EROSKIk eta Gerediaga Elkarteak hitzarmena sinatu dute elkarrekin bultzatzeko euskal kultura eta euskara aurtengo Durangoko Azokaren barruan. Azoka urtero antolatzen du elkarteak Durangaldeko hiriburuan, Landako pabiloian.

25 urtean baino gehiagoan lankidetza sendotuz joan ondoren, hitzarmen berriarekin beste bost urtez konprometitzen dira bi erakundeak euskal kultura sustatu eta garatzeko lanean aritzera. Eroskik Abadiñon duen hipermerkatuan izenpetu dute Nerea Mujikak (Gerediaga elkarteko presidenteak) eta Mikel Larreak (Eroskiren komunikazio eta harreman korporatiboetarako zuzendariak).

Urtero legez, Eroskik mahai bat ipiniko du Durangoko Azokan, eta bertatik bertara ospatuko du 56. azoka, abenduaren 4tik 8ra, baDA! lelopean. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako hipermerkatuak euskarazko liburuen salmenta indartuko dute Azokako astean.

"Harro gaude Azokaren parte izateaz eta 25 urte honetan elkarrekin euskal kultur sorkuntza sustatzen jardun izanaz, gure hizkuntza den euskara garatzeko tresna eraginkorra baita. Eroskik, 1969an sortu zenetik, bere hizkuntzatzat hartu du euskara, eta hura normalizatzearen alde jardun gara zenbait ekimenen bitartez, bai langileen artean eta bai bezero zein hornitzaileekin dugun harremanean", esan du Eroskiren komunikazio eta harreman korporatiboetarako zuzendariak, Mikel Larreak.

Gerediagako presidente Nerea Mujikak eskerrak eman ditu Eroskiri, eskainitako babesagatik, eta nabarmendu du kooperatiba konprometitua dagoela azokaren etorkizunarekin: "Ezjakintasun handiko garaian gaude, eta oraindik zenbait erronka dugu egiteko. Zinez garrantzitsua da Azokarako Eroskiren babesa jasotzea, bai azokak eta bai euskal kulturak aurrera jarrai dezaten denbora berrietara egokituz".

Euskararen aldeko konpromisoa Eroskik konpromiso sendoa eta jarraitua izan du euskararen zabalpenean. Kooperatiba fundatu zeneko aktan, euskararen koofizialtasuna jasotzen da, eta hala bultzatu dute bai langileek eta bai kontsumitzaileek arlo guztietan. Eroskik zenbait ekimen eta proiektu lantzen ditu, hala nola Euskara Plana, ingurune elebidunak lortu eta euskararen erabilera erakunde barnean handitzeko. Eroski aitzindaria izan zen bere markako produktuei euskarazko etiketa jartzen, eta banaketa arloko enpresetan hori egiten duen bakarra da gaur egun ere. l