Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11.306 ekitaldi kultural egin dira guztira aurtengo lehen sei hilekoan, iaz aldi berean baino %7,45 gehiago. Kopuru horrek 60 jarduera kultural baino gehiago biltzen ditu egunean.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturbek datu horien irakurketa positiboa egin du, "gure herrialdeko kultura-sektorearen sendotasuna eta bizitasuna islatzen ditu". "Egunez egun kultura hori posible egiten duten profesional, kolektibo eta eragileei laguntzen jarraitu nahi dugu" gehitu du Iturbek.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, aztertutako bost arlo nagusiek (kontzertuak, antzerkia, dantza, bertsolaritza eta erakusketak) joera positiboak islatu dituzte ekitaldien bolumenean, euskarazko programazio-maila altuak (%38) mantenduta eta doakotasuna eta herritarren sarbidea nabarmenduta.

Batez beste, zuzeneko arte-ekitaldien %38 doakoak izan ziren, eta datu horrek erakusten du, sailburuordearen ustez, kultura irisgarria dela gizartearen unibertso zabal batentzat.

Lurraldeka, Bizkaiak jarduera kulturalaren %45,5 biltzen du, ondoren Gipuzkoak (%38,9) eta azkenik Arabak (%15,6).

Txostena Eusko Jaurlaritzako Kulturaren Euskal Behatokiak egin du, 2025eko urtarriletik ekainera bitartean Kulturklik plataforman argitaratutako ekitaldien unibertso osotik abiatuta.

Kontzertuak izan dira ekitaldi mota ohikoenak, guztizkoaren %25a. 2.831 kontzertu egin dira (iaz baino %3,4 gehiago). Nabarmentzekoa da egungo musiken presentzia handia (%83), aurreko urtearekin alderatuta egonkor mantendu dena. %40 doakoak izan ziren eta %14 kanpoko espazioetan egin ziren.

2.217 emanaldirekin, antzerkiak ekitaldi guztien %19,6 osatzen du (%2,6 gehiago iazko aldi berarekiko). Antzerkiko ekitaldi horietatik %35,5 haurrei edo senideei zuzenduta egon zen, eta ekitaldien %31 doakoak izan ziren.

Nabarmentzekoa da dantzaren presentzia, 491 emanaldirekin (iaz baino %1,9 gehiago), jarduera kulturalaren %4,3 osatuz. Emanaldien ia %60 dantza garaikidekoak izan ziren, eta %30 dantza tradizionalekoak. Doakotasuna handia izan zen: ekitaldien %59 inguru doakoak izan ziren publikoarentzat, eta %40 aire zabalean egin ziren.

Bertsolaritza dela eta, 531 ekitaldi egin dira, jarduera kulturalaren %4,7. Ia ekitaldi guztiak doakoak izan ziren, horietako asko espazio irekietan, euskaraz, eta tokiko parte-hartze handiarekin.

Lehen seihilekoan 725 erakusketa inauguratu ziren. Erakusketek zerbait gora egin dute (ia % 2) 2024arekin alderatuta. Arte garaikidea izan zen genero nagusia (%70,5) eta ondoren historia, etnografia eta arte ederren erakusketak.