"Lauaxeta gure Lorca izan zen", gogorazi du Kirmen Uribe idazleak, Bilboko Elkarte Filarmonikoan ospatutako ekitaldian, euskarak batzen duen komunitatearen ordezkaritza handi baten aurrean. Idazle bizkaitarraren omenez urtero Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen aitorpen horren merezidun izan da Xabier Amuriza bertsolari, kulturgile eta idazlea. Pandemia dela eta iaz jaso ezin eta aurten eman zaio Lauaxeta Ohorezko Saria. Halaber, Bizkaiko Euskarazko Musika Sortzaileei egokitu zaie aurtengo aitorpena eta haietako lagin batek jaso du: zehazki Gontzal Mendibil eta Mikel Urdangarin kantautoreek eta Zea Mays eta Gatibu taldeek. XVII. edizio honetan, gainera, ikus-entzunezkoen saria Iñaki Alforja eta Ivan Toledo zuzendariek jaso dute, Bolante baten historia lanagatik. Poesiaren alorrean, berriz, 35 urtetik gorakoen kategorian, Leire Bilbao izan da saritua, Etxeko urak poema liburuagatik; eta, 35 urtetik beherakoen kategorian, Jon Ander Urkiaga izan da saritua, Bizi min poema bildumagatik.

"Gaurkoan ahozkotasuna, hitza, bertsoa eta musika goraipatu izan nahi ditugu", azaleratu du Unai Rementeria ahaldun nagusiak bere diskurtsoan, euskararen alorrean aurrerapen handiak eman diren arren gehiago egiteko premia azpimarratu baino lehen. "Une zailak bizi ditugu pandemia dela eta; kultura ere ikututa geratu da eta euskararen erabilerak ere igarri du", adierazi du. Hala ere, zutik jarraitzen du kulturaren sormenak, "ez da beherantz joan, eta, bereziki, euskararen sorkuntza ez da geratu". Hori ere zorionekoa dela azpimarratu du. Ildo horretatik, Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, euskarazko kultur sorkuntza aberatsa eta askotarikoa izateko orain arte egindako bidea alferrekoa ez dela gaineratu du. Horregatik, euskara transmititzeko eta elikatzeko beharra goraipatu du Marta Urcelay eta Yogurinha Borovak zuzendu duten ekitaldian zehar.

LAUAXETA OHOREZKO SARIA

Asmo horri tinko eutsi dioten eragileak saritzeko banatu dute Lauaxeta Ohorezko Saria: "Bizkaian bereziki eta, munduan zehar, oro har, euskararen sustapena, zabalkunde eta normalizazioan egindako ekarpenagatik nabarmendu diren pertsonak edo taldeak publikoki aitortzea, saritzea eta merezimenduzko jarduera horiek plazaratu eta zabaltzea, ahal den neurrian gizartea euskararen sustapen zeregin horretara erakartzeko pizgarri gerta daitezen". Zeregin horretan buru-belarri aritu izan da beti Xabier Amuriza bertsolari, kantugile, letragile eta idazlea. Gaurkoan, konfinatuta egon denez, audioz helarazi du bere esker ona: "Lauaxeta niretzat, gazte gaztetatik, Lau Haizetara -jaio zen baserriaren izenaren laburduratik dator- baino zerbait gehiago izan da, lau haizeen batura sentimentala. Poz handia, itzela ematen dit izen hori daraman saria jasotzeak Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik". Bere figuraren omenez, Onintza Enbeita eta Iruri Altzerreka bertsotan aritu dira.

Aurtengo saridunei dagokienez, epaimahaiak honakoa nabarmendu du: "Guztiak bizkaitarrak izanik, euskarazko musikariak dira, etenik gabeko ibilbide luzea izan dute bakoitzak bere estiloari eutsiz eta gaur ere kantuan ari dira; publiko eta musika mota diferentetakoak dira, hedadura zabalekoak eta musikari erreferenteak". Ekitaldi osoan zehar, ez dira gutxi izan Estepan Urkiaga olerkigileari egindako laudoak eta Gontzal Mendibil abeslariak ere oroitzapen bat izan du harentzat: "Kulturan gabiltzanok bihotzean daramagun poeta handienetarikoa izan da, handiena ez bada", azaldu du Gandiaga, Kapanaga, Baraiazarra edo Iparragirre bezalako idazleak aipatu ostean.

Temati eta gogotsu, bere zereginarekin jarraitzeko asmoa erakutsi du. Hala azaleratu dute Gatibu taldeko kideek ere. "Pasio hau euskaraz egiten jarraituko dugu", agertu du Gaizka Salazar bateria-jotzaileak. Aurreko larunbatean hiru aldiz bertan behera utzi behar izan duten kontzertua eskaini ostean jaso du saria Gernikako taldeak. "Euskara egoskorra da eta gure aportazioa borroka honeri musikaren bidez izango da", azaleratu du Haimar Arejita gitarra-jotzaileak. "Lauaxetak borroka bat izan zuen bere bizitzan, aberria, guk ere jarriatuko dugu", ziurtatu du, azkenik, Alex Sardui abeslariak.

