Datorren ostegunean, ekainaren 22an, arratsaldeko 19.30etik aurrera, Arriaga Antzokiak Hèctor Parrak zuzendutako 'Orgia' izeneko obraren estreinaldia jasoko du. Bigarren emanaldia, aldiz, larunbatean egingo da, hilaren 24an, arratsaldeko 19.00etan.

Zalantzarik gabe, gertakizun hau oso garrantzitsua izango da lirikaren mundurako. Horren erakusgarri da estreinaldira Europako hainbat opera etxetako ordezkari etorriko direla eta hainbat herrialdetako kritikari eta kazetari dagoeneko akreditatu izana, ekitaldiari nazioarteko estaldura emateko.

Calixto Bieito Arriaga Antzokiko eszena-zuzendari eta zuzendari artistiko prestigiotsuak egin du operaren libretoa, funtsezko premisa batekin: Pasoliniren jatorrizko obraren bihotza jasotzea. Horrez gain, Bieitok berak zuzentzen du muntaia, eta istorioaren alde egiten duen eszenaratze bat hautatu du, zeinak hiru antzezleengan jartzen baitu arreta, pertsonaien barnealdea eta kanpoaldea erakusteko, erakusten dena eta sentitzen dena erakusteko, etxe bateko ateak irekitzean ikusten dena eta ateak itxita daudenean dagoena erakusteko.

Hèctor Parrak hiru ahots bakarlarirentzat eta ensemble instrumental batentzat sortu du opera hau, eta “Orgia”n nazioarteko lehen mailako interpreteak dira horiek guztiak. “Orgia”ren zuzendaritza musikalaz Pierre Bleuse arduratzen da, eta haren gidaritzapean dago, zein eta Parisko Ensemble Intercontemporain, Pierre Boulez izenkideak (konpositore eta orkestra-zuzendari frantses handiak) 1976an sortu zuen eta mundu osoan aintzatetsia den taldea. Gaur egun, Pierre Bleuse Europako orkestra-zuzendari handienetako bat da eta, Frantziako musika talde ospetsua zuzentzeaz gain, Danimarkako Odense Symphony Orchestrako zuzendari nagusia eta Prades Pablo Casals Festivaleko zuzendari artistikoa ere bada.

Bakarlariei dagokienez, aipatzekoa da “Orgia”ren historiaren pisua eta, beraz, ahots-protagonismoa bi abeslari bikainek dutela, aurretik ere Bieitorekin hainbat proiektutan lan egin dutenek, hala nola hainbat sari jaso dituen “El ángel de fuego” ikuskizunean. Ausrine Stundyte soprano lituaniar boteretsua Bilbora itzuliko da. Bertan, Arriaga Antzokiko beste ekoizpen batzuetan, hala nola “Erwartung” edo “Mendi-Mendiyan”en, liluratuta utzi zituen ikusleak. Oraingoan, Leigh Melrose baritono ingelesarekin egingo du, zeina oso ospetsua baita egungo lirikan. Stundyte eta Melrose-i hirugarren ahots bat gehitzen zaie, Jone Martínez sopranoarena, zeinarekin Arriaga Antzokiaren beste ekoizpen batzuetan ere gozatu ahal izan baitugu, Bieitok berak zuzendutako “Vivaldi, poema para cuerda y dos voces” obran, edo denboraldi honetan bertan izan dugun “Moto-Membra Jesu Nostri” obran, esaterako. Zalantzarik gabe, Sopelako (Bizkaia) abeslariak “Orgia”rekin proiektu handi bati egiten dio aurre, bere etorkizun handiko ibilbidearen baitan.

Goitik beherako sortzailea

“Orgia”z hitz egitea Pasoliniz hitz egitea da. Haren aztarna nabarmen-nabarmena da obran. Hala ere, hura bezalako artista handi bat, goitik beherako sortzaile bat, ezin da kapsulatu. Pasolinik erraietatik ateratzen du bere artea eta, aldi berean, sekulako sakontasun filosofikoa —eta baita espirituala ere— ematen die bere obrei. “Salò” eta “Orgia” filmei Pasoliniren pentsamendua darie, bai eta “Il Vangelo secondo Matteo” ahaztezinari ere, zeinak Egoitza Santuaren beraren laudorioak jaso baitzituen. Honela definitu zuen Vatikanoak filma: «Jesu Kristori buruz inoiz egin den zinema-obrarik onena».

Izan ere, artista poliedriko batez ari gara: guztiz libertarioa eta, aldi berean, katolizismoa hagitz errespetatzen zuena; bizimodu gorabeheratsukoa eta, horrekin batera, introspekzio eta pentsamendu sakonen jabea. Pasolini. Hasieran adoratu eta, areago, ikurtzat erakutsi zuen ezkerrak tratu txarra eman zion gero (ez dezagun ahaztu Italiako Alderdi Komunistatik bota zutela «lotsagarrikeria moralagatik», hau da, homosexuala izateagatik); eta, faxistek jazartzen zuten bitartean, eskuineko sektore batzuek aldarrikatu egiten zuten. Azken buruan, horixe da libre izatea, agian: atxikimendu dogmatikorik gabe bizitzea, nor bere buruarekin eta bere kontraesanekin leiala izatea. Eta, jakina, zure obrak hori guztia erakusten duenean eta jendearen iritziaren aurrean jartzen denean, etiketak sortzen dira… denak egiazkoak, denak gezurrezkoak. Nori axola zaio? Pasoliniri ez, ziur.

