Harrera bikaina izan du Bilbao Blues Festivalen laugarren edizioa
Ikusleek, bluesa ez ezik, antzeko estiloak ere izan dituzte gozatzeko
Milaka eta milaka lagun bildu ditu azken lau egunotan ospatu den Bilbao Blues Festival jaialdiaren laugarren edizioak. Bi agertokirekin, Bilbo genero horretako nazioarteko hiriburu bihurtu da. Horren erakusgarri izan da publikoz beteriko Areatza: dozena bat artista eta banda aritu dira jotzen, eta, haien artean, Estatuan lehen aldiz aritu diren nazioarteko hiru izar izan dira.
Ikusleek, bluesa ez ezik, antzeko estiloak ere izan dituzte gozatzeko, hala nola soula, funka, rock’n rolla eta, lehen aldiz, zydecoa. Bilboko Udalak bultzatutako eta Crazy Bluesek antolatutako udako musika-lehiaketa generoaren erreferentzia argia da Europan, programazioaren kalitateari eta publikoa erakartzeko ahalmen handiari esker.
Kontxi Claver Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko zinegotziak, bestalde, hauxe adierazi du: “Aurten ere lortu dugu jaialdiaren kalitatea handitzea, eta bere generoan bakarrak diren kontzertu eta emanaldiak izan ditugu. Lehiaketa honek publiko leiala du, eta Bilbo bluesaren benetako hiri bihurtzea gura dugu: lehen mailako bikaina, kalitatea eta erakargarritasuna; jaialdi garrantzitsuenen munduan kokatu gura dugu Bilbo. Iruditzen zait oraingo honetan nota onarekin gainditu dugula”.
Carlos Malles Bilbao Blues Festivaleko zuzendariak bereziki nabarmendu ditu zuzenekoen maila handia eta taldeek publikoarekin izaniko lotura; izan ere, une ahaztezinak izan dira bluesaren mitoekin, generoaren balio amerikar gazteekin eta tokiko artistekin. “Kontzertu historikoak izan ditugu; Jimmie Vaughanena, esaterako. Gainera, estatura lehenbizikoz etorri diren artista gazteak izan ditugu, hala nola Delanie Pickering gaztea, Blackburn Brothers eta Terrance Simien, eta apustu hori egundoko arrakasta izan da”. Mallesek, halaber, nabarmendu du sekulako emozioa sentitu duela “Jimmie Vaughani jaialdiko txapela jartzean eta Laura Chávez gitarristarekin berriz elkartzean”, zeina Vanessa Collierrekin batera aritu baita. Era berean, “jaialdia inguratzen duen talde bikainaren lana” nabarmendu du, eta gaineratu du hori gabe ezinezkoa izango litzatekeela “halako ikuskizun batez gozatzea”.
Publikoa liluratu duen programazio eklektikoa
Ostiral arratsaldean, Mississippi Queen & The Wet Dogs taldeak jaso zituen publikoaren lehen txaloak Areatzako agertokian. Bilboko boskoteak bluesa, soul-funka eta rocka uztartu zituen, eta Inés Goñi abeslariaren ahots bikainak distira egin zuen.
Ondoren, The Kings of Blues izar afroamerikar beteranoak txunditurik utzi zuten publikoa lehen akordeetatik. Ikuskizun horretan, bluesaz gainera, oso presente egon zen funkya ere, eta Vasti Jackson gitarristak, zeinak 2023ko edizioan ere bisitatu baitzuen jaialdia, ez zuen zalantzarik izan agertokia utzi eta jendearen artean jotzera jaisteko. Errezeta ezin hobea izan zen banda bikain horrekin dantzatzeko eta gozatzeko, kontuan izanik, gainera, B.B King, Albert King, Etta James, James Brown eta halako mitoekin batera arituak direla beren karreran zehar.
Hasierako saio horien ondotik, The Blackburn Brothers seikote kanadarrarekin amaitu zen lehenbiziko gaua. New Orleans aldeko bluesa, soula, funka eta reggaea ere oroitarazi zuen ikuskizunarekin, eta dantzan jarri zituzten Areatzako esparrura hurbildutako pertsonak. Haien estilo sofistikatuak, ahots-harmoniek eta haize-sekzio handiak markatu zuten aurreneko egunaren amaiera.
Larunbatean, Sweet Marta & The Blues Shakers talde katalanak eskaini zuen lehen emanaldia Areatzako kioskoan, eguerdi-partean. Oso kontzertu txalotua izan zen, eta Marta Suñé harmonizista eta abeslaria buru zuen taldeak blues, rock’n roll eta boogie woogie adarretako abestiak konbinatu zituen generoko klasikoen bertsioekin.
Jarraian, Al Dual gitarrista eta abeslari murtziarrak erakutsi zuen zergatik den estatuko rockabillyaren erreferentzia handienetako bat. Haize-sekzioa biltzen duen banda handi batekin, giroa maisutasunez berotu zuen, eta benetako rock’n’roll klasikoz osaturiko errepertorio bikain bat eskaini zuen, ia erabat berak sortua. Bi kantutan, gainera, luxuzko gonbidatu bat izan zuen alboan: Mingo Balaguer aho-soinuarekin.
Arratsaldean, lehiaketako une bizi eta hunkigarrienetako batzuk bizi izan ziren Areatzako agertokian. Lehenik eta behin, New Hampshireko Delanie Pickering blueswoman gaztearen emanaldia izan zen. Teklatuz, bateriaz eta kontrabaxuz osatutako laukote batekin, abeslari eta gitarristak Texas, Chicago eta New Orleanseko benetako blues giroa ekarri zuen, soiltasun eta naturaltasun handiz, eta publikoak txalo-zaparrada luzez saritu zuen. Bilbao Blues Festivalen, Pickeringek argi utzi zuen zergatik den blues amerikarraren errealitate gazte sendoenetako bat.
