Bilboko Udalak iragarri du BIMEk 10. urteurrena ospatuko duela urriaren 26tik 29ra hirian. Last Tour euskal sustatzaileak bultzatutako kongresuak munduko musika sektoreko profesionalak bilduko ditu berriro. Horrela, hiria berrikuntzaren, teknologiaren, networkingaren eta musika-industriaren etorkizunaren epizentro bihurtuko da.

Urtetik urtera garrantzi handiagoa izan du ekimenak, eta nazioartean musikaren erreferentziako ekitaldi izatera iritsi da; Bilbon duela hamarkada bat izandako lehen ediziotik hasita, BIMEk etengabeko bilakaera izan du, eta nabarmen hazi da arlo guztietan; etortzen diren profesionalen kopurua hirukoiztu egin da: 3.500 pertsona baino gehiago bildu ziren azken edizioan, 35 herrialde eta 1500 enpresa eta erakundetik gora ordezkatuz.

Bilbo hiriaren inplikazioa ere nabaria da; izan ere, hasieran 3 aretotan izaten baitziren showcase-ak, eta orain 11 dira. Hasieran 4 ikastetxek parte hartzen zuten, eta orain 28 dira, eta BIME Campus ekimenean 32 ikaslek parte hartzen zuten hasieran, eta orain 150etik gora dira, nazioarteko 18 beka eta guzti. Eta hazkunderik esanguratsuena Amerikan bigarren egoitza sortu izana da, urteko ekitaldi bat izatetik urtero 2 hitzordu nagusi izatera pasatuz, horrela bi kontinenteen arteko lankidetza eta garapen zubia sendotuz.

Bide honetan barrena, ekimenaren nazioarteko itzalak muga geofisikoak gainditzeaz gain, aurrez aurrekoaren mugak gainditzea ere lortu du: online plataformaren bitartez, munduko edozein txokotatik parte hartu daiteke, eta edukiak nahiz networking-a noiznahi daude eskuragarri. Mundu osoko musikaren arloko profesionalen topagune da BIME, bai aurrez aurre, baita birtualki ere. Komunitate bizia da, eta urtean 2 hitzordu izateaz gain, urteko 365 egunetan aktibo egoten da app-aren bitartez. Eta urteurren honetarako logo eta irudi berria estreinatuko ditugu, etengabeko bilakaerako hamar urte hauetan lortutako heldutasunaren eta sendotasunaren adierazgarri.

BIMEK ASKOTARIKO PROGRAMAZIOA DAKAR BILBORA

Euskadin udazkenean gaudelarik izango da BIMEren hurrengo edizioa Bilbon, urrian, ia astebetez, hau da, asteazkena 26tik larunbata 29ra, musika eta musikaren inguruko guztia birpentsatzeko proposamenarekin. Bi atal nagusi izango ditu ekitaldiak, hainbat gunetan banatuta: BIME PRO biltzar profesionala Euskalduna jauregian izango da, eta BIME LIVE ekitaldia, zuzeneko musika partekatzeko eta ospatzeko aukera, aurten ere.

Showcase-en programazioan jada baditugu 22 artista baieztatuta: Frantziatik, ANNA MAJIDSON; Alemaniatik, ALBERTINE SARGES; Poloniatik, IFI UDE; Txiletik, GIANLUCA; CHINI PNG eta NIÑOS DEL CERRO; Argentinatik, LOS BESOS eta HIPNÓTICA; Austriatik, ATZUR; Euskaditik, MICE, MERINA GRIS eta IDOIA; Kataluniatik, LA ÉLITE, 31FAM, CARLOTA FLANEUR eta XGAQUERA DE CHANDAL; Galiziatik, DANI; Murziatik, MUERDO, Nafarroatik, KATANGA DUB eta EDU ERREA BAND, Valentziatik SANDRA MONFORT, SANTERO eta MUCHACHOSekin batera, eta beste asko ditugu baieztatzeke, Andaluziaren, Kolonbiaren, Aragoiren, Herbehereen eta Sounds From Spainen laguntzarekin.