Bilbao Orkestra Sinfonikoak 100 urte bete ditu
Bilbao Orkestra Sinfonikoak bere mendeurrena beteko du 2022an, 1922ko martxoaren 8an eman baitzuen lehen kontzertua BOSek. Arriaga Antzokian izan zen, Armand Marsicken gidaritzapean. Bilboko Udaletik azaldu dutenez, "Bizkaiko gizarte zibilaren bultzadatik sortu zen, lurralde horrekin harreman estua baitu eta bertan egiten baitu bere jardueraren zatirik handiena".
Sortu zenetik, zuzendari titular izan ditu Armand Marsick, Vladimir Golschmann, Jesús Arámbarri, José Limantour, Antoine de Babier, Rafael Frühbeck de Burgos, Alberto Bolet, Pedro Pirfano, Urbano Ruiz Laorden, Theo Alcántara, Juanjo Mena, Günter Neuhold eta 2015etik Erik Nielsen.
BOSek etapa ezberdinak bizi izan ditu, bere birengatik penintsulako iparraldeko orkestratzat hartzen zen urteetatik hasi eta San Petersburgon edo Tokion, Japonian biran, eta Frantziako jaialdi garrantzitsuetan aldizka aritzera eraman duen nazioarteko hedapen berrieneraino. 2019ko urtarrilean, Omango Royal Opera Housen eskainitako «Madama Butterfly» antzezpenetan parte hartu zuen.
2012an bere 90. urteurrena ospatu zuen Schönbergen Gurreliederrak interpretatuz, Günter Neuholden zuzendaritzapean, kontzertuak zuzenean grabatu ziren eta Thorofonek CDan editatuta ere.
Orkestraren egoitza den Euskalduna Jauregian egiten duen kontzertu-denboraldi erregularraz gain, BOSek ganbera-musikako denboraldiak eskaintzen ditu Bilbon eta Bizkaian, lan pedagogiko garrantzitsua Kontzertu didaktikoen eta En familia delakoen bidez, eta musikaren bidez gizarteratze-jarduerak garatzen ditu. OLBEren operetan parte hartzen du aldizka fosoko orkestra gisa, eta lankidetza-ildoak mantentzen ditu Guggenheim Museoarekin, Bilboko Arte Ederren Museoarekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Bilboko Arriaga Antzokiarekin batera.
Bere katalogo diskografikoaren barruan, BOSek euskal musikaren bilduma interesgarria egin du Naxosentzat, Arambarri, Guridi, Arriaga, Isasi, Usandizaga, Sarasate eta Escuderori eskainia. J. Rodrigo eta T. Takemitsu konpositoreen lanak ere grabatu ditu EMI JAPAN disketxerako, Kiyoshi Shomura gitarrista japoniarrarekin eta Juanjo Mena maisuaren zuzendaritzarekin.