Durangoko Merkatu Plazako 1.600 metro koadroak izango dira Euskal Herriko artisauen elkargune eta sektorearen erakusgarri. Bertan, 26. Euskal Denda ospatuko da abenduraren 7tik 11ra. Arbasok, Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Bizkortzeko Elkarteak, antolatuta, aurtengo edizioan, Euskal Dendako bisitariek, 51 stand aurkituko dituzte hamaika produkzio ezberdinekin. Horrela, ekitaldi honen sustazaileek adierazi dutenez, “26. edizioak ez du maila jaitsi kalitateari eta salbuespenari dagokioenez” eta beste behin ere “bizitza eta ekoizpen ibilbide luzea duten profesionalek objetu paregabeak eskainiko dituzte”.

Gizartea eraldatu egin dela argi dute Arbaso elkartean. “Artisautzaren kontzeptua eta balioa ulertu duela ikusi dugu azkenaldian. Zentzu horretan, aldaketa bat egon dela dirudi eta eskuz egindakoari balioa ematen hasi zaio”, diote. Baina hala ere, ukaezina da krisiak gogor jo duela artisautzaren munduan. “Sektore minoritarioa gara, eta batzuetan ez lehen mailakoa, horregatik, artisau asko ari dira pairatzen egungo egoera eta tailer askok pertsiana jaitsi behar izan dute. Badirudi pandemia aspaldi izan zela, baina artisauok esan behar dugu COVID-19aren itzala oraindik hor daukagula eta ezin dugu ahaztu egin digun kaltea.Merkatu-jarduera oro etetea, batzuetan kalte konponezina. Horregatik, Durangoko topaketa oso garrantzitsua da. Alde batetik, Durangoko Azokarekin batera ospatzen da eta, bestetik, artisauak azoka eta merkatuetan du merkaturatze-iturri nagusia. Bisitariak ikusi, sentitu, eta usaindu nahi dute eta Euskal Dendan egin dezakete” azaldu dute Arbasoko arduradunek..

Horregatik guztiagatik, itxaropenez begiratzen diote ate joka dagoen 26.edizioari. Durangoko Euskal Denda artisautza tradizionalaren urteko erakusleihorik garrantzitsuena da eta gainera pandemiarekin galdutako normaltasuna berreskuratzen duena. Izan ere, Euskal Dendaren helburua artisauzaren merkaturatzea sustatzea, zabaltzea eta sakontzea da, Euskal Herrian egin izanaren zigiluarekin. Aukera paregabea da ikusleek eskulangilearen lana zuzenean ezagutzeko. Euskal Herriko artisautzak mugak gainditzeko kalitate nahikoa du, eta norabide horretan azken aldian lanean egiteagatik eta apustu aitzindariagatik nabarmentzen da Arbaso. “Elkarte honek antzinako ofizioak balioesten ditu. Artisauek, bere baitan landutako objektuak garatzen dituzte, eskuz fabrikatuz eta artisau-prozesuak ahalik eta gehien errespetatuz, baina horietako askok berrikuntzak ere egiten dituzte, eta orainean eta etorkizunean bilatzen dituzte beren inspirazioa. Gaur egun, artisau izatea garaikidetasuna da eta beste behin ere edizio honetan agerian geratuko da. XXI. mendeko artisauek berrikuntzaren aldeko apustua egiten dute, diseinua, iraunkortasuna, teknika zaharrak menderatzea eta bilaketarekin uztartuz, material berriak sortzea obra hobetzeko. Apustu pertsonal horiei esker, eta profesional asko benetako aitzindari bihurtu dira”, gehitu dute.

Parte-hartzea

Datuei dagokionez, aurtengo edizioak 51 artisau hartuko ditu, ohi bezala Euskal Herriko lurralde guztietatik etorriak. Horietatik, 14, hau da, %28a lehen aldiz elkartuko dira Durangon eta berritasuna izango dira azoka honetan. “Horietako batzuk garai oso konplexuan edo gogor baten sortutakoak dira, baina beraien produzioak gizartean aurkeztu nahi dute eta etorkizunari begira egonkortu nahi dute”, argudiatu dute topaketa honen sustatzaileek. Era berean, edizio honek aukera emango du Bizkaiko sektorea ikusarazteko, profesionalen %62 bertakoak baitira. Hala eta guztiz ere Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko artisauak ez dira faltako.

