Euskaltzaindiak Antxoka Agirre kazetariaren liburua, Bertsolaritzaren historia soziala: oihartzuna, eragiletza eta gakoak (1823-2018), aurkeztu du Durangoko Azokan. EHUrekin elkarlanean argitaratu den lan honek bertsolaritzaren 200 urteko historia soziala aztertzen du.

Ikerketa hau egiterakoan, bertsolaritzak prentsa historikoan, irratian, zineman, telebistan nahiz Interneten izandako presentziaren bilketa eta azterketa hartu du abiapuntutzat egileak. Bertso-munduko eragiletzaren zortzi belaunaldiren biografiak eta ekarpenak ere harilkatu dira kontakizunean. Eta hau guztia Europan herri-kulturak izandako bilakaeraren testuinguruan kokatu da. Azken emaitza kultura-bilakaera guztiz bereziaren berrikuspen zabala da.

Jon Sarasuak egin dio hitzaurrea ikerlanari, eta irakurri zuen mementuan bertan harrituta geratu zela aitortu du irakasleak: "Ikerketa hau begi aurrean izan nuenean ohartu nintzen lehen aldiz marraztu zitzaidala gure ibilbidearen kontakizun sendoa. Ez geneukan". Gogoeta horri eutsiz, jarraitu du esanez "lan honek izan garenaren erradiograma" ematen duela, hain zuzen, bertsolaritzaren "hezurduraren argazkia". Azkenik, Sarasuak nabarmendu du liburuak "autokonprensiorako" kontakizuna ematen duela, ez arlo batean, hirutan baizik: "gure eragiletzaren ibilbidean, gure historia sozialean eta gure presentzia mediatikoan".

Hori bera azpimarratu nahi izan du Antxoka Agirre ikerketaren egileak: "Labur esanda, bertsolaritzaren 200 urtetako historia soziala biltzen du lan honek, hiru ardatzetatik abiatuta: bertsolaritzaren presentzia mediatikoa aztertuz; bertso munduko eragiletzaren historia bat osatuz; eta hori dena Europan herri-kulturak izandako bilakaeran kokatuz". "Bertsolaritza ikertua izan da, baina faltan hartzen nuen bertsolaritza fenomeno sozio-kultural bezala azaltzen zuen lan bat", esan du Agirrek, eta kezka horren aitzakiaz liburu mardul bezain interesgarria ondu du kazetari zumaiarrak.