Hogei bat zientzialari arituko dira publikoarekin solasean Zinema eta Zientzia zikloaren zazpigarren edizioko emanaldietan, urtarriletik martxora bitartean, Donostian, Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohizunen. Urtarrila eta martxoa bitartean proiektatuko diren hamar filmen bitartez, zientziaren dilema sakonenetan murgiltzea proposatuko zaigu edizio honetan, atzo prentsaurrekoan Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek; Donostia International Physics Center ikerketa zentroko zuzendari Ricardo Díezek; Tabakalerako zuzendari Edurne Ormazabalek, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak; eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek azaldu zutenez.

Fernandezek gogora ekarri zuenez, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostiako Zinemaldiak elkarlanean antolatzen duten ziklo honek “kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzea” du helburu; eta zazpigarren edizio honetan komunitate zientifikoek “testuinguru historiko eta geografiko oso zehatzetan” planteatutako “dilema eta gatazkei” buruz hitz egingo dela azaldu zuen.

Zikloa gaur hasiko da Donostian eta Gasteizen Oppenheimer filmaren (Christopher Nolan, 2023) proiekzioarekin. Zinta horrek bonba atomikoaren sorreraren historia, eta aurkikuntza horrek sortu zituen dilemak ezagutzeko aukera eskainiko digu. Film hori Pedro Miguel Etxenike fisikariak, DIPCko presidenteak, aurkeztuko du Tabakaleran, Bilbon eta Iruñean.

Ikusi ahal izango diren beste film batzuk honako hauek dira: André de Toth-en Semmelweis, prozedura antiseptikoen aitzindaria izan zen Ignaz Semmelweis medikuaren figura sakon aztertzen duena, erditu ondoren hiltzen ziren emakume askoren bizitza salbatzeko XIX. mendearen erdialdeko komunitate medikoari aurre egin ziolako; eta Chie Hayakawaren Plan 75, gizartearen zahartzeari buruzkoa.

Alexandra Deanen Bombshell: la historia de Hedy Lamarr filma ere proiektatuko da, bertan, ikertzailetzat egindako lanak itzalean geratu zitzaizkion Hollywood klasikoko aktore horren istorioa berreskuratzen da; Sydney Pollacken Memorias de África filma; eta Howard Hawksen La fiera de mi niña komedia, Katharine Hepburn eta Cary Grant protagonista dituena. Eskainiko diren gainerako filmak hauek izango dira: Arandaren Tiempo de silencio, Martín-Santos idazle eta medikuak idatzitako klasikoaren bertsio zinematografikoa, gainera, 2024an beteko da autorearen mendeurrena; meteorologiaz hitz egiteko oina emango duen Petersenen La tormenta perfecta; eta adimen artifiziala hizpide duen Périnen Mars Express animaziozko filma.