Oskarbik, euskal folk talde mitikoak, kontzertua eskainiko du datorren astelehenean, abenduak 13, Arriaga Antzokian. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 19: 30etik aurrera Kantua zueri bere azken lana aurkeztuko du. Kontzertu hau Bilboko Udaleko Euskara Sailak sustatzen duen «literatura eta Musika Euskaraz» programaren barruan dago.

Hurrengo egunean, hilaren 14an, asteartean, "BJC Arriagan" zikloa itzuliko da, Bilbaina Jazz Clubek eta Arriaga Antzokiak antolatuta, Marcos Varelaren emanaldiarekin. Texasko kontrabaxu-jotzailea New Yorken bizi da, eta AEBko eta nazioarteko jazz eszenako musikaririk errespetatuenetako bat da. Bikaina, bai kontrabaxuarekin, bai baxu elektrikoarekin, eta bere talentuak sari eta aintzatespen asko eman dizkio musikari, konpositore, lider, ekoizle eta hezitzaile gisa. Varelak San Ygnacio Project izeneko bere proiektua aurkeztuko du, kritika espezializatuaren goraipamen handiak jaso dituena. Kontzertua 19:30ean hasiko da.

Asteazkeneko proposamena (hilaren 15ekoa, hau ere 19:30ean) kalitate musikalaren, antzerki-izaeraren eta barrea eragiteko gaitasunaren arteko fusioaren adibidea da. Rossini Abesbatza Arriagara itzuliko da Gabonak aurreratzeko, Rossini On Air: Christmas Edition bereziarekin, data berezi hauetarako apropos sortutako musika eta antzerki ikuskizunarekin, izan ere, Gabon-kanta kutunen aukeraketa bat egin baitute, ikusleriaren gozagarri. Zarzuela On Air, aurtengo apirilean bertan Arriagako ikusleak dibertitu zituen ikuskizuna bezala, show berri hau ere irratsaio entretenigarri eta original gisa pentsatuta dago, eta Aurori Badiola eta Mª Ángeles Salas (Iñaki Maruri eta Mitxel Santamarinak interpretatuak) paregabeek gidatuko dute. Bi esatari oso berezi dira eta, haien gatz eta piperrarekin, musika errepasatuko dute, Gabonak gai nagusitzat hartuta. Gabon-kantez gain, oroimenean modu berezian grabatuta geratu diren eta oroitzapen nostalgikoen parte diren irrati eta telebistako iragarkiak entzuteko aukera egongo da. Azken batean, arratsalde/gau benetan dibertigarria izatea aurreikusten da.