IAZKOAN gertatu zen bezala, aurten ere ezohikoa izango da Durangoko Azoka. Azken egunotan pairatzen ari aren osasun egoerak baldintzatuta -koronabisura goraka doa-, hala ere antolatzaileek azoka presentzialki mantentzearen aldako apostua egin dute. Beraz, ohiko erakuslehioak eta kultur ekintzak izango dira, nahiz eta hauetaz gozatu ahal izateko aldez aurretiko txanda hartu beharko da. Durangoko Azokaren bihotz den Landako gunera sartzeko "ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, erreserba sistema baten bidez. 1200 bisitari sartuko dira Landako gunean aldi berean, ordu eta erdiko txandetan". Bestetik, arrakastatsu izaten den Ahotsenean ere formula berbera izngo da. Euskal bandek eskainiko dituzten kontzertuetara sartu nahi dutenek "derrigorrezko" izango dute aldez aurretik izena ematea. "Jarduera guztietan ezinbestekoa izango da musukoa erabiltzea eta osasun-arau guztiak errespetatzea".

Presentzialki eta egitarauaren zati bat online eginez, "Durangoko Azoka Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokituko da. Bisitari eta kulturzale guztien segurtasuna bermatzea izango da Azokaren lehentasun nagusia, eta, horretarako, osasun-neurriak indartuko dituzte 56. edizioari begira". Hala zehaztu dute, eta hala egingo da. Landakorako sarbideari dagokionez, "ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, Azokako webgunean sortuko den erreserba sistema baten bidez. Horrela, Landako Gunean 1.200 bisitari egon ahalko dira aldi berean erakusmahaiak bisitatzen, ordu eta erdiko tartean, bisita segurua eta erosoa izateko. Tarte hori amaitzerakoan, hustu egingo da Landakogunea hurrengo txandakoei lekua egiteko. Egunero, beraz, bost txanda egongo dira Landako Gunera sartzeko, 10:00etatik 20:00ak arte. Eta erreserba beharko da sar-tzeko". Plateruenan ere "erreserba-sistema jarriko da martxan Ahotseneako kontzertuetara joan ahal izateko. Abenduaren 4tik 8ra arte 50 kontzertu antolatu ditu Azokak Plateruenako eszenatokian". Eta jakinarazitakoaren arabera "Plateruenan ez da ostalariatza zerbitzurik egongo eta ezin izango da inolako edari edo jatekorik kontsumitu, ezta Landako Gunean ere, eta Landako Gunean bezalaxe, derrigorrezkoa izango da maskararen erabilera uneoro".

Osasun-neurriak indartuko dituzte antolatzaileek, "bisitari eta herritar guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko asmoz". Durangora gerturatuko diren bisitari guztiei ere arduraz jokatzeko deia egin diete: "Euskal kulturaren plaza bizirik mantentzeko ezinbestekoa da denon babesa eta konpromisoa. Konpromiso horren baitan ere, osasun-neurriak zorroztasunez betetzea eskatu nahi dizuegu. Arduraz jokatu behar dugu, kulturaz gozatzen jarraitu behar dugu segurtasunez eta erantzukizunez. Iaz Azokako taupada bizirik mantentzea lortu genuen; aurten ere Azoka izatea nahi badugu, ezinbestekoa da denok arduraz jokatzea eta osasun-neurri guztiak betetzea. Eta txanda-sistema honek ematen duen segurtasuna bermatuz, kulturzaleak animatu nahi ditugu Landakon sartzeko hitzorduak hartzera".

Durangoko Azokaren gunetan baina baita hauetatik kanpo osasun-neurriak mantentzea da gakoa. "Arduraz jokatzera eta osasun neurri guztiak errespetatzera" deitu dituzte tor litezkeen milaka bisitariak, bereziki aisialdirako guneetan: "Durangoko Azokak herri guztia barnebiltzen du, eta Durangoko kaleetan ere nahitaezkoa da segurtasun neurriak betetzea, guztion hobebeharrez".

Jakina denez, Azoka abenduaren 4tik 8ra antolatuko da. Landako Gunean 220 erakusmahai egongo dira, eta hainbat kultur ekitaldi antolatuko dira Durangon. Musukoaren erabilera, pertsonen arteko distantzia mantentzea eta abar "ezinbestekoak" izango dira. Horrez gain, "abenduaren 3tik 7ra, online denda martxan jarriko da www.durangokoazoka.eus webgunean, eta Azokako hainbat ekitaldi streaming bidez jarraitu ahalko dira zuzenean".

Osasun-neurriak

  • "Ezinbesteko". Durangoko Udalak eta Gerediaga elkarteak erantzukizunez eta arduraz jokatzeko deia egin diete kulturzale guztiei, "bai Azokaren gune ezberdinetan eta baita Durango osoan ere. Osasun-neurriak zorroztasunez betearaziko direla nabarmendu dute. Kulturaren alde egitea eta osasun neurriak betetzea gauza bera dira", gaineratu dutenez.
  • Txandaka. Bai Landako Gunera zein Plateruenara sartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, Azokako webgunean sortuko den erreserba sistema baten bidez. "Landako Gunean 1.200 bisitari egon ahalko dira aldi berean erakusmahaiak bisitatzen, ordu eta erdiko tartean, bisita segurua eta erosoa izateko". Bestetik, egunero bost txanda egongo dira, 10:00etatik 20:00ak arte. Eta gogoratu dutenez, "erreserba beharko da sartzeko".