Astelehen honetan goizean, Arriaga Antzokiko presidente den Calixto Bieitok eta Bilboko Udaleko Kultura zinegotzi Gonzalo Olabarriak Arriaga Antzokiaren 2025-2026 denboraldiko programazioa aurkeztu dute. Denboraldi berria 2025eko abuztutik 2026ko ekainera luzatuko da.
Udan, arrakasta eztabaidaezina duen musikal bat izango dugu: Mamma Mia!. Bestelako produkzio bat da, ez da aurretik ere Bilbon izan dena, eta abuztuaren 14tik irailaren 21era ikusi ahalko da, baita Aste Nagusian ere.
Programazio berriak tokiko eszenari bultzada bat ematen jarraitzen du baina, horrez gain, Espainiako Estatuan egiten den antzerkirik onena ekartzen du eta Arriaga Antzokiak nazioartean duen posizionamendu onari eusten dio.
Produkzio propioaren aldeko apustua
Datorren denboraldian ere, oinarrietako bat izango da Arriaga zigilua duten proiektu berriak oholtzaratzea. Hala, datorren urtean bi produkzio handi estreinatuko dira, beste bat berriz antzeztuko da, beste hiru ikuskizun koproduzituko dira eta zuzeneko elkarlana egingo da beste zortzi proiektutan.
2026ko apirilean, zehazki, hilaren 11n eta 12an, Gesualdo WC Station aurkeztuko da jendaurrean: kontzertuen, antzerkiaren eta zinemaren elementuak nahasten dituen ikuskizun bat. Alex Gerediagak eta bere talde artistikoak Carlo Gesualdo (1560-1613) konpositorearen madrigalak oholtzaratzeko eta antzezteko erronkari heldu diote, bere ildo estetiko eta narratiba zinematografikoagatik ezagut daitekeen proposamen baten bidez. Arrate Etxebarria, Txubio Fdez. de Jáuregui, Sandra Fdez. Aguirre eta Aitor Borobia aktoreak Gesualdoren errepertorioan adituak diren Voces Suaves (Basilea, Suitza) ahots talde bikainarekin batera arituko dira. Obraren planteamendua honako hau da: denboran ahaztuta geratu den tren geltoki bateko komun batean, ispiluak, kabinak, komun-ontziak, azulejuak, dar-dar egiten duten argiak ikusten ditugu; mendeak zeharkatzen dituen drama bat hasten da. Bost ahots a cappella durundi egiten ilunantzean, Carlo Gesualdoren lehen eta bigarren liburuetako madrigalak ahazmenetik ateratzen dituztela. Nota bakoitzak, etendako harmonia bakoitzak, konpositorearen tragedia ekartzen du gogora: jeloskortasuna, traizioa, hilketa. Interesgarria izango da proiektuak zer nolako bilakabidea duen ikustea.
Aurreikusitako beste ekoizpen propioaren estreinaldia Shostakóvich 14 izango da, Calixto Bieitok zuzendutakoa. Denboraldiari amaiera emango dio, 2026ko ekainaren 19an eta 20an, eta bi abeslari bikainek interpretatuko dute: Annette Daschek eta Leigh Melrosek. Duela gutxi ikusi genituen Bilbon, Die ersten Menschen eta Orgian, hurrenez hurren. Itxi gabe dago oraindik Shostakóvichen sol minorreko 14. Sinfonia, op. 135-ari buruzko ikuskizunean jardungo duen talde osoa. Obra bizia da, oso introspektiboa eta izaera ilunekoa, eta, besteak beste, Lorca, Apollinaire, Küchelbecker eta Rilke egileen hamaika poemetan oinarritzen da. Errusieraz konposatu bazuen ere, Shostakóvichek baimena eman zuen bertsio kantatu bat egiteko poesiaren hizkuntzetan: gaztelaniaz, frantsesez, errusieraz eta alemanez. Antzeztutako bertsio honetan mundu distopiko bat aurkituko dugu: leku eder eta oparo bat, lehen bizitzaz beteta zegoena, baina suntsitua, urratua eta umiliatua izan dena. Bada, poesiaz, edertasunez eta, aldi berean, iluntasunez beteriko proiektu lirikoa da aurkeztuko dena.
Azkenik, ordena kronologikoari erreparatuz gero lehena izango bada ere, %100ean Arriaga den hirugarren ikuskizun bat izango dugu datorren denboraldiko programazioan, Moto-Membra Jesu Nostriren emanaldi bat programatu baita aurtengo irailaren 27rako. Hala, Arriaga Antzokiak azken urteotan ekoitzitako harribitxietako bat berreskuratuko da. 2022ko ikuskizun hori Dietrich Buxtehudek 1680an konposatutako Membra Jesu Nostri kontzertuaren antzezpen bat da. Zikloak Kristoren oinei, belaunei, eskuei, saihetsari, bularrari, bihotzari eta aurpegiari eskainitako zazpi kantata ditu, eta Eneko Sagardoy aktoreak idatzi eta antzezten duen testu zoragarri batekin solasean dihardute, non ustezko moto istripu batean desagertu den gizon baten eta geratzen den horren maitasunari buruzko istorio bat kontatzen zaigun. Lucía Astigarraga ikuskizunaren zuzendariak diseinatutako eszenaratze ederrak, eta Sagardoyk berak eta Conductus Ensemblek, Andoni Sierraren zuzendaritzapean, eskaini zuten emanaldi bikaina oso goraipatuak izan ziren kritikaren eta ikusleen aldetik. Orain, aukera bikaina izango dugu obra berriz ikusteko.
