Bilboko Iparragirre kaleak Olafur Eliasson artistaren arte-instalazio bat dauka gaurtik aurrera. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Guggenheim Museoko zuzendari Juan Ignacio Vidartek artistarekin batera inauguratu egin dute obra.

San Jose plazaren eta Bilboko Guggenheim Museoaren artean zuzenean zoladuraren azpian dauden altzairuzko eta beirazko erronbo-formako zazpi elementu ditu obrak. Oinezkoak ezustean harrapatuko ditu, oinen azpian mundu kaleidoskopikoa gogorarazten dien ikuspegiarekin.

Bilboko Guggenheim Bilbao Museoak duela hiru urte eskaini zion atzera begirakoari esker ezagutzen du jendeak Eliasson. Beneath Bilbao, the curious planet izena du lan berri honek, eta beraren bidez artista daniar-islandiarrak jendea gonbidatzen du geratzera eta ikuspegi berri batetik behatzera.

"Ispiluekin egindako pieza horiek zoladuran txertatuta daude, harri bitxien gisara. Zuk aurkitu egin behar dituzu. Bataren eta bestearen arteko bidea egiten duzun bitartean, abiadura moteltzen duzula nabarituko duzu. Astiroago joateak munduan egotea esan nahi du, lurrari lotuta", adierazi du Olafur Eliassonek. "Lur azpiko ispiluen kamerek hausnarketa-une bat eskaintzen dute, eta, une horretan, aintzat hartzen ez ditugun aparteko materialen – hiriaren funtsezko oinarriak osatzen dituzten materialak – ikuspegi kaleidoskopikoaz gozatzen dugu, eta Lurrean, hemen eta orain, dugun presentziaz jabetzen gara".

Zoruan egindako leihoetatik begiratzean, oinezkoek forma iradokitzaile, geometriko eta organiko bat ikusiko dute aldi berean, testura minerala duena, bai eta poliedro baten ertz argi eta zehatzak ere. Forma horiek, berez, kaleidoskopioek eragindako ilusioak baino ez dira, trapezio forma izan eta puntu berean bat egiten duten ispiluekin egindako kaleidoskopioek eragindako ilusioak, alegia.

Gainera, obran funtsezkoak dira Bizkaiko zazpi mineral eta arroka, gure industriaren eta meatzaritzaren historian duten garrantziagatik aukeratu direnak: kaltzita, limonita, goethita, siderita, basaltoa, hareharria eta kareharria dira. Kaleidoskopio bakoitzaren ispiluetan islatzen den mineral edo arroka bakoitzak testuraz eta kolorez betetako forma geometriko batzuk sortzen ditu, eta forma horiek desberdinak dira kokaleku bakoitzean.

Gauean, kaleidoskopioek behetik argiztatzen dute kalea, eta giro berezi eta onirikoa sortzen dute.