Nerea Ibarzabal gailendu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketan

Buruz burukora iritsi da Jone Uria getxoztarrarekin batera, eta berak eramango du txapela Markinara

18.12.2021 | 23:02
Nerea Ibarzabal Salegi da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldun berria.

Nerea Ibarzabalek irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Jone Uriari gogoratzeko moduko final batean gailendu ostean. "Gure etxeko andre guztiak nahi nituzke gogoratu, egoerarik gogorrenetan ez direnak hondoratu", esan zuen markina-xemeindarrak bere amaierako agurrean txapela eta aginte-makila jaso ostean. Garaipena haiei eskaini die, une latzenetan aurrera jarraitzeko ausardia izan duten emakumeei.

Momentu berezia izan da gero, bertsolari eta bertsozaleek eszenatoki handi batean bat egiteko aukera izan dutelako hiru urte beranduago. Arauak errespetatu ziren hasieratik amaierara arte, pertsona guztiek musukoa egoki jantzita izan zuten arratsalde osoan zehar eta covid ziurtagiria erakusteko beharra ez da oztopo bat izan. Hartara, bertsozaletasunak bere horretan jarraitzen duela ikusi da gaur Miribillako Bilbao Arena polikiroldegian.

Bizkaiko Bertso Txapelkeltako finalaz gozatzera bertaratu dira milaka pertsona, eta hasieratik euren zirrara erakutsi dute. Horren adibide nagusia izan da bertsolariak oholtzara salto egin aurreko momentua: ikuslegoaren txalo zaparrada berezia izan da, hunkigarria, sentimenduz betea.

Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Etxahun Lekue, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Gallatebeitia izan dira gaurko finalaren protagonistak. Azken hau, hasierako agurra egin duen lehendabiziko finalista izan da, eta argi utzi du zein den eguneko helburu nagusia. "Zuek txunditzera gatoz, ta ondo baldin badoa, gaurkoa izango da inoiz baino Miribillagoa", esan du Gallatebeitiak bere lehendabiziko hitzetan. Horrekin bat, ostera gertatuko zena iragarri du: "Nereak utzi ohi digu ibarzabalik ahoa".

Txunditzeko unea laster hasi da, eta aurtengoan, betiko lez, gaiek egunerokotasunarekin lotura estua izan dute. Pandemia hasi zenetik euren familia aurrez ikusteko aukerarik izan ez duten bi preso, covid ziurtagariaren alde dagoen ostalari bat eta bere kontra dagoen beste bat€ Azken honen harira, Aitor Etxebarriazarragak aski ongi azaldu du egoera horren aurrean egin beharrekoa ostalari baten tokian jarrita: "Nik momentuz eskatu behar dot papela, uste dut horrela, azkenean hontara ere, ohituko garela".

Beste gai nabarmen bat izan da nola aurre egin irakasleari eraso homofoboak egiten dizkion ikasle bati. Honetan, Onintza Enbeita duela hiru urteko irabazlearen hitzak oso argiak izan dira: "Gu isilik ez goaz inora, bota daiogun berba bertara ahora, bera ez bada goazen besteok kanpora".

Hitzekin batera, hainbat unetan hotza ere nabarmendu da Bilbao Arenan arratsaldean zehar. Lekua aireztatuta egon zedin, ateak behin baino gehiagotan ireki zituzten finalean. Hartara, final baten ohiko urduritasunarekin batera, hotzak bertsolariak dardarka izan ditu eta batek baino gehiagok txamarra jantzi du bere txandaren zain egon bitartean.


Bakarkako momentua Finala bi ataletan egituratuta egon da. Lehenengoan zortzi finalistek hartu dute parte, eta bertsolaritzan hain ohikoak diren zortziko txiki edota hamarreko txikitan burutu dituzte bertsoak. Hori bai, finalera heldu aurreko une bereziena bakarko lana izan da ezbairik gabe, eta hor, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal nabarmen gailendu dira.

Ibarzabali dagokionez, liburu bat argitaratu berri duen idazle baten azalean sartu behar izan da, baina isiltasuna da nagusi bere lanaren inguruan. Alabaina, bertsozaleak ez dira luzerako isilik egon.

Ibarzabalek "denek isilik erantzun dute, kaixo agur eta jator, harrira bota putzu erdira baino uhinik ez dator" esan eta berehala, zarata handieneko momentua bizi da Bilbao Arenan, jendea erabat erotu baita markina-xemeindarraren bertsoekin, hots, jendeak badaki Ibarzabalek finalean egotea merezi duela zalantzarik gabe.

Uriaren kasuan, Olentzero izan da protagonista, bigarren urtez ilusioa umeekin partekatzeko aukerarik izango ez duen Olentzero. Uriak umeek pandemia garaian izandako jarrera eredugarria azpimarratu du bere bertsoen bidez, eta amaiera zoragarria izan da gero. "Tximinitik sartuko naiz nire zakua beteta, aurten opari guztiak merezi dituzu eta". Getxotarrak ere, txalo zaparrada berezia jaso du.

Zirrara buruz buru Nerea Ibarzabalek eta Jone Uriak bertsozaleen zirrara piztu dute beste inork ez bezala, eta ez da harrigarria izan biak azken eta bigarren fasean ikustea. Lehenik eta behin, proposatutako gaiari aurre egin behar izan diete: biak bertsolariak dira, eta Ibarzabal finalean kantatzen dagoen bitartean, Uriak pinganilotik esan beharreko bertsoak txibatzen dabil.

Norgehiagoka honetarako Uriak ez du galdu umorea baliatzeko parada, Maialen Lujanbio pinganiloan dabilena dela kontatuz, baina Ibarzabalen hitzek beste txanpa bat geratzen dela erakutsi dute. "Lehen pertsona bat zinen ta orain hamabost minutu" esan duen unean, finala luzea izango zela erakutsi dute.

Hala izan da bada, kartzelako lanean erabaki da finala. "Topa egin eta txintxina egitearekin batera, pasa dadila pasa beharrekoa" izan da hain zuzen ere hautatutako gaia, Ibarzabal lehenengo oholtza gainera.

Gai horrekin jolasean ibili da markina-xemeindarra, hiru bertso egin behar zituen zehazki. Bere eguna da, bere momentua, eta aldez aurretik egindakoak ona izan badira, azken bertso hauek paregabeak izan dira, txapela kentzeko modukoak. "Musu bat eman ta agur, gure ordua heldu da, berriro itzul gaitezen maite gaituzten lekura", itxi du Ibarzabalek. Bertsolariak maitatuak ziren lekura itzuli dira, baina maitatuena atzo Nerea Ibarzabal izan zen. 

noticias de deia