Aurreko edizioetako profesional kopuru bera izango du Euskal Dendak, Merkatu Plazak hartu ahal duen gehieneko kopurua. Horietan guztietan hainbat nobedade izango dira eta horrek beti bezala, balio erantsia ematen dio azokari. 

Lurraldeka, Bizkaia izango da tailer eta profesional kopuru handiena izango duena. 31 izango dira guztira, iaz baino sei gehiago. Gipuzkoarren presentzia txikia da, baina 9 izango dira lurralde horretako artisauak. Arabatik 4 iritsiko dira, Nafarroatik 6 eta Lapurdiko bat ere etorriko da. Zentzu horretan, Durangaldeak bere txoko berezia izango du Euskal Dendaren barruan, lau artisaurekin. Besteak beste, Eneko Unzalu herriko bitxigileak ez du hutsik egingo. Felix Larrañaga berriztarrak egurra zizelkatzen du, eta berriro elkartuko da ikusleekin. Izan ere, bera izan zen 2018an stand onenaren saria jaso zuen artisaua. Gorakat, enpresa elorriarak ez du topaketa hau galdu nahi, eta edizio hau bere bosgarren parte-hartzea izango da. Restaurarte, 2010ean stand onena irabazi zuen tailerra ere azokako hitzorduaren finkoetako bat izango da.

Sektoreka, aurten ere ehungintzaren sektorea nagusi izango da, 11 artisauren ordezkaritzarekin. Horien artean denetarik aurki daiteke; osagarrietan, modan oinarrituak edo feltroa edo zuntz naturalak egiten aritzen direnak. Eguberrietatik hain hurbil egonda, bitxigintza, larrugintza, imitaziozko bitxigintza edo kosmetika produktuak ez dira faltako, Olentzero eta Mari Domingiri enkarguak egiteko aproposak.

Nekazaritzako elikagaien sektoreak, era berean, leku garrantzitsua izango du beste behin ere Euskal Dendan, bost espezialistarekin. Espezialista horiek dira, hain zuzen ere, bere arloan onenak direnak eta bertako produktuek leku berezia betetzen dutenak. Gorrotxategiren turroiak eta txokolateak, Garrarteren garrapinadak, Lorez Loreren eztia, Katealderen pateak edo Ziorregiren gaztak, esaterako.

Gune honetan bilduko diren beste esparru batzuk zura, zeramika, zaharberritzea, panpinagintza, jostailuak, euskal kirola, makramea, serigrafia, kalakaden eraldaketa edo lore lehorrekoa dira.

Euskal Dendaren 26.edizioak ateak irekiko ditu abenduaren 7tik 11ra Durangoko Merkatu Plazan. Goizez, 11:00etatik 14:30era bisitatu ahal izango da eta arratsaldez 16:30 - 21:00 bitartean. Igandean, hilak 11, 11:00etatik eta 20:00ak arte euskal artisauen sorkuntzekin gozatzeko aukera izango da.

“Beti bezala, Euskal Dendak bezeroen gustuei erantzuteko ahalegina egingo du”, laburbildu dute”...

Euskal denda

26. edizioa 

NOIZ. Abenduaren 7tik 11ra ospatuko da. Goizez, 11:00etatik 14:30era bisitatu ahal izango da eta arratsaldez 16:30 - 21:00 bitartean. Igandean, hilak 11, 11:00etatik 20:00ak arte.

Kokapena 

Merkatu plaza. Durangoko Merkatu Plazan ospatuko da 26.Euskal Denda, Euskal Herriko artisauen azoka.

51 postu

Parte-hartzea. Aurtengo edizioak 51 artisau hartuko ditu, ohi bezala Euskal Herriko lurralde guztietatik etorriak. Horietatik, 14, hau da, %28a lehen aldiz elkartuko dira Durangon

Arbaso

Antolatzailea. Arbaso, Euskal Herriko Artisautza Tradizionala sustatzeko elkarteak antolatzen du ekimena.