Zinez, gizon jantzia zen Patri Urkizu. 78 urte zituela zendu zen atzo euskal irakasle, ikerlari, filologo eta intelektual handia. Euskal kulturak eta hurbilekoek penaz hartu zuten albistea. Horien arteko bat Ramon Etxezarreta idazle eta politikari ohia dugu. “Bere heriotzak bihotzean jo nau”, esan zuen telefonoaren beste aldean. Hitz onak besterik ez zituen izan lagun mina izan zuenarentzat: “Patri Urkizu euskal entziklopedia bat zen”.
1946. urtean Lezon sortua, Urkizuk Salamancan burutu zitguen Filologia Erromanikoko ikasketak. Irakasle eta mentore izan zituen Fernando Lázaro Carreter eta Koldo Mitxelena. Hain zuzen ere, azken horren eskutik lortu zuen Euskal Filologian doktoretza 1986. urtean, Pierre d’Urteren hiztegia. Londres 1715 izeneko tesiarekin, Bordeleko Unibertsitatean eskolak emateari utzi ostean –Donostiako EUTGn eta Madrilgo UNEDen irakasle ere aritu zen–. “Gizon on bat izateaz aparte euskal entziklopedia bat zen, paper eta izkribu zaharrez, beti ere berriei ukorik egin gabe, elikatzen zena. Euskararen eta adiskideen maitalea, lagunarte gozokoa, lezoarra. Amaierarik gabeko bizipoza zuen”, kontatu zuen Etxezarretak. 70. hamarkadan ezagutu zuten elkar eta beraien arteko adiskidetasunak gaur arte iraun du: “Adiskide sarri baten galera sentitu dut, ordezkorik gabeko batena”.
Modu poliedriko
Euskal letren munduari modu poliedriko batean begiratu zion pentsalaria izan da Urkizu –Donostiako Literaktum jaialdiak orain asko ez dela omendu zuen lezoarra–. Euskaltzaindiak euskara estandarra sortzeko batzarrean parte hartu zuen 1968. urtean, Akademiak, gerora, euskaltzain urgazle izendatu zuelarik. Politika eta kultur mugimenduetan ere ibili zen: Frankismoaren osteko Lezoko lehen alkatea izan zen, baita Euskal Idazleen Elkarteko presidente ere (1989-1997); gainera, hainbat urtez Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura Sailaren ardura ere izan zuen.
Idazle ibilbideari erreparatuz, Estatu frantseseko nouveau roman mugimenduak eragindako Sekulorun Sekulotan (Kriseilu) eleberria ondu zuen 1975ean. Garai horretan, gainera, Berriak aldizkarirako hainbat kronika eta kritika ere ida-tzi zituen.
“Modu ugaritako ekarpenak, baina nagusiki euskal teatroaren zaintza eta ardura zituen eginkizun eta horretan egin zuen ekarpenik handiena. Euskarazko teatroaren historian ezinbesteko iturria da Patri. Aparte, hortxe daude bere literatur lanak, bai eta idazleen lan baldintzekiko kezka ere”, azaldu zuen Etxezarretak.
Hain zuzen ere, bertsogintzaren eta euskal antzerkigintzaren inguruko ikerketa eta liburu asko idatzi zituen Urkizuk. Bere sorkuntzetako asko, patriurkizu.eus webgunean daude erabilgarri.