Jimmie Vaughan, jaialdiko sari berezia
Ondoren, eguneko protagonista nagusiaren txanda izan zen: Jimmie Vaughan Texas aldeko bluesaren mitoak eskainitako kontzertua, zeinak sinpatia handia erakutsi baitzuen Carlos Malles lehiaketaren zuzendariak jaialdiko txapel berezia eman zionean. Vaughanen aurretik, sari hori bera eskuratu zuten Bob Stroger baxu-jotzaileak, Rick Estrin harmonizistak eta Kim Wilson abeslari eta harmonizistak —azken hori Jimmie Vaughanen taldekidea urte askoan, The Faboulous Thunderbirds talde mitikoan—.
Jimmie Vaughanek eta haren bandak emanaldia gogoangarria eskaini zuten jendez gainezka zegoen Areatzan. Texasko blues, country blues eta rock’n’roll ikuskizun peto-petoa eskaini zuen, kilate askokoa, eta izan zen bere anaia Stevie Ray Vaughani eginiko erreferentziarik ere: hala, Texas flood edo Six strings down abestiak eskaini zizkion 1990ean superizar bat zenean hegazkin-istripu batean hil zen anaiari. Jimmie Vaughanen dotoreziak eta talentuak oroitzapen ezabaezina utzi zuten Bilboko ikusleen artean, eta jendetza izugarria hurbildu zen jaialdiaren historiara igaroko den show bat ikustera.
Terrance Simien & Zydeco Experience taldeak amaitu zuen jaialdiaren bigarren eguna zydeco musikaz girotutako festa batekin. Genero horrek Louisiana frankofonoko kreol beltz eta arraza anitzekoen erroak ditu. Terrance Simien soinujole eta abeslari ospetsuak zeremonia-maisu gisa jardun zuen energia multikulturalez betetako ikuskizun batean; hala, reggae eta rock klasikoen bertsioak ere izan ziren, hala nola Bob Marleyren No woman no cry edo Bob Dylanen I shall be released.
Jaialdiaren azken eguna Delaney Pickering abeslari eta gitarra-jotzaile talentudunaren emanaldiarekin hasi zen goiz-partean, Areatzako kioskoan. Hain zuzen ere, beste kontzertu bat eman zuen bezperako arratsaldearen ostean, baina oraingoan errepertorio dantzagarriago bat eskaini zuen: Chicagoko boogie woogiea, rock’n rolla eta bluesa biltzen zituen koktel batekin. Publikoak txalo zaparrada luzeekin eskertu zuen.
Ondoren, Martin Burguez & His Rythm Combo seikote dotorea etorri zen Uruguai aldetik,eta rhythm & blues generoko klasiko erakargarriak interpretatu zituzten, baita abesti originalak eta 40ko eta 50eko hamarkadetako musika ere.
Arratsaldeko programazioa Vanessa Collier abeslari eta saxofoi-jotzaile texastarrak hasi zuen. Blues zirkuituko izar gazte horrek soul eta funk doinuez beteriko kontzertu ikusgarri bat eman zuen. Haren ahots indartsuak, saxofoi-solo biziek eta Laura Chávez kidearen gitarra-maisutasunak utzi zizkiguten jaialdiko unerik berezienetako batzuk.
Chicago Blues Summer Tour superbandak Chicago Blues Festivaleko onena ekarri zuen Bilbora. Mike Wheeler (gitarra eta ahotsa), Larry Williams (baxua), Cleo Cole (bateria), Jessee Lockridge (teklatuak), Russ Green (aho-soinua) eta Fay “Peaches” Staten (ahotsa) musikari ezagunek osatutako taldeak eskainitako emanaldia interpretazioko talentuz beteta etorri zen, eta blues eta soul erritmo kutsakorrez josita.
Eta laugarren edizioa amaitzeko, Bilbao Blues Festival jaialdiak swing, rok’n roll eta 50eko hamarkadako musika dantzagarrienaz gozaturiko festa bat eskaini zion publikoari: Ray Collins’ Hot Club taldeak “The Book of the Golden Age” azken albuma aurkeztu zien bertaratuei.
Volotea Blues Challenge, kontzertu didaktikoake eta boogie-woogie eskolak
SirJo Cocchi & Balta Bordoy-The Blues Way talde kataluniarrak irabazi du Volotea Blues Challenge txapelketa, eta haiek ordezkatuko dute estatua European Blues Challenge 2026 jaialdian, Katowicen (Polonia).
Iazko finalean parte hartu zuen talde hori milandar batek eta mallorcar batek osatua da, eta txunditurik utzi zituzten epaimahaia eta publikoa, bai 60ko hamarkadako blues elektrikoaren eta R&Bren urrezko garaiko interpretazioengatik, bai musika-estiloarekin bat zetorren jarreragatik.
Ostiral goizean, Diablues ta Bluezifer bikoteak familia-ikuskizun bat eskaini zuen Guggenheim Bilbao Museoko auditoriumean. Oihan Vega aktore eta komunikatzailea eta Nagore Sanz kontrabaxu-jotzailea izan ziren hitzordu didaktiko horretako protagonistak, eta pozik utzi zituzten Bilboko pinakotekara hurbildu ziren ikusleak.
Eta, igande goizean, hainbeste esperotako boogie-woogie eskolek berriro ere dantzan jarri zituzten parte-hartzaileak, Portugaleteko Swing Dantza Eskolako irakasle Carlos Etxebarriak gidaturik. Ehunka lagun bildu ziren Areatzan pausoak ikasteko eta 50eko hamarkadako musikaren erritmoan dibertitzeko.