Bederatzigarren urtez jarraian Arriaga Antzokiak Gabonetako opari-txartela salgai jarri du, bi modalitaterekin: 40 eta 100 euroko. Eskaintza honen bidez, antzokiak arte eszenikoekiko pasioa sustatu nahi du eta ikusleen joan-etorria bultzatu. Txartel hau Arriaga Antzokiko edozein ikuskizunetan gastatu ahal izango da 2022ko ekainera arte.

Arriaga Antzokiak errepikatu egiten du, horrela, 2013ko Gabonetako kanpainetan martxan jarri zuen ekimena, eta izandako arrakastaren ondorioz

bederatzigarren urtez jarraian abiarazten dena. Kanpainak helburu berberari eusten dio: ahalik eta pertsona gehien antzokira erakartzea eta harrobia egiten jarraitzea, adiskideak gehituz.

Arriaga Antzokiko Opari Txartela eskuratzea, oso prezio egokian eta beste zenbait abantailez kultura oparitzeko aukera bikaina da. Hori dela eta, Gabon hauetan senideei edo/eta adiskideei egiteko opari ezin hobea izan daiteke. Opari Txartelaren bi modalitate daude. Batak 40 euroko saldoa du, eta besteak 100 eurokoa. Aukera bietako edozeinek ematen du denboraldi honetarako Arriaga Antzokiko sarrerak erosteko aukera (saldoa agortu arte). Horrela erositako sarrerek, lehen unetik %25era hel daitezkeen beherapenak dituzte.

Horrez gain, Opari Txartela duenak beste abantaila bat ere badu. Haren saldoa agortu ondoren, Arriagako Adiskide karneta dohainik lor dezake. Karnet horren titularrak sarrerak beherapenarekin erosten jarraitzeko eskubidea eta bestelako zenbait abantaila izango ditu denboraldi honetan, 2022ko ekainera arte. Opari Txartelaren saldoa amaitu ondoren aipatutako karneta dohainik lortzeko, nahikoa izango da antzokiko Informazio Bulegora hurbiltzea eta Opari Txartela aurkeztea.