Astearte honetatik, urriak 19, eta datorren urteko ekainaren 26ra bitartean, 140 argazkiz osatutako Fede Merino argazkilariaren 'Kresala. Bermeo 1974-1976' erakusketa egongo da ikusgai Bermeoko Arrantzaleen Museoan.

Egileak 1974 eta 1976 urteen artean Bermeoko portuan hartu zituen 140 argazki baino gehiago digitalizatzea lortu du. Horrela gaur egun erabat eraldatu diren bizimodu bat, paisaia, jende eta eszenatoki batzuk hilezkortzen ditu.

DIGITALIZAZIOA ETA ZAINTZA

Fede Merinoren kezka nagusia bere funtsak galtzea edo hondatzea zen, horrela gure herriaren historiaren zati grafikoa desagertuz. Hori saihesteko denbora luzez Fedek eta bere seme Karlosek 70eko hamarkadaren erdialdean lortutako argazki-materiala irudi digital bihurtu dute, irudien kalitatea hobetuz.

Funts digitalizatu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren artxiboetan gordeko da hemendik aurrera, gure lurralde historikoaren ondare immaterial gisa.

ARGAZKILARIA

Fede Merinok (Getxo, 1943) 50 urte baino gehiago egin ditu argazkigintzan eta gizakia ezagutzera bideratu du bere lana, ikerketa-argazkigintzan eta etnografian espezializatuz. 16 urte baino gehiagoz Bilboko Euskalduna Jauregiko eta Arriaga Antzokiko argazkilari ofiziala izan zen. Bere lanen artean Bilboko hainbat eraikin enblematikoren eraikuntzaren jarraipena nabarmentzen da, adibidez Guggenheim Bilbao Museoa edo "Altos Hornos de Vizcaya y la Industria" argitalpena.

ERAKUSKETA

Urriaren 19tik aurrera 30 irudi ikusi ahal izango dira Bermeoko Ertzilla Dorrearen edo Arrantzaleen Museoaren azken solairuan. Argazkiek azalpen-kartel bat dute, eta bertan argazkilariak eskuz idatzi ditu ikus daitezkeenen argazkien xehetasunak, izenak eta datuak.

Azarotik aurrera erakusketa zabaldu egingo da, Ertzilla dorreko hormetatik atera eta arrantza-herriko hainbat saltokitako erakusleihoetan irekiz. Horrela, bermeotarrak partaide egin nahi dira, euren egunerokotasunean agian helduek oroitzapenen artean gordetzen dituzten eszenak aurkeztuz.

KATALOGOA

Erakusketarekin batera argazkilariak funtsa osatzen duten ia irudi guztiak biltzen dituen katalogo bat diseinatu eta maketatu du. Gainera, argazkiak aberasten eta testuinguruan kokatzen dituzten hainbat testuk osatzen dute. Adibide gisa Bermeoko biztanleen artean oraintsu erretiratu arte Arrantzaleen Museoko zuzendaria izan den Aingeru Astuik idatzitako «ezizenei» buruzko hausnarketa interesgarria, edo Aritz Abaroak, Bermeoko egungo alkateak, bermeotar gisa kostaldeko udalerri honetako belaunaldien eta bizimoduaren aldaketaz idazten dituen lerroak, edo Julio Caro Barojak Fede Merino argazkilariari lan honen ondorioz eskainitako hitzak.

Katalogoa Arrantzaleen Museoaren dendan bakarrik egongo da salgai.

JARDUERAK

Erakusketaren irekiera Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien ospakizunarekin batera egingo da, aurten ondare irisgarri eta inklusiboan oinarrituko direnak. Datak bat etortze hori ez da kasualitatea; izan ere, erakusketak belaunaldien arteko ekintza batzuk garatzeko bidea eman du. Belaunaldien arteko topaketak, urriaren 21ean eta 28an, 18:00tan izango dira eta "Eizu erretratue" izeneko argazki-lehiaketa gazteentzat urriaren 5etik 31ra (Instagram) izango da. Informazio gehiago eta erreserbak 946881171 edo arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus.