Síguenos en redes sociales:

'Festen' antzezlanaren gaztelaniazko bertsioa estreinatuko du Arriaga Antzokiak

Ostegun honetatik igandera bitartean, María Goiricelayak zuzendutako Festen antzezlanaren gaztelaniazko bertsioa ikusgai egongo da Bilboko Arriaga Antzokian, Madrilgo Teatro Españolen laguntzarekin. Duela aste gutxi euskarazko bertsioa estreinatu zen.

Festen oso proiektu berezia da, eta María Goiricelayak zuzentzen du, zeinak aurretik Arriaga Antzokiko beste ekoizpen bat zuzendu baitzuen: Madre Coraje, 2020an. Goiricelaya bera arduratu da, Lucía Astigarragarekin batera, Festen (Ospakizun gisa itzulita dago) film ikonikoaren moldaketa egiteaz, zeinarekin Thomas Vinterbergek zinema irauli baitzuen 1998an, Dogma 95 izeneko mugimenduan parte hartuz. Festenek ikusleak iltzatuta utzi zituen, hipokrisiz, intzestuz eta sexu-abusuz jositako familia-istorio kezkagarri, basati eta izugarri honekin. Filmaren kalitate handia zela eta, hainbat sari jaso zituen, tartean 1998ko Cannesko Zinemaldiko Epaimahaiaren Saria. Arriaga Antzokiak ekoitzitako muntaia hau film haren moldaketa bat da, goi-klaseko harreman sozialetan eta familietan nagusi den hipokrisiari buruz hitz egiten diguna, gure kontzientziari kolpe bat ematen diona.

Moldaketa honetarako, Goiricelaya eta Astigarraga filmetik abiatu dira, bai, baina baita lehendik zeuden Festenen antzerki-testu batzuetatik ere; bata ingelesez zegoen eta bestea frantsesez. Iturri horietatik ere edan dute dramaturgia eraikitzeko eta egungo proposamen garaikide bat definitzeko. Horretarako, eszenatokiak zinemakoa ez den beste hizkuntza eta kode mota bat eskatzen dituela jakinik, filma baino zertxobait laburragoa den ikuskizun bat sortu dute, denborak murrizteko eta eszenak dinamizatzeko ariketa nahita eginez. Testuan familiako gatazkak eldarniozko egoeretara eramatea erabaki dute, baina elkarrizketa gehienak errespetatzen dira eta une oro mantentzen da Vinterbergen jatorrizko filmaren esentzia, filmaren bihotza.

Emaitza ikuskizun basati bat da, arreta isilarazita dagoen eta, hala ere, oso antzinakoa den zerbaitetan jartzen duena, familia bateko adingabeen aurkako abusuan, hain zuzen. Familiaren kontzeptua astintzen duen ikuskizuna da eta erakutsi egiten digu muino horretan, zeinetan babes maila handiak izatearen pribilegioa dagoen eta balio batzuk egozten baitzaizkion, badaudela ere munstro handiak. Azken finean, Festenek oso larria den zerbait salatzen du, askok oraindik bizitzen dutena eta, zoritxarrez, bizitzen jarraituko dutena, eta erritual bat erakutsiz salatzen du, gizarte osoaren isileko konplizitatearen aurrean mila zatitan lehertuz.

Bigarren estreinaldia

Urriaren hasieran euskarazko bertsioa taularatu eta gero, orain proiektua gaztelaniaz eszenara eramateko unea heldu da. Eszenatokiaren gainean, aktore talde bikain batek defendatuko du lana, azaroaren 2an eta 3an, ostegunean eta ostiralean, 19:30ean; eta 4an eta 5ean, larunbatean eta igandean, 19:00etan. Hamar antzezleak Aitor Borobia, Alfonso Torregrosa, Lander Otaola, Sandra Ferrús, Ione Irazabal, Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Egoitz Sánchez, Mikel Martinez eta Loli Astoreka dira. Haiekin batera, agertokian, neskato bat: Aiala Mariño Jauregui.

