Jon Arretxe idazleak sortutako Toure sasi-detektibea Bilboko Afrika txikira itzuli da, gentrifikazio bidean dabilen San Frantzisko auzora. Toure bidaiaz bidaia ibili da azken urteotan. Ez erran deus-en (2018) San Frantziskotik Nafar Pirinioetara ospa egin zuen poliziaren jazarpenaren ondorioz. Mesfidatu hitzez (2019) nobelak, aldiz, Parisko kaleetara eraman zuen burkinafasoarra, alaba Siraren urratsei segika. Handik Madrilgo Lavapiés auzora salto egin zuen Dortokaren begirada-n (2021). Orain, Lyrica garaian (2022) etxean bezala sentitzen den horretara itzuli da, Bilbora. Hori bai, auzoa “aldatuta” ikusiko du San Frantzisko. Toure bera aldatu egin da, lapurretan irabazitako dirua galdu ostean, zerotik abiatu beharko du beste behin: “Bizirik irautea da kontua”.

Arretxek “elkarrizketa biziak” eta argumentuan “bira interesgarriak” idazteko duen gaitasuna ez da aldatu, ordea. Hala uste du Ereingo editore Uxue Razquinek. Nobelaren izenburutik bertatik Arretxek bere tenore jostaria erakutsi du. Urteak dira Bertolt Brecht-ek “Ez dira lirikarako garai onak” idatzi zuenetik; Tourerentzat, ordea, inoiz ez da “lirika garairik izan”. Bilboko kaleetan, aldiz, lyrica garaia ezarri da, horrela deitzen baita “modan dagoen” eta farmazietan saltzen duten droga lasaigarri berria. “Auzotik nenbilela kontatu zidaten, orain modan dauden pilulak direla lyrica. Jonkiei errezetatu eta horiek beste gizajo batzuei birsaltzen dizkiete”, esan du Arretxek.

Berriro ere, lumpenaren inguruan dauden arazoak argitara eraman nahi izan ditu idazleak. Horretarako, Askabideren laguntza izan du, kalean langile sexualtzat aritzen diren pertsonei prostituzioaren aurkako lege berriak nola eragingo dien islatzeko asmoarekin: “Guk kanpotik diferente ikusten dugu, baina prostituten ahotik entzun ditut haien kezkak”.

“Turista eta bisitarientzat itsusia den jende hori” San Frantziskotik kanporatzeko prozesua bizi du auzoak. Arretxek, bere aldetik, argi du gentrifikazioak arazoa leku batetik bestera mugitu besterik ez duela egingo: “Beste leku hori izango da lyrica garaian biziko dena”.

Umorea, beti ere

Umorez margotu ohi ditu Arretxek nobeletan kontatzen dituen kontu “gordinak”. Umorea, beharrezkotzat jo du, drama “orekatzeko” garaian. “Toure bezalako pertsonaiak milaka daude Bilbon, hiri handietako auzo baztertutan bezalaxe. Ez dituzu kaletan negarrez ikusiko. Afrikarrek, bereziki, miresgarria iruditzen zaidan berezko positibismoa izaten dute”, esan du idazleak.