998tik ez zuen emakume batek janzten, eta atzo iritsi zen unea. Saioa Alkaizak (Iruñea, 1991), hain zuzen Anaitasunako oholtzara ailegatzea lortu zuen emakume bakarrak, bereganatu zuen txapela Nafarroako Bertsolari Txapelketako 46. edizioan. Oholtza gainean zortzi bertsolariak eta haiei so Iruñeko kiroldegia lepo bete zuten 1.750 ikusleak osagarri ezinbestekoak izan ziren nafar bertsolaritzaren historian gogoangarria izango den saio batean. Izan ere, taula gainean ibilbide luzeko bertsolariak zein finalera lehenengoz ailegatutako bertsolariak bildu ziren, nafar bertsolaritzak ibilbidea eta etorkizuna baduela erakutsiz. Estitxu Arozenak, Nafarroako Bertsolari Txapelketa batean txapela jantzi zuen lehenengo emakumeak jarri zion berea Alkaizari, sinbolikotik aunitz izan zuen une batean. Ezin zuen amaiera borobilagorik eduki finalak.

Iruñeko bertsolaria fin aritu zen saio osoan zehar eta ale ederrak utzi zituen bakarkako ariketetan, baita zortziko txikian eta hamarreko txikian ere. Alkaizaren eta Lazkozen atzetik orain arteko txapeldun izandako Julio Sotok egin zuen hirugarren, eta haren ondotik gelditu ziren Joanes Illarregi, Xabier Silveira, Xabat Illarregi, Josu Sanjurjo eta Eneko Fernandez. Hala, Alkaizarekin batera, Lazkoz, Soto eta Joanes Illarregi izan dira datorren urtean ospatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako pasea eskuratu duten lau bertsolariak.

BERTSOAREN BESTA, eguraldiaren traben gainetik

15.30ean Anaitasunako ateak ireki ziren unetik hasi ziren zaleak aretoa betetzen, gutxinaka baina etengabe. Ohiko moduan, bertsolari bakoitzaren aldeko pankartak zintzilikatu zituzten jarraitzaile sutsuenek: “Dena irabazteko, ez gaude txikikeriatarako, aupa Saio!”, “Gu, gu, gu, zurekin Josu”, “Gure, txapeldunak, Joanes eta Xabat”... Publikoan, haur, gazte eta heldu, bertsolari eta euskal kulturaren inguruko aurpegi ezagunen bate ere ikusi ahal izan zen. Bertsoaren plaza Nafarroan osasun-tsu dagoela argi gelditu zen atzokoan, beste behin.

Bostak pasata igo ziren zortzi finalistak oholtza gainera. Hasierako agurrekin bakoitzak bere aldarte eta gogoa erakutsi zuten. Nabarmena izan zen bertsolari gazteenei publikoak eman nahi izan zion babesa, txalo zaparrada ederra eskaini baitzien bai Josu Sanjurjori, bai Illarregi anaiei, baita Alkaizari ere.

17.30ak aldean abiatu zen saio puntuagarria. Finalistek bertso-gogoz heldu zirela erakutsi zuten, Nafarroako hezkuntza, lodifobia, pobrezia eta indarkeria matxista gaitzaT izan zuen zortziko handiko lehenengo ariketan. Bertso-ale ederrak utzi zituzten zor-tzi finalistek hasieratik, elkarrizketa biziak osatuz eta bertsoak ongi betez.

Zortziko txikian egindako ariketek zirika eta barrerako tartea eman zuten, ohikoa den moduan. Dudarik gabe, Alkaizaren eta Fernandezen arteko bertsoaldiak izan zuen publikoaren harrera hoberena. Autobusean bozgorailuarekin musika jarri eta albokoa izorratzen duen gaztearen ahotsetik hitz egin zuen Alkaizak, Fernandezek “botelloien garaiak ez al zaitu ase?” bukatu zuen bertsoari erantzunez: “Bueno cubalibre bat / ez neukake etsai / ta kanta hau gaur zuri / egoteko lasai /Joseba Tapia orain / modernoa da ai / eta berak ahal badu / igual zuk ere bai.

Hamarreko txikian ere bertso borobilak bota zituen iruindarrak, Joanes Illarregirekin batera osatu zuen ariketan. Kasu honetan, etxetik kanpo bizitzera joan diren seme-alabak faltan botatzen dituen aitari hitz egiten dion amaren ahotsetik hitz egin zuen: “Ez duzu galdu / utzi pena atakea / ta adore bihurtu / zure antsietatea / eskatu etortzeko / ta ez jo atea / zaurgarri izan zaitez / behingoan maitea / faltan botatzea ez / da ahul izatea”.

BURUZ-BURUKOA

20.20ak aldean iragarri zuen gai-jartzaile lanetan aritu zen Alaitz Rekondo Bertsozale Elkarteko lehendakariak buruz-burukoa jokatuko zuten bertsolarien izenak. Saio osoa orekatua izandakoa zen ordura arte, eta dudak airean zeuden, nahiz eta nabarmena zen ordurako Alkaizaren lana bikaina izaten ari zela: “Saioa Alkaiza eta Eneko Lazkoz”. Zaleen txalo-eztanda izugarria izan zen iruindarraren izena en-tzun zenean, eta harridura ere nabarmena izan zen Soto txapela eskura-tzeko aukeratik kanpo gelditu zela ohartzerako. Bi finalistak fin aritu ziren elkarrekin abesten, nahiz bereziki nabarmen-tzekoak izan ziren kartzelako lanak.

Txapeldunak langile-auzoei, euskarari eta bazterreko mugimendu feministei eskaini nahi izan zien bere azken bertsoa.