Harmailak zalez beteta, hormak pankartaz jantzita eta giroa bero. Oholtzako sei bertsolariek jaia biribiltzea baino ez zen falta larunbatean Lemoako Udal Kiroldegian, Bizkaiko Txapelketako azkenengo finalaurrekoa hastear zela. Finalean sartzeko txartelak zeuden jokoan, eta protagonistek ez zuten hutsik egin, lan bikaina eginez eta publikoari gozaraziz. Epaileek puntuazio altuak emanda saritu zuten bertsolarien ahalegina eta, horri esker, Lemoako saioko lau izango dira Bilboko finalean, abenduaren 16an: Nerea Ibarzabal irabazlea, Onintza Enbeita, Oihana Bartra eta Aissa Intxausti.

Gainera, Miribillako oholtzan kantatuko dute Berrizko saioko irabazle Xabat Galletebeitiak, Santurtziko garaile Jone Uriak eta puntuazioz sailkatutako Gorka Pagonabarragak eta Aitor Etxebarriazarragak. Zortzi hautagai txapela irabazteko, bost emakumezko eta hiru gizonezko; beterano eta gazteen arteko nahastea, bertsozaleen gozagarri.

Finalerako gogoa piztu zuen Lemoako finalaurrekoak, goi mailako saioa izan baitzen, zortziko handiko ariketan hasita. Ofizio horretan, zaintzaren gaia sakontasun handiz landu zuten Oihana Bartrak eta Nerea Ibarzabalek, eta bilbotarrak aldarrikapena ere tartekatu zuen: “Nik zu zaintzeko utziko ditut, burua eta gorputza / baina bidean nahi dut sistema, publiko baten laguntza”. Markinarrak gordin amaitu zuen, traba izan nahi ez zuela eta: “Ea kolpetik hiltzerik dudan, bihotzekoak emanda”. Gazako erasoek ere lekua izan zuten, Onintza Enbeita eta Ibai Amillategiren ahotik.

Zortziko txikian, Enbeitaren freskotasuna harrigarria izan zen, txapelketako ganbarako zaintzailearen paperean. Aissa Intxausti izan zuen parean, oholtzara irten nahi ez zuen bertsolaria. “Txalo eingo deu-tsue, txarto kantauta be”, bota zion muxikarrak. “Neure partez agian, zeu joan zaitezke”, erantzun zion lekeitiarrak. Zortziko txikiko beste bi ofizioetan ere gogoz egin zuen barre publikoak. Josune Aramendi tabernariak ezin zuen Oihana Bartra, azken bezeroa, tabernatik atera, eta etxerik ba ote zuen galdetu zion. Bartrak, bizi, hauxe bota zion: “Baina zure esanak pixkat harritu nau / Gure Etxea deitzen da, zure taberna hau”. Bakoitza bere kontura aritu beharrean, ondokoari entzun eta elkarri erantzuten ahalegindu ziren bertsolariak ofizioetan.

Hamarrekoan ere ale politak utzi zituzten. Txalo zaparrada galanta jaso zuten Intxaustik eta Bartrak, laster kartzelatik irtengo den presoaren egoera ardatz. Ibarzabalen eta Enbeitaren bertsoaldia ere aipa-tzekoa izan zen. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Espainiako mapen gainean Euskal Herria marraztu zuen ikasleari, Enbeitari, hezkuntzako A ereduaren mugak azaldu zizkion Ibarzabal irakasleak, baina muxikarrak hala biribildu zuen lana: “itxi A eredua ta, izan gure eredu”.

Ordurako agerikoa zen Ibarzabal kantukideen gainetik zebilela, baina Enbeitak ez zuela ezer oparitzeko erakutsi zuen azken ofizio horretan. Ganbarakoan ere, Bizkaiko txapeldun izandako biek indar betean segitu zuten, baita gainerako bertsolariek ere. “Gero eta gehiagotan egiten dozu; inork ikusi barik egiten ahalegintzen zara”, horixe Idoia Anzorandia gai-jartzaileak bakarkako hiruna bertso botatzeko emandako gaia. Gehienek elikadura nahasmenduak, anorexia eta norbere itxurarekin konforme ez daudenen ezinak azaleratzea erabaki zuten, baina ariketa ez zen batere errepikakorra izan, bertsolari bakoitza, txandaka, gaiari geruzak eransten eta ertzak ateratzen joan zelako. Saioko bi onenek, Ibarzabalek eta Enbeitak, hunkitu zuten gehien publikoa.

Josune Aramendi izan zen, dena den, anorexiaren krudeltasunari ahotsa jartzen lehenengoa: “ze eginagatik beti ezkutuan, gordeta ta horren kutre / barru-barrutik ingurukoek, ikustea nahiko nuke”. Oihana Bartrak gizartearen ardura gehitu zion gaiari: “ta jendeak esaten dit, erdi piropo bezela / aspaldian argalago, ta guapago nagoela”. Nerea Ibarzabalek “nahi gabe joaten zaizkit, atzamarrak eztarrira” bota zuen lehenengo bertsoan, eta, hirugarrenean, amari egin zion deia, “arren sartu atzamarrak, ta ateraizkidazu berbak”. Besteen zein norbere buruaren kontrako borrokak ondo baino hobeto azaldu zituen Enbeitak eguneko azken bertso puntuagarrietan.

2018an Bizkaiko txapeldun izan zen Enbeita eta merezita kantatuko du berriz finalean, Lemoan erraztasun handiz josi baitzituen ideiak. 2021eko txapeldun Nerea Ibarzabalek erakustaldia eman zuen berriro, oraindik ez du publikoa harri-tzeko gaitasuna galdu. Txapeldun izateko faborito nagusia da. 2014ko lorpena errepikatuko du Oihana Bartrak, berriro zapaldu ahal izango baitu Bilboko oholtza, eskarmentuan oinarrituta eta ariketa guztietan kontzentrazioari eutsita. Belaunaldi berrien haize freskoa Aissa Intxaustik eraman zuen Lemoara, eta finaleko azken aulkia berarentzat izan zen.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren historian aurrenekoz, emakume gehiago daude finalean gizonak baino. Hala ere, ezin da sorpresatzat jo, azken urteetan berdintasunaren alde egindako apustuaren ondorio-tzat baizik. Gero eta emakume bertsolari gehiago dabiltza oholtzarik oholtza, eta bada garaia zenbaki kuantitatiboetatik emaitza kualitatiboetara jauzi egiteko. Onintza Enbeitaren eta Nerea Ibarzabalen txapelek zabaldutako bidean gero eta hautagai gehiago daude Bizkaian. Abenduaren 16an jokatuko da finala, Bilbao Arenan.

Puntuazioak

Nerea Ibarzabal 638

Onintza Enbeita 635,5

Oihana Bartra 610,5

Aissa Intxausti 580

Ibai Amillategi 571

Josune Arakistain 567,5