Euskaltzaindiak bere hiztegiaren bertsio digitalaren azken eguneratzearen berri eman du, eta 329 forma berri (211 sarrera eta 118 azpisarrera) sartu ditu azken sei hilabeteetan. Azaldu dutenez, beste 306 forma leundu eta osatu dira. Termino berriak esparru askotakoak dira, besteak beste, teknologia digitalekoak. Eremu horretan, online, podcast, bideokontsola edo spam hitzak eta ibuprofeno, parazetamol, sekuela, presentzial, preskripzio edo antiinflamatorio osasuna (eta pandemia) bezalako hitzak sartzen dira.

Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak esan du "asko eta askotarikoa" dela azken sei hilabeteotan landu den materiala. "Hitz berriei erreparatu bai, baina batez ere lehendik dauden sarrerak eta azpisarrerak berrikusten, osatzen eta zuzentzen ibili gara, lan hori ez baita inoiz amaitzen", azaldu du Urkiak.

Hitz berriak

Azken sei hilabeteotan hitz ugari gehitu zaizkio hiztegiari. Gutxi batzuk aipatzearren: apuratu, narko, hormatzar, efektibo, dietista, kafetxo, ponentzia, artefaktu, arpilatze, faktoria, light, literal, lurrazpi, joskintza, partzela, tik-tak, txikitero, pisukide, ibuprofeno, doktrinamendu, podcast...

Azpisarrera berrien artean ere badira berrikuntzak. Esaterako, arrisku(-)egoera, haur(-)eskola, orri(-)bazter, setio(-)egoera, sexu(-)abusu; sexu(-)eraso, hil ala biziko, lan(-)istripu, larrialdi(-)zerbitzu, off-eko ahots, berri(-)agentzia, klima(-)aldaketa, klima(-)larrialdi, esklusiban, foru(-)zuzenbide gehitu zaizkio hiztegiari.

Gaur egun, Euskaltzaindiaren Hiztegiak 49.596 forma ditu guztira (40.002 sarrera eta 9.594 azpisarrera) eta 68.695 adiera (horietatik 2.420 azpiadierak dira).