Fantasiaz beteriko bost egunen ostean, euskal kulturaren plazak ateak itxi zituen atzo. “Balorazio baikorra egiten dugu. Alde batetik, azoka jendetsua izan delako, bestetik, erakusketariek salmentak ondo joan direla esan digutelako, eta baita aurten duela urte batzuk hartutako bidea baieztatu delako ere; Azoka Landako inguruan hasten dela, baina Durango osora zabalduta dagoela eta guneetan izandako partaidetza azpimarratzekoa da ere”, adierazi zuen Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak.

Azken edizioetan bezala, antolatzaileek ez dituzte bisitarien eta salmenten datuak zifratan zehaztu nahi izan. “Kopuruetan edo datu-festa horretan ez dugu sartu nahi. Azoka jendetsua izan da eta etorri denak ikusteko aukera izan du. Azoka arrakastatsua izan da”, berretsi zuen Gaztelurrutiak.

Azokaren ediziorik “gazteenak eta anitzenak” 950 nobedade plazaratu ditu egun hauetan: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen ere bai. Gainera, azokatik haratago guneetako programazioak ez du etenik izan. Atzo ere euskaltzale asko hurbildu ziren Landako Gunera eta guneetara bertan arnasten zen “giroa ikustera eta azken erosketak egitera” ere. Eneritz Anakabe barakaldarrak azaldu zuen bezala, “aste honetan pare bat aldiz etorri gara eta orain azken momentuko erosketak egiten gaude. Gaur Pako Aristiren Irunberri, 1990: Arroilaren negarra eta haurrentzako pare bat libur erosi digutu. Hemen azkenean idazleak eta musikariak zuzenean ikusteko aukera dago eta arnasgunebat da, euskaldunen topaleku bat”. Haiek bezala, Nekane eta Miren Lasa ahizpa bilbotarrek ez zuten galdu nahi izan azokaren azken eguna, azken orduan. “Goizean etorri gara buelta bat ematera, eta orain ETSko ilarara goaz diskoa sinatzeko”.

Partaideak pozik

Kulturzaleengandik sortzaileengana; musikari, idazle, ilustratzaile, diskoetxe eta argitaletxeek etengabeko lana egin dute. Guztira 170 partaide izan ditu azokak, 257 erakusmahaitan banatuta, eta bost egun bizi eta gero agur esan diote. “Beharbada hau izan da gure zortzi urteetako azokarik onena”, aurreratu zuen Mikel Muro Harriet argitaletxetik. Eta sentsazio hori nabarmendu zuten beste argitaletxe batzuek ere. Adibidez, Erein eta Pamiela argitaletxeak. “Oso pozik gaude eta oso ondo joan da, datorren urtean itzultzeko prest. Aurtengoa pasada bat izan da, batez ere lehenengo hiru egunetan eta azken bietan erritmo normala baina, egia esan, oso ondo”, aurreratu zuen Asier Beltza Erein argitaletxeko langileak. Pamiela argitaletxeko Elena Pérezek ere ildo beretik jo zuen. “Beti bezala oso gustura gaude hemen eta oso pozik gaude salmentekin eta bisitariekin”, azaldu zuen gehituz “gehien saldutako liburua Joseba Sarrionandiaren Markos gimenoren 101 letrakartel izan da”. Ane Odriozola idazleak ere esker oneko hitzak izan zituen. “Oso ondo joan da. Egun batzuk besteak baino jendetsuagoak izan dira, baina oso gustura. Durangoko Azokak nahi duzuna aurkitzeko aukera ematen dizu, eta, gero, irakurle eta idazle arteko partekatze hori, musikariekin… berezia da”. Musikagintzaren sektorea ere pozik dago. “Jende asko nabaritu dugu, batez ere asteazken eta ostiral bueltan, eguraldiak ere asko lagundu digu. Azokari begira gure artistak bertan izan dira eta denok etxera pozik goazela uste dut”, onartu zuen Mikel Amundarain Oso Polita zigiluko kideak.

ZU NON, HAN DA!

Gerediaga elkartetik adierazi zuten bezala, “Durangoko Azoka euskal kulturaren erakusleiho izugarria izan da. Gainera, sortzaileen eta zaleen arteko zubia eraikitzea ahalbidetzen du, alde bientzako aberasgarria izanik”. Eta gaurtik aurrera Azokaren fantasiak Euskal Herriko liburu dendetan izango du segida. Zu Non, Han DA! ekimena garatuko da Euskal Herriko 88 liburu dendatan. Azokako nobedadeak ezagutu ahalko dira bertan, eta gainera, 27 aurkezpen ere egingo dira, abenduaren 20ra bitartean. Eta hemendik urtebetera 59. Durangoko Azoka ospatuko da. 2024ko abenduaren 5etik 8ra egingo da, beste behin ere Durango euskal kulturaren plaza izango da.

Durangoko Azoka

58 edizioa. Abenduaren 6tik 10era bitartean 950 nobedade plazaratu ditu: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen ere bai. Guneetan 265 ekitaldi burutu dira, eta gehienetan bete-beteta egon dira.

Arrakastatsua. Azokako antolatzaileek balorazio baikorra egin dute. Azoka jendetsua, bizia, irudimenez jantzia, anitza, parte-hartzailea. Bost egunetan Landako eta inguruetako guneak jendez beteta egon dira, eta nobedadeak ezagutzeko zein ekitaldietan parte hartzeko gogoa nabarmena izan da.

Zu Non, han DA. Azokaren fantasiak Euskal Herriko liburu dendetan izango du segida. Zu Non, Han DA! ekimena garatuko da Euskal Herriko 88 liburu dendatan. Azokako nobedadeak ezagutu ahalko dira bertan, eta gainera, 27 aurkezpen ere egingo dira, abenduaren 20ra bitartean.

59. edizioa. 59. Durangoko Azoka lau egunekoa izango da eta 2024ko abenduaren 5etik 8ra ospatuko da.