, Elhuyarren Usurbilgo (Gipuzkoa) egoitzan.

Azaldu dutenez, "zientziaren eta gizartearen arteko elkarrizketak mundua eraldatzeko gaitasuna duela ikusiz eta informazioaren gizartean bizi garela kontuan izanik", Elhuyarrek 'Elhuyar Zientzia' hedabide digitala sortu du.

"Etengabe egokitzeko behar horren aurrean", zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus webguneak uztartu, eta "gaur-gaurko edukiak eta gizarte kritiko batentzako begiradak" ekarriko ditu hedabide digitalak.

Hedabidea euskaraz sortua dago, "bertako ahotsekin eta begiradekin, gure teknologiarekin eta mundu zabaleko edukiak ekarrita", eta zientzia eta teknologiako gaiak eskainiko ditu, formatu desberdinetan.

Guztira, 25.000 eduki baino gehiago ditu: zientziaren arloko albistegiak eta bitxikeriak bideo laburretan; ingurumenari, feminismoari eta zientziari buruzko podcastak; elkarrizketak; euskal ikertzaileen begirada kritikoa eta iritzia; basabizitzaren argazkiak; herritarrek iritzia emateko espazioak; emakume zientzialarien efemerideak.

Horretaz guztiaz gain, egungo gizarte krisiak eta kezkak ere azalean jarriko ditu, hala nola osasun mentala, trantsizio ekosoziala, ingurumena edota balioak.

Era berean, hedabide digitalak Elhuyarren garatutako teknologia aurreratuenak ditu: itzultzaile automatikoa sei hizkuntzatan (euskara, gaztelera, ingelesa, frantsesa, katalana eta galegoa), testua entzuteko ahots automatikoak, eduki proposamen automatikoak edota bilatzaile aurreratua.

ATALAK

'Elhuyar Zientzia' aldizkariak diseinu dinamikoa eta funtzionala du, eta hori azalean ikusaraziko da, batez ere edukien ikusgarritasuna areagotuta. Kanaletan, albisteak, elkarrizketak, iritziak, argazkiak, podcastak, bideoak eta erreportajeak topatuko dituzte erabiltzaileek.

Arduradunek iritzien atala nabarmendu dute, non erreferentziazko zientzialari eta teknologoek begirada kritikoa eta estrategikoa jarriko baitute mahai gainean, auzi sozialak aintzat hartuta.

Atal berezietan, asteroko inkestak egingo dira, zientzian gertatzen ari diren aurrerapenek gizartean sortzen duten iritzia jasotzeko, baita hezkuntzari lotutako edukiak (albisteak, komikiak, liburuxkak eta bideoak), efemerideak eta ingurumenari buruz komunikatzeko dekalogoa ere.

Halaber, erabiltzaileei dibulgatzaile bihurtzeko aukera ematen dien atal bat dago: 'Gai librean' atalak aukera ematen dio nahi duenari bere edukia bidali eta editoreek aztertu ondoren argitaratzeko.

Gainera, 'Elhuyar' aldizkariaren irakurleentzako aldizkari digitala eta 'Teknopolis' programaren zaleentzako atala ere egongo dira. Asteko buletin bat ere izango da, zientziaren eta teknologiaren arloko unean uneko gai nagusien asteroko laburpen bat postan jaso nahi dutenentzat.