Lied Arriaga zikloa itzuliko da astearte honetan, maiatzak 23, Arriaga Antzokiko foyerrera. Hitzordua arratsaldeko 19.30ean hasiko da. Zikloak 2023ko lehen seihilekoan zehar eskaintzen dituen piano eta ahots formatuko sei emanaldietatik bosgarrena izango da.
Anna Alàs i Jové mezzosopranoak eta Aurelio Viribay pianistak Liederren askotariko hautaketa bat eskainiko dute, zeinak Clara eta Robert Schumannek hainbat arotan konposatu baitzituzten. Hain zuzen, emakumeen hiru erretratu aurkeztuko dituzte Robert Schumannen musikarekin: Maria Stuart erreginarena, Elisabeth Kulmann olerkariarena eta, hirugarrenik, emakume ezezagun batena, zeinak bere bizitzako pasarte aipagarrienak kontatzen baititu bere maitasun istorioaren bidez.
Gainera, Anna Alàs i Jovék eta Aurelio Viribayk Clara Schumannen abestien hautaketa bat interpretatuko dute, zeina Roberten emaztea baino askoz ere gehiago izan baitzen, baina —emakumezko beste artista handi askori gertatu zitzaien bezala— haren irudia senarrarenaren ondorioz bidegabeki ezkutuan geratu zen eta ikusezin bihurtu zen. Clara Schumanni buruz hitz egitea bere garaiko pianista onenetako bati buruz hitz egitea da; azkenean, pianista ez ezik, konpositore bikain ere bihurtu zen.
Azken finean, kontzertu honek bidaia trinkoa eskaini nahi du Clara eta Robert Schumannek osatutako musikari bikote handi honen jeinuan barrena.
Testuingurua
1830 inguruan, aro napoleonikoa amaituta, espiritu berritua loratu zen Alemanian, eta, horretatik, musika eta literatura batzea helburu zuen ideal artistiko berria sortu zen. Zenbait musikagile- eta interprete-belaunaldiren bidez, Europako musika-sorkuntza piztu zuen espiritu horrek. Liedak poesia- eta musika-aukera ugari eman zizkion Robert Schumannen irudimen miresgarriari. Buru-belarri aztertu ondoren aukerok, obrarik ederrenetako eta inspiratuenetako batzuk eman zituen. Schumannek ez ezik, emazte Clara Wieck Schumann ere —garaiko piano-jolerik handienetakoa zen—, inspirazioiturri izan zuen espiritu hori, abesti-konpositore gisa.
Lied Arriagan zikloa
Anna Alàs i Jové eta Aurelio Viribayren kontzertua Arriaga Antzokiak ziklo honen baitan programatutako sei kontzertuetatik bosgarrena da, zeinak ekainaren 13an bukatuko baitu. Egun horretan David Alegret tenorrak eta Rubén Fdez. Aguirre pianistak Josep Carner egile katalana gogoratuko dute Carneriana izeneko kontzertuarekin.