Eduardo Sourrouilleren erakusketa berria, ikusgai Rekalde Aretoan
Gaurtik hasita eta otsailaren 25era bitartean, ikusgai egongo da Rekalde Aretoan Eduardo Sourrouille artistaren marrazkiz, argazkiz eta bideoz ostatutako 'Varietés' izeneko erakusketa berria. Gaur arratsaldean egin da inaugurazioa, eta bertan parte hartu du Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatu Leixuri Arrizabalagak.
Erakusketa honetan Eduardo Sourrouille artista bizkaitarrak gizatasunaren ikuspegi kritikoa plazaratu nahi du norberaren gorputza antzeztuz eta taularatuz. Kontakizunaren protagonista nagusia gorputza da; sarritan gizakiei arrotza eta are ezezaguna ere egiten zaie gorputza, eta horregatik erakusketa honek norberaren nortasunaz hausnartzera bultzatuko ditu bisitariak.
Inaugurazio-ekitaldian diputatuak esan duenez, 'Varietés’ indar izugarria daukan apustu artistikoa da. Rekalde Areto osoa hartzen du, eta bertaratzen direnak sormen, probokazio eta hausnarketa sakoneko mundu batean murgilduko ditu. Eta gero gaineratu du: arte-erakusketa bainoago, Eduardo Sorrouilleren adimenera eta bihotzera begira dagoen leihoa da. Marrazkien, argazkien eta bideoen bitartez artistak gizatasunaren ikuspegi kritikoa plazaratu nahi du, eta hori egitean erronka botatzen die ikusleon zentzumenei eta pertzepzioari. Arrizabalagak esan du Rekalde Aretora biltzen direnak probokazioaren eraginpean geratu behar liratekeela, eta hausnar egin behar luketela artistak bere lanetan ehundu dituen adiera-geruza ugariak azaleratu arte. Erakusketa hau arteak gure pertzepzioei erronka egiteko eta irudimenaren atea zabaltzeko daukan ahalaren erakusgarri ona da, azpimarratu du.
Sourrouilleren lanaren ezaugarri nagusia beti izan da irudigilearen eta irudikatuaren arteko hitzik gabeko elkarrizketa. 'Varietés' erakusketan are nabarmenagoa da gorputzaren performatibotasuna eta eraikuntza hartu dituela ardatz.
Erakusketa honetako eremua antzeztoki bihurtu da, eta bertan aktoreek, artista komedianteek, subkontzientearen aura taularatzen dute, eta azala eta gorputza forma mutante bihurtzen dira. Sourrouillek probokaziora jo du solasaldia, ironia eta ilusioa sortzeko, eta horrela narratiba artistiko berria eratzen du.
'Varietés' kontaketa autobiografikoa da: artistak banaka eta taldean izan dituen bizipenak arakatzen ditu. Saiakera biografiko honen erdigunea artista bera da; zenbait alditan hura voyeur bihurtzen da eta behatzaileak eta behatuak bat egiten dute introspekzioa eta automiaketa biltzen diren ispilu batean. Erakusketa honek gonbit egiten die bisitariei Sourrouilleren lanen bidez korapiloak askatzeko, ulertzeko, ikusteko, maitatzeko, sentitzeko, bizitzeko, negar egiteko eta barre egiteko.
Erakusketarekin batera, bitartekaritzari eta didaktikari lotutako beste jarduera osagarri batzuk egingo dira. Jarduera guztiak doakoak dira eta ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea 944 068 532 telefonora deituta edo salarekalde@bizkaia.eus helbidera mezua bidalita.
Antzerki-erakusketa
Erakusketan artistak azken urteetan egindako serie batzuk ageri dira. Serie bakoitzean antzerki-ikuskizuneko ekitaldi bat irudikatzen da, eta aretora biltzen direnek parte har dezakete bertan. Hain zuzen ere, erakusketako antzezpenaren jardun artistikoaren muina honako ekitaldi hauek dauzkan bizitza-koreografia da:
- Ekitaldia. Erakusleihoa. Kutxa beltza. Banbalinak.
Argazkingintzaren historiako bi irudi mitikoren erreplikak, Bellmer eta Newton beren andrakilekin.
- I. Ekitaldia (Oskolak). Atondoa. Eremu zuria zortzi argazkirekin.
Artistak bere buruari egindako argazkietako batzuk dira; haren irudi "bikoitz-aizuna" erakusten dute. Irudi bikoitz horietatik abiatuta, sortzaileak hausnarketa egiten du egungo gizartean norberaren nortasuna eraikitzeko moduez.
