Hainbat ikuspegitik aztertu da bertsolaritzaren bilakaera gaur egun arte, baina fenomeno sozio-kultural bezala aztertu gabe zegoen oraindik. Hutsune horri konponbidea jartzeko asmoz jorratu du Antxoka Agirre kazetariak Bertsolaritzaren historia soziala: oihartzuna, eragiletza eta gakoak . EHUk eta Euskaltzaindiak elkarlanean argitaratu duten liburu mardulean bertsolaritzak azken 200 urteotan hedabideetan izan duen presentzia hartzen du abiapuntu-tzat, Europan herri-kulturak izandago garapenaren testuinguruan kokatuz. Horretarako, bertsolaritzaren erreferentziak dituzten 4.000 testu baino gehiago bildu ditu. Ikerketaren egileak argi dauka: “Belaunaldiz belaunaldi egindako lanari esker iritsi da bertsolaritza gaur egun dagoen tokira”. Horregatik, aurrekoek egindako ahaleginen perspektiba historikoa berreskura- tzeko beharra aldarrikatzen du.“Bertsolaritza bere lekua aurkitzen joan da, baina egia esan oihartzun nahikoa izan du betidanik”, irizten du Agirrek. Bere esanetan, bertsolaritzaren eta euskal kulturgintzaren promozioa kazetaritza modernoak izan zuen garapenaren eskutik joan ziren. Lanaren egileak dioenez, Erromantizismoaren garaian, herri-kulturarekiko interes berezia zegoen, urte askotan mespretxatu ondoren, sustraiak kontserbatzeko beharra ikusten baitzen. Era berean, Europan interes handia piztu zen euskararen eta euskaldunen inguruan. “Euskal Herria modan zegoen”, azaltzen du. Hori dela eta, bertsolaritzari erreferentzia egiten dioten hainbat testu aurkitu ditu atzerrian: Austrian, Frantzian, Erresuma Batuan... Baita Galeseko ahozkotasuneko antzeko fenomeno bat aipa-tzen duen testu bat ere.

“Kronika eta ikerketa txikiak dira batez ere. Euskara, hizkuntzaren egituragatik, errimatzeko oso egokia dela esaten zuten”, adierazten du Antxoka Agirrek, tartean pieza bitxiak aurkitu dituenak. Esaterako, The Times egunkari britainiarrean Iparragirre aipatzen den testu batekin eman du. “Erresuma Batuko beste aldizkari baten Pello Errota bertsolariaren kronika luze bat ere aurkitu dut, eta, Estatu Batuetan, bertsolariak protagonista dituen ipuin bat ere”, zehazten du. Bestetik, arakatutako dokumentazioak bertsolaritzaren eragiletzari buruzko zenbait kontu argitzeko aukera ematen duela uste du. “Denok geneukan buruan bertso eskolak 80. hamarkadan sortutako zerbait zirela, baina gerra aurreko egunkarietan aurkitu dut Aitzol, Lauaxeta eta horiek ere ideia horri bueltak ematen zizkiotela”, azaleratzen du Antxoka Agirrek.

Zentzu horretan, kazetari gipuzkoarraren esanetan, egia da belaunaldi bakoitzak hurrengoa gainditu behar duela. “Baina hemen joera daukagu, gainditu ez ezik, lurperatu egiten dugula aurrekoa, eta, horrela, perspektiba historikoa galdu egiten da. Interesgarria da berreskuratzea eta osatzea”, iritzi du bertsolaritzaren bilakaera zortzi belaunalditan zehar eragileek egindako lanarekin lotzen duen ikertzaileak. “Belaunaldi horien barruan badaude figura konkretuak eta horien historia partikularra ere oso interesgarria da. Azpimarratu nahiko nuke jende guzti honek merito handi izan zuela, ahozkotasuna modan ez zegonean bultzatu zutelako. Bertsolaritzaren eragiletzaren historia nahiko ezezaguna da, aurrekoek egindako ekarpenak ez dira asko azpimarratzen”, laburbiltzen du Agirrek.

Presentzia goiztiarra

Komunikabideei dagokienez, bertsolaritzak oso presentzia goiztiarra izan zuela defendatzen du Agirrek. Lehenik prentsan, eta, gero, irratian. “Euskal gaiak lantzen dituen lehen pelikula Teodoro Hernandorenaren Euzkadi, zehazten du kazetariak. “Garai berrietara egokitzeko azkenengo erronka potentea masa kulturalaren eremuan defenditzea izan da, eta, horretan, telebista funtsezkoa izan da”, gaineratzen du, Hitzetik Hortzera bezalako formatoek izandako garrantzia goraipatuz. “Saioaren arrakasta ez da ulertzen bertsolari belaunaldi hark, Egañarenak, zeukan kalitaterik gabe”, irizten du. Modu ber-tsuan, Internet bezalako medio berriei doitzen ere asmatu du bertsolaritzak. Izan ere, Agirreren esanetan, “feedback azkarra dauka, audiobisuala da, nahiko horizontala... Bertsolaritzaren ezaugarriei egoki-tzen da”.

Horregatik guztiagatik, bere esanetan, “bertsolaritzak hemen daukan oihartzun mediatikoa eta soziala oso singularra da, ez dago parekorik”. Puntu gorena, 80. hamarkadan lortu zuen, eta, ordutik, gutxi gorabehera, mantendu egin da. Hala nabaritzen du txapelketa nagusiek prentsan izan duten presentzia kuantitatibo eta kualitatiboan. “Agian pixka bat jaitsi da azken urteotan, baina izan zuen gorakada horri eusten dio; besteak beste, lan handia egin delako Bertsozale Elkartetik”, argitzen du.

Bertsolaritza gizartearen ispilu den heinean, emakume bertsolariak ikusezinak zirela baieztatu dute Antxoka Agirrek aztertu dituen dokumentuek. “4.000 eta piku testutik 26 bakarrik aipatzen dute emakumeren bat. Hasieran gehiago agertzen ziren, Lore Jokoetan txapelketaren baten parte hartzen zuten, baina XX. mendea hasten denean erabat desagertzen dira”, dio Agirrek. Bitxikeria bezala, Manuela Zubiaurre aipatzen du. “Topatu ditudan piezetan, familiari bertsolaria zela jakitea gustatzen ez zitzaiola ikusten da. Iparragirrek hainbat kantu eskaini zizkiolako aurkitu dut. Baina prentsako testu zaharretan ikusten da bere ere bertsolaria zela”, dio.

Bere esanetan, emakumea berdintasunerantz hurbiltzen joan zen era berean, plazan eta bertsotan toki gehiago aurkitu zuen. Zentzu horretan, bertso eskolek asko lagundu zutela argitzen du. “Garai batean zegoen mitoaren arabera, bertsolariak berez sortutakoa izan behar zuen, baserrian eta txapelarekin. Bertso eskolek, talentu pixka bat izanez gero, bertsolari edonor izan daitekeela erakutsi zutenean, figura horrekin hautsi zen”, zehazten du Agirrek, bertsolariak ahalduntzen joan ziren heinean, garai batean zuten irudia -analfabetoa, lan ezagunik gabekoa, parranderoa...- desagertu zela azaldu ostean.

“Bertsolaritzak hemen daukan oihartzun mediatikoa eta soziala oso singularra da”

Kazetaria eta ikertzailea