Bidebarrietako Liburutegiako Areto nagusiak hartuko du Pierre Dardot eta Christian Laval-en “Dominar. Estudio sobre la soberanía del estado de Occidente” liburu berria. Zehazki, aurkezpena datorren asteartean izango da, 19:00etatik aurrera, eta bi hizkuntzatan egingo dute: frantsesez eta gaztelaniaz.

Egileak bertan izango dira. Pierre Dardot filosofoak eta Christian Laval soziologoak mendebaldeko demokrazia liberalen oinarriak aletu eta azaleratuko dituzte. Kasu honetan, subiranotasunaren kontzeptua da beren hausnarketaren ardatza; zehazkiago, Estatuaren subiranotasuna.

Christian Laval soziologiako irakaslea da Parisko X Nanterre Unibertsitatean, eta programaren zuzendaria da Collège International de Philosophie-n. Bentham zentroko kidea eta Fédération Syndicale Unitaire Institutuko ikertzaile elkartua ere bada. Jeremy Bentham-en filosofia utilitaristan espezializatuta dago eta horri buruzko hainbat lan argitaratu ditu; esate baterako, "La escuela no es una empresa" (2004). Inspirazio neoliberaleko hezkuntza-politiken azterketan ere aditua da. Gaur egun, Revue du MAUSS eta Cités et La Pensée aldizkarietan parte hartzen du. Egin berri dituen lanen artean, hauek nabarmentzen dira: “L'Homme économique”, “Essai sur les racines du néolibéralisme” (2007), “La nouvelle école capitaliste” (2011) eta “Marx au combat” (2012).

Pierre Dardot irakaslea eta filosofoa da, Marx eta Hegelen lanetan espezializatua. Christian Lavalarekin batera, 2004an Question Marx taldea sortu zuen. Egile horrekin elkarlanean, Marxi eta haren obrari buruzko zenbait liburu argitaratu ditu, hala nola “Sauver Marx?”. (2007) eta “Marx, Prénom: Karl” (2012). Lan horiekin ezkerreko taldeen interesa piztu dute hainbat herrialdetan.

Elkarrekin argitaratu dituzte, besteak beste, "La nueva razón del mundo", "Común","La pesadilla que no acaba nunca" eta"La sombra de Octubre". Biek parte hartu zuten Neoliberalismoari eta Alternatibei buruzko Azterketa Taldearen sorreran 2018an eta, horren ondorioz, liburu kolektibo hau argitaratu zen: “Le choix de la guerre civile, Une autre histoire du néolibéralisme” (Lux, 2021).

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA da, Bidebarrietako Liburutegiaren barruan, kulturari eskainitako gunea. Helburuen artean du kultura, literatura eta zientzia garatzea eta sustatzea.

Ekitaldirako sarrera doakoa eta librea izango da, aretoa bete arte. Bertara joan ezin dutenek aurkezpena streaming bidez jarraitu ahalko dute, www.kulturguneatb.eus webgunean.

Euskadin COVID-19ak eragindako osasun-larrialdi egoera amaitu bada ere, prebentzio-neurri batzuek indarrean jarraitzen dute eta, horien arabera, Bidebarrieta Kulturguneko ekitaldietan edukiera aretoaren % 100 da, baina maskara janztea nahitaezkoa da, oraindik ere.