Aipatutako hiru ikuskizunez gain, Arriaga Antzokiak koproduktore gisa dihardu beste hiru ikuskizunetan; horien artean bi erabateko estreinaldi ditugu, bata antzerkikoa eta bestea dantzakoa. Antzerkiko estreinaldia Desobedienteak 18/98 - Desobedientes 18/98 da eta Tanttaka Teatroa konpainiak eta Arriaga Antzokiak koproduzitu dute. María Goiricelayak idatzi duen obra bat da, eta muntaia Fernando Bernuések eta Mireia Gabilondok zuzentzen dute. Arriagan euskarazko estreinaldia izango dugu lehenik, urtarrilaren 9an, eta jarraian, gaztelaniazkoa, hilaren 10ean eta 11n.
Bi hilabete geroago, martxoaren 27tik 29ra, eta Arriaga Antzokia ikuskizunaren produktoreen artean dagoela, Fundación Baluarte Fundazioa, Kursaal Eszena eta Gasteizko Antzoki Sarearekin batera, A.I. (Amalur Indarra) estreinatuko da. Lucía Lacarra Balletaren bigarren produkzioa da, Lost letters-ek izandako arrakastaren ondoren datorrena; hura ere Arriagan estreinatu zen. A.I. (Amalur Indarra) izenburua Adimen Artifizialaren ingelesezko siglekin egindako hitz joko bat da, eta gizaki egiten gaituzten sentimenduak non geratzen diren eta sormenerako geratzen den lekua ezbaian jartzen ditu, Lucia Lacarrak, Matthew Goldingek, Josué Ullatek eta Lucia Lacarra Balleteko dantzariek interpretatutako dantza ikuskizun batean.
Azkenik, estreinaldiaren hamargarren urteurrena ospatuz, Amour eskainiko da berriz urtarrilaren 29an, Marie de Jongh konpainiaren eta Arriaga Antzokiaren artean egindako koprodukzioa. Jokin Oregiren dramaturgia eta zuzendaritzarekin, hitzik gabeko familia-antzerkiko ikuskizuna 2015eko abenduan estreinatu zen. Urte hauetan kritikaren eta ikusleen laudorioak jaso ditu, baita sari ugari ere: Haurrentzako edo Familientzako Ikuskizun Onenaren 2017ko MAX saria, Ikuskizun Onenaren 2016ko FETEN saria edo Euskal Ekoizpen Onenaren 2015eko ERCILLA saria, besteak beste.
Horrez gain, Arriaga Antzokiak euskal sortzaile edo taldeek egindako beste zortzi ikuskizunekin kolaboratu du, eta horietako lau bertan estreinatuko dira. Lehena azaroaren 20an izango da: El lenguaje de las flores - Loreen hizkuntza, Unai Izquierdoren dramaturgia eta Getari Etxegarairen zuzendaritza dituen antzezlan elebiduna, La Mapatxa Teatroa euskal antzerki konpainia berriaren aurreneko proiektua. Abenduaren 18an Lovesongen txanda izango da, Abi Morgan antzerkigile britainiarraren obrarena, zeina Sandra Maturanak moldatu eta zuzendu baitu, Pabellón 6ek egindako produkzioan. Bi hilabete geroago, otsailaren 18an, estreinatuko da Me aparezco porque me lo ha dicho mi psicóloga, Pedro Rivero eta Gemma Martínezen gidoia duen eta Laura Ortegak zuzenduko duen obra. Eta martxoaren 11n, Pabellón 6eko Gazte Konpainiak, Adriana Laespadaren zuzendaritzapean, lehen aldiz antzeztuko du El despertar de la primavera obra, Laespadak berak egindako Frank Wedekind-en Despertar de la primavera testuaren egokitzapena dena. Arriaga Antzokiaren elkarlana duten beste lau ikuskizunak ez dira hemen estreinatuko. Horietako hiru antzezlanak dira: Nor naizen baneki, Harkaitz Cano eta Ximun Fuchsena (azaroaren 5ean eta 6an); Rikardo III eta ni, Eneritz Artetxeren dramaturgiarekin eta Igor de Quadraren zuzendaritzarekin, urtarrilaren 15ean ikusiko duguna; eta Kimu / La casa de todos, Marie de Jongh konpainiaren azken lana, Jokin Oregik sortu eta zuzendutakoa, euskaraz urtarrilaren 31n eta gaztelaniaz otsailaren 1ean ikusiko duguna. Horrez gain, Arriagak ere lagundu dio Eva Guerreroren Hasta el último baile dantza-obrari (azaroaren 13an Arriagan).