Inmaculada Miralles Guardiolaren 'En los huesos' izeneko lanak irabazi egin du Bilboko Udalak urtero antolatzen duen Gabriel Aresti ipuinen lehiaketaren 39. edizioa. Accesita Raúl Héctor Lombardi Maugerirendako izan da, 'La inundación de los bajos' kontakizunagatik, eta Juan Francisco Criadorentzat, 'Pelo rojo' kontakizunarengatik.
Gabriel Aresti Bilbon jaio zen, 1933ko urriaren 14an. Berrogeita sei (46) urte zituela hil zen, ezinbesteko figura bat bihurturik Euskadiren historia ulertzen laguntzeko, eta ondare bat utzirik, Bilboko Udalak urtero-urtero aldarrikatzen eta ospatzen duena, haren jaiotzako datan.
Horrela, bada, Udaletxeko Arabiar Aretoan, gaur goizean, lore-eskaintza bat egin da Gabriel Aresti ipuinen lehiaketaren XXXIX. aldiko sariak emateko ekitaldian. Kultur ekimen horrek bi helburu ditu: literatur sorkuntza sustatzea, eta, aldi berean, euskarazko literaturan egilerik handienetako baten bizitza eta obra ezagutzera ematen laguntzea.
Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziak eman ditu sariak, bilbotar egilearen ahaideen aurrean.
Gaztelaniazko modalitatean saritutako kontakizuna (1.173 lan aurkeztu ziren) "En los huesos" izan da. Epaimahaiak hau nabarmendu du ipuin horren gainean: "kontakizun joria da merezimenduetan: kontatzailearen ahotsaren eta iruditeriaren originaltasuna, arroztearen tonu doia, zeihartasun hasieratik amaieraraino eutsi bat eta bi errealitate oso desberdinen artikulazio zorionezkoa".
"La inundación de los bajos" lanaren gainean, epaimahaiak hau nabarmendu du: "pertsonaiaren eraikuntza psikologiko sinesgarria, ondo uztartua kontakizunaren osagai fantasiazkoarekin. Nabarmentzekoak dira, orobat, nostalgia-tonua, kokapenen sinbolismo ahaltsua eta latinoamerikar errealitatea Bibliako parabolaren bidez zeharka aipatzeko gaitasuna".
"Pelo rojo" lanaz, honako hau goraipatu da: "Nabarmentzekoak dira dira haren tonuaren originaltasuna, hizkuntza koloretsu eta lirikoa, denbora-jokoak –bereziki orainaldi faltsua–, eta, halaber, protagonista moduan normaltasunaren eta moraltasunaren mugan dagoen pertsonaia bat hautatzen jakin izana".
Epaimahaiko kideek gaien eta generoen askotarikotasuna nabarmendu dute, gaztelaniazko kontakizunen artean, eta haiek dialektoei dagokienez ageri duten joritasuna. Anekdota gisa, epaimahaiaren arreta deitu dute gai errepikaturik ez agertzeak uneko arazo sozialen inguruan; aurreko edizioetan ez bezala, lan-prekarietateaz, tratu txarrez edo pandemiaz baitziren testuetako asko.
Euskarazko modalitatean, 58 lanen artean, sari nagusia Saioa Alcaiza Guallarrendako izan da, "Zilborrestea" lanagatik.
Accesitak Maite Arruti Arakistainendako izan dira, "Zer kontatzen ari zara?" kontakizunarengatik. Eta Aritz Mutiozabal Zabalarendako, "Harria" kontakizunarengatik.
Euskarazko modalitatean irabazle atera den kontakizuna da aipatzekoa, "familia-inguruabarrei heltzen baitie ikuspegi original batetik, eta familia-eredu ezohikoak ekarriz agerira, kritikaren bidez eta ironia-dosi handiekin. Ipuina estilo arinean eta heldutasunez idatzia da, eta iruditu zaigu nabarmentzekoa dela erabilitako egitura, denboraren linealtasunetik aldenduz".
"Zer kontatzen ari zara?" lanari emandako accesitaz, epaimahaiak hau nabarmendu du: "kontakizun sinesgarri eta aldi berean irudimentsu bat eskaintzen baitu. Protagonistaren ahotsak presentzia nabarmena dauka ipuinean, eta fintasunez darabiltzan umorea eta ironia nagusitzen dira testuan zehar".
"Harria" kontakizunaren kasuan, aipatzekoa da hau: "nola osasunaren munduan girotutako anekdota batetik abiatuta, berrerortze baten kronika umorez betea eskaintzen den". Ipuinak, halaber, puntu surrealista bat du, amaiera aldera batez ere, eta umore eta josteta jokoak sortzen ditu erietxeko osagaiekin. Komedia giroa nagusitzen da, baina komedia zaindu eta landu bat da, absurdorako joera duena".
Oro har, euskarazko modalitatean, epaimahaiaren ustea da maila ona izan dela aurtengo edizio honetan. Ipuin xahuki idatziak, gai trebetasunez landuak, eta zinez askotarikoak. Gaiak sozialak izan dira batik bat, baina izan du lekurik zientzia-fikzioak ere, eta distopiek, istorio barnekoiagoen ondoan.
Kontakizun onenendako saria, hala euskarazkoen nola gaztelaniazkoen kasuan, 3.500 euro izan da bakoitzarendako; accesitek 1.750 euro jasoko dituzte bakoitzek.
Bidebarrieta Kulturgunea
Bihar arratsaldean, urriak 14, barikua, Gabriel Aresti eguna ospatuko da Bidebarrieta Kulturgunean, Bidebarrietako Liburutegian kultura, literatura eta zientzia sustatzeko baliatu ohi den gunean. 19:00etan, han bilduko dira Xabier Monasterio idazle eta itzultzailea, Karmelo Landa egilea, eta Rafa Rueda musikaria.
Bidebarrieta Kulturgunean, idazlearen poemak irakurriko dira orobat. Arestik poesia, antzerkia, eleberria eta antzerkia idatzi zuen, eta itzulpenak ere egin zituen, hala nola Federico García Lorca, T.S. Elliot edo Boccacio idazleenak. Gainera, Euskaltzaindiko kide izan zen, eta euskara batua sortu beharra aldeztu zuen han.
Bidebarrieta Kulturgunea da, Bidebarrietako Liburutegiaren barruan, kulturari eskainitako gunea. Helburuen artean du kultura, literatura eta zientzia garatzea eta sustatzea.
- Ekitaldirako sarrera doakoa eta librea izango da, aretoa bete arte.
- Bertara joan ezin dutenek aurkezpena streaming bidez jarraitu ahalko dute, Bidebarrieta Kulturguneko Youtube kanalean.