 “Orgia”n, Pasolinik ispiluaren aurrean jartzen gaitu, gure munstroen aurrean. Bere garaiko profeta bat da ia, argi eta garbi aurreratzen baitu nora goazen ez jakite hori. Bere drama pertsonala salatzeko, “Orgia” obrako gizonezko pertsonaia urkatu egingo da emakume-arropak jantzi ondoren. Izan ere, bere bizitzako azken uneetan homosexuala dela onartuko du, eta bere buruaz beste egitea ekintza salatzailea da. Aukera bat da gizartea salatzeko, intolerantea, hipokrita eta ankerra baita finkatutako arauetatik kanpo daudenekin, mespretxatu egiten ditu. Bere buruaz beste eginda, horrelako pertsonak baztertzen dituen arrakala gaindiezinaren lekukotza ematen du. Pasolinik poesia bikainez hornitutako bertsoak erabiltzen ditu “Orgia”n, errealitatea modu hunkigarrian barneratuz, eta ispiluan duen islatik egiten du, gainera, bere logela barrutik. Bertan, leku itxi horretan, non larritasunak eta ausikiak itzal izugarriak proiektatzen baitituzte, arrazoimenaren eta ametsaren munduaren arteko trantsizio zalantzagarri horretan, egintzarik basatienak eta, aldi berean, gogoetarik sakonenak sartzen dira.

'Orgia' proiektuaren jatorria

Proiektu honen jatorria, opera berri bat —”Orgia”— sortzekoarena, alde batetik, Hèctor Parra eta Calixto Bieitok aurretik operarako egindako bi elkarlanetan dago: “Wilde” (2015) eta “Les Bienveillantes” (2019) izan ziren; eta, bestetik, Peraladako Jaialdiaren hasierako proposamen batean. Bultzada horrekin, Parrak poetika musikal bat modu lirikoan garatzeko aukeran pentsatu zuen, eta erronkari heltzea erabaki zuen, Pasoliniren hitza soinutan gauzatzeko, eta poesiaren eta musikaren arteko solasa sortzeko.

 “Orgia”ren konposizio-proiektuak Villa Medici - Erroman dagoen Frantziako Akademiaren egoitza-saria jaso zuen 2021ean. Horri esker, Hèctor Parra urtebetez bizi ahal izan zen bere familiarekin Pasolini hartu zuen hirian —2021eko irailetik 2022ko abuztura bitartean—, eta, horrela, haren soinuekin, koloreekin, auzoekin, jendearekin eta hizkuntzarekin bat egin ahal izan zuen.

Hèctor Parraren erakusketa

 Orgiaren estreinaldiari balio erantsia emateko, hilaren 22an eta 24an Arriagara joaten diren ikusleek opera berri horri lotutako erakusketa bat ikusi ahal izango dute Areto Isabeldarrean, antzokiko foyerraren ondoan, lehenengo solairuan. Tortso helenistikoen hamasei sangina egongo dira ikusgai, Hèctor Parra konpositoreak berak egindakoak, Villa Medicin - Erroman dagoen Frantziako Akademian egindako egonaldian zehar.

Konpositoreak tortso horiek beren ahotsak entzuteko marraztu zituen, beren barne tentsioak eta kanpoko erritmoak ukitzeko, eta, horrela, “Orgia”ko bi protagonistei bizia ematen dien irudimen lirikoa pizteko. Hèctor Parrak zehatz-mehatz aztertzen du lingua del corpo hori, gure kulturaren oinarrietan datzana, plastikoki eta keinuz zuzenean eta bistakoa den moduan adierazteko. Pintzelkada bakoitzaren norabidea sumatzen da, zer energiarekin egin den, eta baita besteekin duen harremana ere. Horrela, iragana esploratzeko modu pasoliniar erradikal eta bereizgarrian inspiratzen da, orainari argi berri bat emanez, zeinak gu etorkizunerantz proiektatzeko ahalmena baitu. Erromako museoetan egiten zuen marrazketa saio bakoitzaren ondoren, konpositoreak jatorrizko pieza greziar eta erromatarren aurrean bizitako egoera psikologikoak estudiora eraman zituen. Eta horrela, Calixto Bieitok moldatutako Pasoliniren “Orgia”ren testuaren aurrean, lirismoa sortu zuen, zeina Leigh Melrose, Ausrine Stundyte eta Jone Martínezen operako ahotsen bidez adieraziko baita.

Ekoizpen jasangarria

Arriaga Antzokiak erabaki du “Orgia” izatea European Theatre Convention (ETC) garatzen ari den Green Book-aren parametroen arabera egingo duen lehen ekoizpen propioa. Horrela, eszenografiarako baliatzen den materialen % 50 birziklatutako edo berrerabilitako materialak izango dira (Arriagaren aurreko ekoizpenetako elementuak erabili dira, Erresuma/Kingdom/Reino edo Johannes Passion antzezlanetakoak, besteak beste). Horrez gain, bigarren eskuko arropa eta atrezzoko elementu batzuk erosi dira tokiko saltokietan. Gainera, Arriaga Antzokiak konpromisoa hartu du hurrengo ekoizpen propioetan, gutxienez, “Orgia”n erabiltzen diren elementuen % 65 berrerabiltzeko.

ETC-k Europako ia 60 antzoki biltzen ditu, Arriaga Antzokia barne, eta Green Book bat egiten ari da, Europako Batzordearen babesarekin, bere sareko antzokien beharrak eta profilak aintzat hartuz. ETCk eta bere Green Book-ak Europako antzokiei dagozkien ziurtagiriak emango dizkiete, neurri horien aplikazioaren arabera.