Euskal Herriko lehendabiziko argazkilaria bihurtu zen Eulalia Abaitua ogibidea Liverpoolen ikasi ostean. Bere lanetan herri xehea eta eguneroko bizitza jarri zituen kameraren beste aldean, eta, batez ere, emakumeak erretratatu zituen. Bere figura eta lana omentzeko, Loraldia festibalak ekoizpen propioko antzezlana sortu du, Mira Hadi. Eulalia Abaitua, andre-begietan. Estreinaldia martxoaren 15ean izango da, 19:30etan, Bilboko Arriaga Antzokian.

Ikuskizunaren asmoa Abaituaren bizitza puskak kontatzea da, begirada garaikide baten bitartez. Izan ere, argitu dutenez, "gure memoria bisualaren artisau ezinbestekoa izan zen". Bilbon jaio zen Eulalia Abaitua, 1853an, baina nerabea zela Liverpoolera joan zen eta bertan argazkilaritzaren mundua deskubritu zuen. Ingalaterran ikasi zuena Euskal Herrira ekarri zuen, euskal ohiturak eta festak betikotzea lortuz. "Oraindik nahiko ezezaguna den Eulalia Abaitua argazkilaritza antropologikoaren ordezkari bikaina izan zen", azaldu dute Loraldia festibaletik.

Emankizunaren protagonismoa Eulalia Abaituak izango duen arren, hiru emakume izango dira omenaldia aurrera eramatearen arduradunak Patxo Telleriak idatzitako gidoiaren arabera. Obraren zuzendaria Getari Etxegarai da, eta beste bi emakumeren laguntzarekin eraman du aurrera proiektua. Batetik, Ane Pikaza arduratuko da teatro kontaketaz, argazkilariaren bizitza eta memoria osatuz. Bestetik, Maite Larburuk, musikaren bitartez, istorioa girotzeaz arduratuko da, berak sortutako soinu-banda zuzenean joz. Ikus-entzunezko arloari dagokionez, Abaituaren argazkien bildumaren parte bat ezagutzeko aukera egongo da.

EUSKAL KULTURAREN ERREFERENTEAK

Loraldia festibalaren edizio guztietan euskal kulturaren erreferente baten irudia hartu eta, gaurko begiradaz interpretatuz, ekoizpen propio bat sortu izan da. Produkzio hauen helburua industria sustatzea, euskal erreferenteak gaurko gaietara ekartzea eta balorean jartzea da, disziplina ezberdinak uztartzen dituzten lanak sortuz. Horrela sortu dira, besteak beste, Anton Abbadia. Dublinetik Hendaiara; Mundu bira. Elkano Primus; edota Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari. Ekoizpen hauek Euskal Herrian zehar biran ibiltzeko asmorarekin sortuak dira, eta, horregatik, obra txiki eta jasangarriak izan ohi dira.