- II. Ekitaldia (Dibujario). Aretoaren sarrera. Zuria. Marrazkiak paper gainean pilatuta. Ispilua. Isla.
Marrazki-egunkaria da, Dibujario. Marrazkiak egilearen argazkigintzaren luzapenak dira. Egunero egiten ditu marrazkiok, baina paperera begira gabe ispiluko islari begira. Artistaren langintzako hausnarketa-puntu metodiko berria.
- III. Ekitaldia (Pasio-bideak). Azal-koloreko gela; zorua eta hormak. Argazki monokromatikoak. Azala.
Roland Barthes-en Fragments d'un discours amoureux liburutik abiatuta zenbait ka. Egilearen asmoa da zalantzan jartzea amodiozko harremanen eta maitatuaren esperientziaren kontaketa nagusia.
- IV. Ekitaldia (Commedia dell'arte, La Troupe). Eremu beltza; zorua eta hormak. Argazki multzoa.
Antzezle batzuk beren gorputz artikulatuetan preso eta mozorropean ostenduta. Dramatizazioaren bidez, eta umoreaz eta ironiaz baliatuz, egiazko eta gezurrezko munduko maitasun-atxikimenduak azaleratzen dituzte, errealitatea aldi berean ezkutatuz eta erakutsiz. Artearen munduaren antzezpena da, Commedia dell’arte-arena.
- V. Ekitaldia (The red shoes, Oinetako gorriak). Eremu beltza; zorua eta hormak. Argazki multzoa.
Argazki-antzezpen hau izenburu bereko filmean eta Andersen-en ipuinean oinarritzen da. Kontaketaren barruko kontaketaren baliabidearen bidez bi "zaldunen" artean zalantzan dabilen dantzari baten istorioa lantzen da. Artistak eszena berriak sortu ditu eta horrela ipuina eraberritu du.
- VI. Ekitaldia (Affectée). Kutxa zuriak. Behatxuloa. Voyeur.
Bost bideo, auto-koreografia tragikomikoak, konfinamendu-garaiko koreografia-lehiaketa baterako eginak. Ilusioa, umorea eta (jakina) maitasuna uztarturik, "aktoreek" zenbait musika-pieza mitikotan oinarritutako dantza iradokitzaile eta artifiziala egiten dute: Beltxargen aintzira, Intxaur-hauskailua, Libertango, Vogue eta Fandango.
Bitartekaritza eta hezkuntza-jardueren programa
Esperientzia artistiko liluragarria eskaintzeaz gainera, 'Varietés' erakusketak aukera ederra ematen du bisitaldiko bizipenak ongitzeko antolatutako bitartekaritzako eta hezkuntzako jarduera osagarri batzuetan parte hartzeko.
Topaketak artistarekin
- Bisita komentatuak denetariko pertsonentzat: Deskubritu Eduardo Sourrouilleren lanetan ostenduta dauden sekretuak artistak berak gidatutako bisitetan.
- Bisitak zenbait hizkuntzatan: Bisita gidatuak zenbait hizkuntzatan eskaintzen ditugu, denetariko bisitariak hartzen baititugu.
- Bisita inklusiboak: Erakusketako bizipena denen eskura egon dadin, era askotako beharrizanak dauzkaten pertsonentzat bisitak diseinatu ditugu.
Hezkuntza-tailerrak
- Eskola-taldeentzako tailerrak: Haur Hezkuntzatik Batxilergora bitarteko maila guztietara moldatutako tailerrak prestatu ditugu, gazteek arte-ingurune batean ikasteko eta sortzeko aukera eduki dezaten.
- Tailerrak familian: Gozatu erakusketa familiarekin 4 - 11 urte bitarteko haurrentzat prestatutako jarduera interaktiboetan arituz.
- Gabonerako jarduerak umeentzat: Gabonetako eskola-oporretan jarduera bereziak antolatuko ditugu 3 - 12 urte bitarteko umeentzat
- Artea eta memoria: Programa honen bidez artea gozatzeko bizipen aberasgarria eskaintzen diegu 60 urtetik gorako pertsonei.
- Laino ArtEan: 12 - 15 urte bitarteko gazteentzat antolatutako jarduera berri honetan artea eta teknologia uztartzen dira.
- La Palabra Viral: Laura Sam-en zuzendaritzapean, tailer honetan idazmena landuko dute 14 - 16 urte bitarteko gazteek.
- Oihartzunak proiektua: Sormen-bitartekaritzako proiektu honetan artista gonbidatuek Rekalde Aretoko erakusketen oihartzunak islatuko dituzte, eta horrela esperientzia artistikoa ongituko dute.