Astelehen honetan arratsaldean, Bilboko Udalak Hilerriko Film Laburren lehiaketaren bigarren edizioaren sariak banatu ditu Kaperan izandako ikustaldi publiko batean. Aurtengo edizio honetan Asier Casasen 'El lugar más vivo' izeneko ikus-entzunezko klipa irabazle izendatu dute.

“Aurkeztutako obrek hilerriaren aniztasun soziala eta pertzepzioa adierazten dute. Horiek guztiek leku hau beste ikuspegi batetik begirarazi gaituzte; eta hori zen helburua”, adierazi du Alvaro Perez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotzi ordezkariak.

Lehiaketa, Bilbao Zerbitzuak-ek hilerrian antolatutako 2025eko programazioaren barruan kokatua, maiatzean egin zen, zehazki, hilaren 16tik 18ra bitartean, 8 talde parte-hartzailerekin. Guztiek kanposantuko instalazio guztiak izan zituzten eskura. Jarduerek, aurreikusi bezala, ez zuten gainerako zerbitzuak oztopatu, ezta erabiltzaileen bisitak ere.

Lehiaketaren bigarren edizio honetan, zinegotziak eta kultura eta zinema munduko profesionalek (Alvar Gordejuela, Eva Argote eta Cristina Ezquerra) osatutako epaimahaiak nabarmendu duenez, talde guztiek “beren sormena eta gogoa ikusarazi dute, hilerria zinemaren bidez sustatuz eta prestigiatuz”. Oraingo honetan, bigarren saria Mano a mano taldearentzat izan da 'Adiós artificial' obragatik; eta bertaratutakoen obrarik gogokoena 15 botorekin '¡¡Plash!!' lana izan da, Gabiluk taldeak sortua.

Saritutako film laburrak Bilbao Zerbitzuak duen arte bildumaren parte dira jada, eta bilbaozerbitzuak.bilbao.eus webgunean eskuragarri daude.