"Xabier Amuriza aurrekari izateak edozein zalantza edo urduritasun baretzen du. Taula gaina berba egiteko baino kantatzeko nahiago dugu baina gozoari ez diogu uko egingo eta saria gozatu egingo dugu", adierazi du Mikel Urdangarik kantautoreak Zea Mayseko kideei txanda eman baino lehen. Asier Basabe bateria-jotzaileak datorren urtean 25 urte bete behar dituztela gogoratu du. "Eskerrak eman nahi dizkiegu taberna, gaztetxe, kontzertu areto, jai batzorde eta ekitaldi antolatzaile guztiei, hasieratik laguntza izan dugulako eta talde moduan handitzen lagundu digutelako. Eta batez ere euskal musika entzuten duen publikoari", aditzera eman du. Duela hilabete, Bilboko taldeko abeslaria den Aiora Renteriak minbizia dela eta urgentziazko ebakuntza egin egin behar ziotela iragarri zuen. Horren harira, ondo dagoela argitu du. "Pixkanaka errekuperatuz. Jaso dituen mezu eta animo guztiak asko eskertzen ditu", jakinarazi du bere taldekideak.

POESIA ALORREAN

Garazi Etxabururen dantzaz edota Bilboko Koral Elkartearen emankizunaz gozatzeko aukera izan dute bertaratutakoek sariekin tartekatu diren saioen bidez. Poesiaren alorrean, 35 urtetik gorakoen kategorian aurkeztutako 24 lanen artean nabarmendu du epaimahaiak Leire Bilbaoren Etxeko urak: "Idazleak maisuki darabil hizkera poetikoa gizartearen sinbolo horiek bereak egiteko eta bere hizkera propioz ernaltzeko eta emateko. Zuzena da bere diskurtsoa, batua bere mezuan, eta irakurlearengana oztoporik gabe iristen dena. Paralelismoak eta identifikaziok maite ditu, eta bere mezuaren eta itsasoko esanahien arteko zubia erraz eraikitzen du amatasunari buruzko liburu honetan".

Hitzekin duen trebetasunaren berri eman du bere diskurtso poetikoan idazle ondarrutarrak: "Dana emon behar jako maite da poesiari. Esaten dabe poesiak ez dabela ezertarako balio, ezertarako. Horregatik da hain beharrezkoa. Esaten dabe poesia etorkizunez betetako arma bat dala, etorkizunez betea. Esaten dabe Euskal Herriko poeta hutsari kolpeka hutsari kolpeak argitu ezak kopeta. Esaten dabe poesia zaila dala, zaila bizitza ez balitz bezala. Esaten dabe poesia munduari begiratzeko modu bat dala, begiratzeko modua. Esaten dabe poesiak ez dabela ezertarako balio, horregatik da hain beharrezkoa. Dana emon behar jako".

Bestetik, XVII. edizio honetan idazle gazteen artean poesiagintza suspertzeko eta zabaltzeko asmoz mailakatu den 35 urtetik beherakoen artean Jon Ander Urkiagaren Bizi min: "Autorearen poesiak 39 poemaren bidez bizitzak sortzen duen eta heriotzak estaltzen duen malenkonia kutsuan egindako bidaia eskaini digu. Galderez osaturiko diskurtso poetikoa da berea, ikuskizunaren errotik sorturikoa". Zornotzako idazleak literaturaren mundutik abiatuta kulturaren atzealdera zabaldu nahi izan du bere esker ona: "Eskerrik benetakoenak eman horren abegikor hartzen gaituzten liburu saltzaileei edo kontzertu zein antzezlan bat posible egiten duten teknikariei edo entzulea bertso-saio batera joan eta esertzeko unean aulkiak prest utzi dituen horri. Izan ere, horren beharrezkoak diren izen-abizendun norbanako horiek barik ez legoke kulturarik".

IKUS-ENTZUNEZKOEN SAILA

Azkenik, ikus-entzunezkoen sailean, Bolante baten historia 80ko hamarkadaren hasieran, Komando Autonomo Antikapitalistetako Naparra bezala ezagutzen zen José Miguel Etxeberria Álvarezen desagerpenari buruz doa. Horrela, lanaren egileek bere anaia Enekorengan irekitako zaurian arakatu dute, berrogei urte baino gehiago iraun duen bilaketaren lekukoaz hitz egiteko. "Gure dokumentalak gabeziari, hutsuneari buruz hitz egiten du", azaldu du Iñaki Alfajorrek, Ivan Toledorekin batera dokumentala zuzendu duenak. "Pentsa zenbat amodio, lan, lagun galdu dituzuen azken 41 urte hauetan. Azken 41 urte hauetan Etxeberria familia José Miguelen bila egon da. Hori da gure dokumentalak kontatzen duena. Gertatutakoari buruz hitz egiten ari gara dokumentalak, pelikulak, musika, abestiak, poemak... egiten eta batzutan gertatukoa zuri-beltzean ikusi nahi dugu, xake partida bat izango balitz bezala, baina guri puzle bat izango balitz bezala ikustea gustatzen zaigu. Azkenean pieza guztiak -gertatutako guztia- ikusi behar ditugu puzlea ikusteko", gaineratu du memoria historikoaren garrantziari buruz.