Horrez gain, berezitasunen artean azpimarratzekoa da obra osoan zehar kamera eskuan duen pertsona bat —Rut Briones, Gheada ikus-entzunezko estudiokoa— sartuko dela eszenan. Kamerak xehetasun zehatzak eta eszenak zuzenean filmatuko ditu antzokiko eszenatokian, baita ikusleentzat begi bistara ikusgai ez diren tokietan ere, ekintzak gertatzen diren etxeko toki desberdinak irudikatzen dituzten lekuetan hain zuzen. Toki horietan, kameraren bidez antzezlaneko pertsonaien arteko elkarrizketak eta gatazkak jasoko dira eta ikusleek zuzenean ikusi ahalko dute hori guztia, agertokian kokatutako pantaila erraldoiari esker. Horrela, espazioarekin jolasteko ideia dago, Arriaga Antzokiaren eszenatokia Festen izeneko ospakizuna gertatzen den etxe handi hori bihurtuz. Esan genezake kamera beste pertsonaia bat dela eta, ikusentzunezko baliabide hori erabiliz eta obra osoan aktibo mantenduz, performance zinematografiko moduko bat eraikitzen da, film indie bat ere gogora ekar diezagukeena, eta "DOGMA zinema" delakoaren espiritua ere gogora ekartzen duena, pertsonaia batetik bestera eta espazio batetik bestera egiten dituen jauziekin.

Halaber, talde artistikoa eta sortzailea lehen mailakoa da. Eszenografia José Luis Raymondena da, argiztapena David Alcortarena, jantziak Azegiñe Urigoitiarenak, musika Ibon Belandiarena eta soinu-espazioa Ibon Aguirrerena. Elementu horiek guztiak, Alberto Ferrerok planteatutako mugimendu koreografikoarekin batera, funtsezkoak dira Festen bezalako muntaia erakargarri eta indartsu bat osatzeko.

Nola planteatzen da Festen hau?

Ikuskizunaren muina ospakizun batekin lotuta dago, urtebetetze batekin, hain zuzen. Hortik aurrera, denak eztanda egingo du, filmean bezala. Lehen erronka, beraz, zera izan da, batetik, Vinterbergen esentziari eustea eta, bestetik, hori eszenatoki batera nola eraman ikustea, dena askoz gehiago iraultzen baita. María Goiricelayak modu doilorragoan eta are lizunagoan aurkezten den muntaia proposatzen digu, obraren gaiak lantzerakoan oso modu gordinean kontatzearen aldeko hautua eginez: hipokrisia, familiaren barruko adingabeen aurkako abusuak, goi-klasearen eragina eta boterea, gizartearen sorgortasuna, familia bera erakunde gisa eta harekin beti lotu izan ditugun balioak, etab. Emanaldietara doazen ikusleek Festen arin eta itzulingururik gabe bat ikusiko dute. Foku anitzeko kontzeptu etengabe bat dago, une oro gertatzen dira gauzak, eta pertsonaiak eszenatokian eta bere espazio desberdinetan daude, beste hainbat bezala, barrutik ustelduta dagoen familia horri buruz hitz egiteko.

Aktoreei dagokienez, Festen ausardia eskatzen duen ikuskizun bat da, antzezle itzelak behar ditu, irekita daudenak, eta gizakiaren eta familien alde ilun eta ez hain atseginean sakontzeko gogoa dutenak. Festenen esentzian zerbait aberetiarra dago, eta interpretazioek ere osagai hori bera dute. Taldeak oso eskakizun-maila handia izan du interpretazio-ekintzak bilatzeari dagokionez; izan ere, gertatzen den guztiak benetakoa eta egiatia izan behar du, orainaldian egon behar du. Horixe izan da helburu nagusia, dena orainaldian gertatzea, oraintxe gertatzea, hemen, eta ikuslea jai horretako txoko bakoitzean gertatzen denaren partaide izatea, besaulki-patiotik gertatzen ari dena isiltasunean ikusiz. Jarrera horrek, nolabait, gizarte atsegin-emaile honen jarrera ere sinbolizatzen du, isiltasuna sustatzen baitu eta hari heltzen baitio Festenek lantzen dituen bezalako gaiei dagokienean.