Gasteizko Udalak programazio zabala eskainiko du udaberri honetan, kulturaren arloan. Ostiral honetan, martxoak 11, kulturako zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Sareko zuzendari Marta Monfortek aurkeztu dute Gasteizko Antzokien Udal Sarearen udaberriko denboraldia.

“Gasteizko ikus-entzuleek 28 antzerki-, dantza-, musika- eta opera-ikuskizunez gozatu ahal izango dituzte guztira, udaberrian: 22 Principal antzokiaren agertokian, eta beste 6 Arabako hiriburuko gizarte-etxeetako antzerkietan, hain zuzen ere ‘Jim Aktual’, ‘Ikuskizuna Ibaiondon’ eta ‘Dantza Sarean’ zikloetakoak”, jakinarazi du Cantok.

‘Helduentazko antzerkia’ abonamenduak bost proposamen hartuko ditu baitan. Apirilaren 22an eta 23an Lo fingido verdadero, Antzerki Klasikoko Konpainia Nazionalarena, Lluis Omar zuzendari eta Israel Elejaldek protagonista dituela; maiatzaren 5ean, Pont Flotant konpainiaren Acampada; hilaren 7an, Carlos Hipólitok Oceanía aurkeztuko du; eta hilaren 26an, Miguel Ángel Muñoz eta Cuca Escribano izango dira gurean, El síndrome del copiloto lanarekin.

Eta abonamenduaren amaiera gisa, ekainaren 9an, Arriaga antzokiak eta Antzokien Udal Sareak batera ekoitzitako Erresuma/Kingdom/Reino antzezlanaren euskarazko bertsioa iritsiko da. Josep María Pourekin, ekainaren 10ean eta 11n

‘Euskarazko antzerkia’ abonamenduak, berriz, hiru hitzordu eskainiko ditu: Maiatzaren 18an, Ez doc ero, Tartean konpainiarena, Principal antzokian; ekainaren 16an (H), Ondoko gela, Les Bebé Bobè-rena, Félix Petite antzokian, eta baita lehen aipatutako Erresuma/Kingdom/Reino ere.

Hiriko gizarte-etxeek beste bi antzezlan hartuko dituzte, Exlimite konpainiaren Los Remedios izenekoa maiatzaren 6an, eta David Espinosaren Conferencia espectacular maiatzaren 12an, ‘JIM Aktual’ zikloaren barruan.

‘Umore giroan’ zikloak ikuskizun benetan apartak aurkeztuko ditu aurten. Ron Lalá Villa y Marte ikuskizun berriarekin iritsiko da ekainaren 17an; Tricicle taldeko Carles Sans ekainaren 18an izango da gure artean, Por fín solo ikuskizunarekin; eta Teatro del Barrio konpainiak Cómo hemos llegado hasta aquí lana ekarriko digu, Olga Iglesias eta Nerea Pérez de las Herasen eskutik.

DANTZA

Dantza oso presente izango da berriz ere Udalaren antzokien programan, abonamenduak bi pieza hartzen ditu baitan. Maiatzaren 19an Lucía Lacarrak eta Matthew Goldingek In the still of the night ekarriko dute Gasteizera, eta ekainaren 3an, Jove Companyia-k, berriz, IT Dansa aurkeztuko du.

Horiei, Félix Petite antzokian egingo diren ‘Dantza Sarean’ zikloko hiru proposamenak gehitu behar zaizkie: Arima, Amaia Elizaran & Liam O’Maonlaí dantzarien eskutik, maiatzaren 13an; Nancy en Vietman, Altraste Danza-rena, maiatzaren 21ean; eta Hamaika, Cielo Raso-rena, ekainaren 10ean.

MUSIKA

Musikari dagokionez, Antzoki Nagusiak hiru kontzertu hartuko ditu. Maiatzaren 11n, Gasteizko Udal Musika bandak Carpe Diem aurkeztuko du ; Albert Pla abeslariak ikuskizun sortu berria ekarriko digu (¿Os acordáis?) maiatzaren 21ean, eta maiatzaren 28an, Juan Valderramak Mujeres de carne y Verso eskainiko du, “Poetak maiatzean” jaialdiaren barruan.

Opera ere izango dugu Arabako hiriburuan, Avoz elkartearen eskutik: Pagliacci aurkeztuko dute maiatzaren 13an eta 15ean.

Eskaintza horri, gainera, Kontzertu Handien Zikloa gehitu behar zaio, zeinari artean bi emanaldi geratzen baitzaizkio. Batetik El jardín de Farinelli, Carlos Mena eta Forma Antiqva musikariek maiatzaren 27an eskainiko dutena, eta bestetik Camerana Ireland, ekainaren 1ean.

Euskadiko orkestrak, bere aldetik, hiru kontzertu eskainiko ditu: Mahler, maiatzaren 6an; Dutillex+Elgar/Catalán, maiatzaren 20an; eta Elgar+Bartok/Wagner, ekainaren 7an.

UDAKO AURRERAPENA

Udal Antzerki Sareak iragarri zuen bezala, Mayumana konpainiaren Currents ikuskizuna bertan behera utzi egin behar izan zen pandemiaren ondorioz, baina gurean izango ditugu, oraingoan bai emanaldia eskaintzeko, uztailaren 29, 30 eta 31n, egun bakoitzean bina saio, 19:00etan eta 21:30ean.

Gainerako funtzioak 19:30ean hasiko dira.

“Gure antzoki-sareak udaberrirako prestatu duten programa-aldizkarian miatzera animatzen ditugu gasteiztarrak, bakoitzak bere gustuko ikuskizuna topa dezan. Denetik dago, norberaren apeta gorabehera. On egin!, esan du zinegotziak.

Udaberriko denboraldirako abonamenduak martxoaren 28, 29 eta 30ean salduko dira; martxoaren 30ean hasiko dira abonamendu irekien salmenta (hori bai, hitzordua eskatu behar da, martxoaren 22tik aurrera), eta martxoaren 31n hasiko da sarrera solteena. Ohiko bideak balia daitezke abonamendu zein sarrera solteak erosteko.